6
Gautzen hasia zuen Gillernara iritsi zenerako. Musukoa jantzi eta kotxetik atera zen. Eliz atarian zegoen Roberto, hitz eginda bezala. Ilea guztiz urdindua, bi egunetako bizar zaindua (bailara hartan ez zuen inork musukorik eramaten, antza), ongi zahartua zen gizona. Ezagutu zuenean zeukan imana izaten segitzen zuen.
—Alua! Berdin-berdin zaude-eta! —esan zion Robertok, besarkada handi batean bildu aurretik.
—Bai zera!
—Kendu hori! —agindu zion—, hemen denak immunizatuta gaude.
Eta eskuetatik heldu zion Maitaneri, goitik beherako errepasoa eman bitartean.
—Egunero egiten al duzu txortan, ala? Hezurretan zaude!
—Kontatuko banizu… Eta Gorka?
—Afaria prestatzen utzi dut. Egin dezala lan pixka bat, ezta?
—Zuk daukazu zortea, zuk! Sukaldari ona izango da, gainera.
—Jatea gehiago gustatzen zaio —esan zion begi-keinu bat eginez.
Algara bat itzuri zitzaion Maitaneri. Sorbaldatik heldu zion Robertok.
—Zenbat urte? Hamar?
—Edo gehiago! Donostian topo egin genuen hartatik…
—Aquarium parean! Egia!
—Hamabi izango dira…
—Eneeee…
Musu eman zion masailean.
—Kontatuko didazu zer arraio egiten duzun hemen, ezta? Abisatu gabe, gainera?! Ipurdiko galanta merezi duzu…
Maitanek ahoa ireki orduko eten zion lagunak:
—Orain ez, orain ez! Saltsa pixka bat eman beharko diogu Gorkari ere. Ez zaizu inporta, ezta? —urrunera begira jarri zen—. Hau bista, e! Bailara osoa ikusiko genuke, zuhaitz horiengatik ez balitz. Begira, gora igoko gara. Zer iruditzen? Ez duzu presarik, ezta? Gosea egingo dugu, horrela.
Sorbaldatik heldu eta maldan gora abiatu ziren, baserri dotoreen artetik zihoan errepidetik barna. Lukianoren tankerako herria zen Gillerna tamainaz, baina han are zainduagoak ikusten ziren baserri gehienak.
—Gu bezalako agrohippy dezente dago hemen, konturatuko zinen —aitortu zion Robertok—. Begira! Horixe da gure etxea.
Baserri zaharberritu dotore askoa zen, lorategi handia zeukana, eta ertz batean, baita baratze txiki bat ere. Garaje bihurtua zuten ukuilu izandakoa.
—Gero erakutsiko dizut —agindu zion Robertok, eta gorantz segitu zuten.
Maldan behera traktorean zetorren gizon ihar batekin egin zuten topo. Euren parean geratu zuen tramankulua.
—Tenéis invitada, ¿o qué?
—Eso parece.
—Bueno, bueno.
—Vamos arriba a contemplar el valle.
—¡Muy bien!
Robertok ez zuen bera aurkezteko lanik hartu. Traktorea maldan behera abiatutakoan kontatu zion xuxurla batean:
—ppko zinegotzia izan zen garai batean Isidoro. Ia ehun buruko artaldearekin ibiltzen zen Badaiako mendi magaletan, gora eta behera, eta berarengandik 20 bat metrora, bizkartzaina, pistola eta guzti. Garai latzak haiek, baita artzain izateko ere…
Goraino iritsi ziren. Eguzkia sartzear, zoragarria zen hango bista. Ametzaga, Murgia, Bitoriano, Lukiano…
—Ba al dakizu urtegi erraldoi bat egiteko proiektu bat egon zela 1950eko hamarkadan?
—Hemen?
—Lukianotik Bitorianora, urpean geratzen zen dena, Gillerna izan ezik.
Muino batean kokatua baitzegoen herria, inguruko herriak baino altuago.
—Eta zergatik ez zuten gauzatu?
—Filtrazioak, antza. Ihes egiten omen zuen urak. Eskerrak, ezta?
—Laku erraldoi bat zenuketen hemen aurrean, bestela.
—Eta sekulako hezetasuna!
—Orain urarekin dituzuen arazoak ez zenituzten izango.
—Informatuta zaude, e?
—Zer uste zenuen, ba?
