Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

20

 

Seiak bost gutxi ziren iratzarri zenean, eta hala ere logura guztiz galdua zeukala iruditu zitzaion Maitaneri, nahiz eta bost ordu eskas lo egin izango zituen, gehienera jota. Ilun zen, artean, kanpoaldean, baina ez zitzaion asko falta egunari argitzeko. Leihoen egurrezko ateak ireki eta ekialdetik poliki etorriko ziren lehen izpiei itxarotea baino plan hoberik ez zitzaion bururatu.

        Ohean etzan zen, komunetik pasatu eta gero. Primeran ikusten zuen handik zerua, beltzetik urdinerako bidean jarria ordurako. Aurki zen egunsenti. Loak hartu zuen ustekabean, eta esnatu zenerako, goizeko hamarrak ziren.

        Kafe bat behar zuen. Estudioa apur bat txukundu, kuxin eta tramankulu denak bere tokian jarri, eta erratza pasa zuen, italiarra ziztuka sentitu arte. Bukatua zen bere egonaldia, akabo oporrak, amaitua arnasaldia. Eta orain zer? Etxera bueltatu eta kito? Etxera bueltatu eta kito.

        Kafe-makina garbitu ostean hasi zen bere puskak kotxean sartzen. Bazeukan haurrak ikusteko gogoa, nola ez!, baita senarra ere, eta hamabost egun haiekin aski kargatua zuen bateria, egun betiberdinen segida puska batean aguantatzeko. Hori al zen, ordea, egin behar zuena? Aguantatu? Ez zen horrenbesterako, eta bazekien.

        Baratzean ari zen Agus jo eta ke, ordaintzera gerturatu zenean.

        —Elena! —egin zion garrasi emazteari, eta baserri barrutik irten zen hura, katakume bel-beltza eskuetan zekarrela.

        —Ba al zoaz? —galdetu zion Maitaneri.

        —Beharko. Agortu zait denbora.

        —Ondo egon zara, ezta?

        —Oso ondo. Bueltatu eta guzti egingo naiz igual besteren batean.

        —Badakizu non gauden…

        —Eta hau? —galdetu zion, katakumearen burua laztanduz—. Onik atera da orduan?

        —Ikusten duzu… Seguru ez duzula etxera eraman nahi?

        Muxu eman zion Maitanek buruan katakumeari.

        —Seguru —erantzun zion, gero.

        Irribarre egin zuen Elenak, eta baserri barruan sartzen hasi zen.

        —Oraintxe ekarriko dizut faktura.

        Atzera begiratu gabe irten zen Lukianotik, ez zuen paraje eder haiei begira alferrikako nostalgietan erori nahi: Aperregiko bidea eskuinean utzi, Bitoriano igaro, eta Murgian zen ordu laurdenean, herria erdirik erdi igarotzen zuen errepidean, semaforoan geratuta. Mugikorra atera zuen. Ez deirik, ez mezurik. Ordulariari begiratu zion: eguerdiko hamabiak eta laurden. Udaletxeko plazako ume-parkean egon zitekeen Pika, lasai asko, haurrekin jolasean; edo kafetegiko terrazan, beharbada, bermuta hartzen emaztearekin. Martxa moteldu zuen paretik igaro zenean. Ez zebilen jende gehiegi, igande eguerdia izanagatik, eguzkitsu egonagatik. Baziren umeak parkean jolasten, baziren bikote pare bat terrazan jesarrita ere, emakume helduen hirukote bat solasean, agure bat egunkaria irakurtzen…

        San Miguel eliza igaro, zahar-etxea atzean utzi eta Gasteizerako autobidea hartu zuen.

        Ordu eta erdian Donostian izango zen.