X.
Ez naiz logale
baina ttiki ditut begiak
zehaztasun ttikiei beha
berzari beha
esnearen mugimenduari
Bira bakoitzak duen
zentzuaz ari natzaizu,
hurrengoa aitzinekoaren
segida dela
baina nortasun desberdinez
Tradizioen jarraipenez
mintzo naiz ene baitan,
uste dut bira bakoitzarekin
zerikusia duela.
Itzuli egiten da bira bakoitzean,
bizimolde bat itzulikatuz
Ulertu behar nauenak
ulertzen nau?
ez gaituela egin beharrak
beharrezko egiten.
Alabaren margoei begira
dakit hori
Ez naiz logale
baina ttiki ditut begiak
gatz uraren birari so:
xuriagoa da munduarena baino.
Eta sartu dituzu behatzak
zemorenan
Esku xuriak, esku maskarak dio
xarmant laztandua
xarmant doala ahora,
xarmantasunean abiatutakoa
denborak gogortuko duela gerora, bai,
baina bihozbera galdu gabe
Behatz xuria beratza da
eta bihotza du.
Laztantzen daki amatxik bezala.
Itzultzen naiz bira bakoitzean
bizi molde bat itzulikatuz
Arren, ipin iezadazu ahoan
zure mundu xarmant hori
zure mundu xuri hori
begiak ttiki izan arren
ahoa behar hainbat ireki dezaket
lo ditudan garaietarantz