—Nork kontatu dizu? Asko aldatzen da pelikula, segun eta nork kontatzen dizun.
—Batak eta besteak… Kazetari plantak egiten ibili naiz.
—Ez da egia izango.
—Oso dibertigarria da!
—Idazlea zarela esan behar zenuke. Kazetari bati inork ez dizkio egiak kontatzen.
—Eta idazle bati bai?
—Errazago. Nobeletan irtetea gustatu egiten zaio jendeari.
—Tira, jolas bat baino ez zen.
—Bertako kontuak ezagutzeko ez da sistema txarra. Mundu guztiak dauka idazle bati kontatzeko moduko zerbait… Istorio ederrak daude bailaran. Eta latzak ere bai… Pixka bat hazka egiten baduzu… Gorkari galdetuko diogu, seguru berak badakizkiela batzuk, kristo guztia ezagutzen du. Goazen, laster ez dugu pitorik ikusiko-eta.
Algaraka abiatu ziren maldan behera. Zaunkaka hasten zitzaizkien etxaldeetako zakurrak, aldamenetik igaro orduko. Aurki ziren euren baserri parean. Lorategia inguratzen zuen zuhaixkez osatutako itxiturak zeukan hutsunetik igaro ziren. Burdina forjatuzko arku bat zeukan pasabideak, non letra larriz irakur baitzitekeen euren baserriari paratu zioten izena: paradiso. Ez paraíso, ezta paradisu ere. Paradiso.
Baserriko tramankulu ongi zainduak (laia, sega, goldea, aizkora, sardea…) eta koadro abstraktu ederrak tartekatuta zeuden barnealdeko harrizko hormetan. Egongelara iritsi ziren: ikaragarria zen, nahiz eta zalantzazko estiloz uztartzen ziren chester sofa granate bat, tximiniaren gainean apaingarri gisa zegoen hauspo erraldoia, apokalipsi baten itxura zeukan koadro abstraktu koloretsu hura eta bikotearen metro karratu bateko argazki zuri-beltzekoa.
Sukaldean zegoen Gorka, amantal beltza jantzita, afaria prestatzen. Guztiz burusoildua, bizar sarri baina zaindua zeukan, beso sendoak eta begi oso iluneko begirada sarkorra. Jazz musika leuna entzuten zen. Kopa bat ardo zeukan entzimeran, Izadi botila bat zabalik aldamenean, eta hiru entsalada plater erdi prest: espinaka hostoak, cherry tomate erdibituak, paxak eta ekilore pipak. Aurkezpenak egin zituen Robertok. Irribarre egin zioten elkarri.
—Zu al zara Maitane famatua? Enchanté —esan zuen Gorkak. Zartagina zeukan esku batean eta bitsadera bestean. Ahuntz-gazta zatiak frijitzen ari zen—. Tira, eseri, eseri! Prest dago dena! Eraman ardoa, mesedez! Oraintxe noa.
Dotore apaindua zegoen mahai borobila. Lihozko mahai-zapi beixa, ahozapi marroiak, bina plater pertsonako bata bestearen gainean paratuta, urarentzat basoa, ardoarentzat kopa eta hiru adarreko argimutil urrekara bat erdigunean. Piztu egin zituen kandelak Robertok, eta sabaiko lanpara itzali. Foku txikiz argituta zeuden koadroak eta hormetako beste apaingarriak.
—Elegante, e! —esan zuen Maitanek.
—Oraindik ez al zarete eseri? —sartu zen salan Gorka entsaladekin—. Benga, eseri! Ardoa ere ez duzue-eta ekarri… A zer fundamentua!
Sukaldera bueltatu zen, Izadi botilarekin itzultzeko ziztuan. Eskuak zerurantz begira jarri zituen Robertok, “zer egingo diogu ba” esan nahian bezala, irribarre txikia ezpainetan. Mahaiaren bueltan jesarri ziren.
—Nork bedeinkatuko du? —galdetu zuen Gorkak.
—Itxura itzela dauka —esan zuen Robertok.
—Mundiala —berretsi zuen Maitanek—. Mila esker gonbidapenarengatik!
Gorkaren aldera lerratu zen Roberto, muxutxo bat emateko:
—Eskerrik asko, maitea. Portatu zara.
—Amaren, alabaren eta amamaren izpirituaren izenean… —esan zuen Gorkak.
—Amen! —borobildu zuen Robertok bedeinkazioa irribarrez.
—Ongi etorri paradisora, laztana!