Behe-lainoak
Behe-lainoak
Iban Garro

UREPELE
 

 

XVIII.

 

 

Harramazka murruan goiti,

hemendik al da?

Ez dago bertze biderik.

Norena da estalki hori?

 

Biltzen gaituena mihisea da

zetazkoa

mihia darabilkiogu laztan

ez baita manera dotoreagorik

hitz bustiak abiatzeko

 

( Nirea zara, nirea zara ) dio berorrek

lehen pertsonaren indarrean

desitxuraz itsu

handinahiak mozkortua

hitzek begiak irekiko balituzte

aho bidean

gaiztuak maiztuak lodituak

 

Nork libratu ote ditu

baimenik gabe azalak ziztatzen?

 

Ai ene, euskaldun gaixoak

airezkoak, hitzaren morroi

nondik den ezin asmatu.

Baina lasai, polita,

ederrenak ere badu garai bat

bakarra

sasiak minberatu arterainokoa

 

Azkenerako sasiak harrapatzen baitu

eder oro, ero oro.

Zenbat eta zenbat eta zenbat azal-zauritu.

Baina, ez al da ederragoa

azala zauritua zuritua baino?

 

Orbainaren adio erran ezinean

zeharkatzen gaituen garratzak

badakizu,

berotik duela erotik hainbertze.

 

Zenbat eta zenbat eta zenbat eder

murruan goiti teilaturantz.

Murruan harriak gara,

harriak harria dakar

gogorrak gogorra

baina bihotza daramagu taupaka

 

 

denbora gorrien egarri