VIII.
Bi katu gara teilatuan
izarren argiari oraintxe pasatuko
balitz bezala begira.
Haizeari putz egitea miragarria da
talaia horretatik
konstelazioak kulunkatzeraino
sehaska beltz amaigabean
Urteak dira abiatu zirela
bai, eta zer,
arnasarekin ere mugitu badaitezke?
Platerkada bat esne edo
izarren salda,
iraganari katu begiez begiratzea
bezalakoa.
Ez handirik, ez ttikirik, ez urrerik,
ez ezpatarik.
Katebegirik ere ez.
Eta kontent, deusek ez duelako
inporta talaia horretatik.
Hori beti.
Proba ezazu zuk ere
gauak galtzen zaituen horietan
kendu pausoari hotsa
kendu bizitzari pisua
azazkalak atera.
Teilatuan aurkituko duzu laster
zure burua.
Izarrak ilunera begiratzen
baldin badaki
zer inporta du argia hainbat urte
lehenago abiatu izana?
Konplize zaitut honaino iritsi zarenez.
Bi katu gara teilatuan
egiazko pausalekuan
haizea etorri bezala doan espaziontzian