Behe-lainoak
Behe-lainoak
Iban Garro

UREPELE
 

 

XXVIII.

 

 

Eta bat-batean zu eta bat-batean ni

eta zapia lurrean

“hemen gure zazpi eroria”

isiltasunak usaina du Kintoan

lur umelarena, lur umilarena

ez du adinik denboran

“zer garraiatzen duen jakin nahi nuke”

Inoiz inon inori lapurtuak

garrantzia dute une batean bakarrik.

Naturak beti aitzinera darraio

ezin diogu segitu, nekeak hiltzen gaitu

eta lapurtuak horixe dira azkenerako:

inoiz inon inori.

“Egun guziz ur desberdin bat

desio dauzut:

izerdia, malkoa, ihintza,

gazia, gozoa, gorria, eguna segun

Kintoan pagoen hostoak

honetaz eta hartaz ari dira,

Imilitz Ahadin beherantz…

hau al da urak daraman “egia”?

Ez garela inorenak

badoala, ez garela atzoegi

badoala, guzia badoala

zapela makila kondaira

badoala betikoa betirakoa

eta gu berekin.

Urak eramaten du dena

eta horregatik daude

erreka azpiko harriak hain garbi

hain gorri

hain harrigarri