Behe-lainoak
Behe-lainoak
Iban Garro

UREPELE
 

 

XIII.

 

 

Kintoan pago bazara

zaude, zaude

haizeak eramanak

zure sustraiak balitu.

Gelditu behar al da

sentituz laztantzeko?

Gelditu, laztandua sentitzeko

 

Kintoan pago bazara

zaude, zaude

azalean duzu nire eskua

gogorretik bigunera

doan horrek.

Zaila zait non hasten zaren

non akabatzen zaizun

asmatzea,

hosto bakoitzera zure zer doan,

zein adarrek kontu dezakeen

gaizki egitearen sentsazio hau

 

Kintoan pago bazara

zaude, zaude

zenbat urte izanen ditut

beharrezko

—gerri bueltan zenbat aro—

sostengatzen nauena sentitzeko?