XXIX.
Senti ezazu,
eta ez, ez saia entenditzen.
Arrotza polit dela diotsut
baduela basoan ardo basa gorririk
solastatzen dakiela isil
atzera kontu zirraragarriak
hitz aproposen ttuaz bustitzen.
Ene, xarmanta behar du
azken hitzik gabeko isiltasunak
nondik eta lo egin ezin den
gau batetik datorrena.
Bai, ederra zara, arrotz
ederrak dituzu gau begiak
ahotsa lapurtzen ez didazun horietan
Senti ezazu
eta ez, ez saia entenditzen
behin xoria sartu zitzaidan
sukaldeko leihotik
—eroa bera,
haize hegoak ditu—
Zabaldu nion leihoa
gehixeago,
atera zedin.
Holaxe joan zen bizibiluzi
hasiberriaren gogoaz
holaxe nabil hartatik
orain bizirik ezin biluztu
orain biluzik leihotik hegan
Senti ezazu,
eta ez, ez saia entenditzen
Atx! Arantza sartu zait
behatz puntan.
Begira, luzeagoa dut orain,
behatz luzeek ba al dakite
goxo ukitzen?
Harrapatzen bai,
biltzen kaiola moduan.
Ikus itzazu zureak gatz uretan.
Behatz xuriak ez dira kaiolak
hartzen dute, eta utzi,
eta hartzen utzi
edo ahora eraman ederra dastatzeko
arantza ateratzeko
Bila zaitut
nola ez maita entendimendutik at
sentitzen zaitudan Urepele
harrapatzean baino bila zaitudanean