Behe-lainoak
Behe-lainoak
Iban Garro

UREPELE
 

 

XXVII.

 

 

Barnera noa

zure begi urdinean

argazki zaharretarantz

harrizko bideak

zeuden garaietara

 

“Xokolateria” dio kartel

burdin herdoilak edertuak.

Bide ertzean kantari denak

xoria dela dirudi

 

Melodia bat bide izkinan,

pertsonak baino

bizitako istorioak gara,

baldintza bakarra inork

kontatuak izatea

 

Xoriak hala egiten du egunero

bide ertzetik, bertzeak bide.

 

“behar dugun lekian gira, ez dut dudarik”

 

Ireki diot esku ahurra

ogi papurrak eskaintzeko.

Hitz apurrak mende oso bat

garraia dezake,

izerdiak ibilitakoa hainbertze,

eta non gaude gu inon ez bada

istorio ederrak kontatu ezean

 

Horretan ari zara

jarrai ezazu

zoaz, zatoz begi urdin

koloreak koloreago dira

argazki zaharretan.

Ez naiz itzuliko berdin

 

Pertsonak pertsonago dira

entzunak direnean.

Ondoan jarrita adi nauzu

mendekurik gabe naramazun

kontra-erranean.

 

Murruan

gogorrak gogorra dakar.

Holaxe nentorren

zure etxeko atea

zabaldu didazunean

 

Zure hitzetan artilea duzu

artilea nauzu, udaberritua.

Banoa zure begi urdinean barrena

argazki zaharretara

 

Olerkia dario zure hatsari

badakizu,

olerkiaren oinazeak

haizetik gehiago du oinetik baino

 

Begira xoriaren hegada eroa

badakit geroaz ari zatzaizkidala.

Holaxe noa hegan zure hitzetan

holaxe naramazu

inoiz inork bizitutako ederrak

ahalbideratu didan esperantzarantz

 

 

Badakizu,

xokolateak, beroan urtzean, istorio goxoak ditu kontatzeko… kantatzeko

 

 

eta ez naiz itzuliko berdin