Behe-lainoak
Behe-lainoak
Iban Garro

UREPELE
 

 

Teilatuan

 

[...]

—        Folklorismoak ere estaltzen duenaren forma du. Horregatik gira teilatian, ezta? Ez girelako haienak.

—        Kosta egin zaigu honaino ailegatzea. Kosta egin zaigu murrua gainditzea. Izerdia bota dugu. Izerditzea biluzteko modu bat da, lainoak uxatzekoa.

—        Begirada garbitzekoa.

—        Agertzekoa. Izattekoa.

—        Xoria hemen zen gu jitean. Xoria ez da gelditzen bainan ez du izerditzen. Pisu gutti darama soinean, pisu gutti airean. Biluzik bizi da. Bizibiluzia da. Eta eroa.

—        Pisu gehiago gauzek lurrean, izerdia kopetan eta zapia sakelean behar da belarra mozteko. Soroak egitteko.

—        Karga eta sobera arropa soinean lurtarrok. Arropak ere estaltzen duenaren forma du behe-lainoak bezala. Eroak denok ere.

—        Zoriontsuago bizi dire soketan, pintzetatik zintzilik, haizeak astinduak, hegaka harat-honat.

—        Hedatuak izerditzeko. Harrotuak pisua kentzeko. Arropak ere biluzten dira. Biluztearen beharra dute. Ez, ez gira hain desberdinak.

—        Begira murruari. Aisa da mundua marratzea. Bakotxak norberaren arrazoiak. Altuera honetatik arrazoiak txoriaren hegadarekin zerikusi haundiagoa ote duen harriaren gogorrarekin baino.

—        Tradizio pisuak. Harriak harria. Arrak arrazoina. Betikoak betirako. Eta bakotxak bere beldurrak. Murru batzuk ikus ezinak ditugu.

—        Garai arraroak bizi dittugu. Ahoak ere tapatuak muxukoekin.

—        Muxukoa. Hitz polita da.

—        Hitz politez isildu ohi dizkigute ahoak. Ahotsak.

—        Garai eroak bizi ditugu, bai, bainan eroak gira gu ere. Proiektu eroak ditugulako gira teilatian, eta ez girelako haienak.

—        Eta begirada gorri. Horrek salbatuko gattu.

[...]