Teilatuan
— Goikoak eta behettikoak. Ikusi izarrak; argia mila puska egitten delarikan da gaua. Azpian, behe lainoak Imilitz uraren harana hartua, bertze behin.
— Badaki untsa zertan ari den: hartzen, estaltzen, estalirikoaren forma hartzen.
— Itxeek ere estaltzen dutenaren forma: bordak, jauregiak, elizak…
— Kabalak, jauntxoak, jinkoak. Bainan gu ez gitu behe lanoak kukutuko, ezta?
— Orain behintzat, ez. Orain bi katu gara, elizaren teilatuan, bekatu egitten.
— Bi gatu begi gorri, puntaren puntan, bekatu egiten. Zerbait finitzen da teilatian. Eta zerbait hasi. Muga bat gainditu bezala. Edo ez?
— Izarrakeri begira normala da zalantza. Argitasuna zatittua, mila puskatan. Izarrak ikusteko behe-lainotik ateri behar.
— Aditu ezkil hotsak dilin-dalan, dilin-dalan. Azantzak ahotsa estaltzen du behe lainoak ibarra bezala.
— Ahots isilduak… ez da batere txarra galderak egittea.
— Ez, eta izarrer begira normala da zalantza. Guzia eta deus ez.
— Haur ginela, teilatura goitzen ginen maiz, izerdi tantak dilindan, izarrak behatzekin harrautzera.
— Izarrak ginituen desio, bainan desiratzearekin konforme ginen. Erhia altxatzearekin. Behatzearekin.
— Ttikitan, deus da guzia. Haunditan, guzia, deus ez. Bertsotan eta musean ere ttikiak eta haundiak.
— Eta ezpatak eta urreak.
— Itxe barren guzitan bezala, behe lainoak eta behe lainoak. Eta gu azpian, tapatuak. Gu, eta gure beldurrak.
— Folklorismoak ere estaltzen duenaren forma du. Horregatik gira teilatian, ezta? Ez girelako haienak.
[...]