Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

2

 

Eguerdiko hamabiak jotzear ziren, esnatutakoan. Murgiara joan behar zuen! Dutxa azkar bat hartu eta Elenaren bila irten zen, kafe bat eztarriratzeko ere denborarik hartu gabe, eta komuneko paperarekin konpresa moduko bat inprobisatuta. Eskatu beharko zion hori ere. Ate nagusiko txirrina jo zuen, esku artean zituela maindirea, pijamaren beheko partea eta kulero zikinak. Agusek ireki zion. Metro laurogei pasako gizon zabala zen. Indartsua, eta burusoila. Bizpahiru eguneko bizarra, egiteke. Zergatik pentsatu ote zuen ezkongabea ala alarguna zela Elena, bakarrik bizi zela halako baserri puska batean? Eskerrak odol orbanak estali zituen oihalak barrurantz bilduta. Gaztelaniaz zuzendu zitzaion, bitan pentsatu gabe:

        —Maitane naiz, atzo iritsi nintzen, zera, horko estudioan nago…

        —Badakit. Labadora jarri nahi duzu?

        —Ez dago Elena?

        —Murgiara joan da. Ekarri. Sartuko ditut nik.

        —Nahiago dut nik neuk egin.

        Zalantza egin zuen gizonak, baina pasatzen utzi eta sukaldera gidatu zuen.

        —Hortxe —esan zion Agusek, labadora seinalatuz—. Eta hemen xaboia eta suabizantea. Joan beharra daukat. Irteterakoan ateari bultza eta listo, itxita geratzen da.

        Garbigailua martxan jarri eta kanpoko soinuei adi geratu zen Maitane, sukaldetik mugitu gabe: kotxeko atearen danbatekoa entzun zuen, motorra pizten segidan, eta autoa handik aldentzen azkenik. Orduan hasi zen komun baten bila, ez zuen urruti behar, eta lortu beharra zeukan konpresa bakanen bat. Hirugarren eskailera igo orduko geldi geratu zen: izugarrizkoa zen egurraren kontra bere oinek egiten zuten karraska. Eta beste norbait bizi baldin bazen han? Hartutako bidea desegin zuen, baserri kanpora atera arte. Bere estudioko komunetik pasatu “konpresa” aldatzera eta kotxean sartu zen, poltsa pare bat hartuta. Erosketak egin behar zituen, lehenbailehen.

        Murgia erdialdean aparkatu zuen batere eragozpenik gabe, eta ultramarino hura zegoen tokira zuzendu zituen urratsak… Autoservicio Itziar, horixe zen!, zenbat urte ote zituen? Eta hantxe eskola, haren atzealdean. Baita Guardia Zibilen kuartela ere. Ez zen aski mudatua, herriaren parte hura. 12:40. Laster aterako ziren ikasle-irakasleak bazkaritarako, ez baziren irten dagoeneko… Dozena bat arrautza eskuratu zituen, fruta, barazkiak, 150 gramo urdaiazpiko, gazta zati bat, botila bat ardo beltz, lau garagardo lata. Eta konpresak. Eta tanpoiak.

        Zuia Plaza kafetegian ebaki bat eskatu ahala egin zuen komuneko buelta. Terrazan jarri zen kafearekin, erlaxatuta azkenean, enparantzari begira: oinezkoentzat dotore atondua zegoen, ume-parke estreinatu berri harekin kafetegiaren aldamenean… Ez zen toki txarra haurrak jolasean utzi, eta kafe bat edo garagardo bat lasai hartzeko. Halakoen bila ibiltzen ziren senarra eta biak guraso izan zirenetik, bisitatzen zuten herri bakoitzean. Radarraren egokitzapena ez zen nolanahikoa izan: jatetxe xarmanten xerka jarduten ziren nobiotan… Atentzioa eman zion plazaren erdian zeuden egurrezko bankuak ortzadarraren koloreekin margotuta ikusteak, eta kolore bereko bandera udaletxean eskegita… Horiek bai ez zeudela duela 20 urte.

        Farmazian Ibuprofenoak eskuratu, erosketak kotxean utzi, eta herriari bueltatxo bat ematera abiatu zen. Bizpahiru solairuko elkarri atxikitako etxe mordoa eraikiak zituzten. Halakoz beteta zegoen plazatik kiroldegirako tarte guztia, eta bai, lorategitxoa zeukaten gehienek… Estalita zegoen aire zabaleko igerilekua, negutegi tankera ematen zion beirategi harekin. Ekainean irekiko zuten; udako denboraldiari hasiera ematen zion keinua izaten zen herrian. Goiko bidetik bueltan etorrita, anbulatorio dotorea ikusi ahal izan zuen: estreinatu berria zirudien hark ere.

        Kotxera itzuli zen, Lukianon bazkaldu nahi zuen. Eskola pareko zebrabidean geratu behar izan zuen autoa, atera berri ziren haurrei pasatzen uzteko. Bihotza azeleratu zitzaion, ustekabean. Irakasle gutxi antzeman zuen han, ordea. Amak (eta aita bakanen bat) euren ume motxiladunei eskutik helduta. Haiek denak igarotakoan, martxan jarri berriz kotxea, eta lehen bidegurutzean ezkerretara eginez, Casa Lafuenterako bidea hartu zuen.

        Norbaitek bere arropak baserri aurrean zegoen esekitokian zintzilikatuak zituen. Lehortuta ote zeuden egiaztatzen ari zela azaldu zen Elena, etxe barrutik.

        —Sikatu al dira? —galdetu zion etxekoandreak.

        —Lehortu dira, bai. Eskerrik asko. Hilekoa etorri zait ustekabean eta…

        —Hala gertatzen da. Ba al duzu planik arratsalderako? La Encontrada-ra joatea daukazu.

        —La Encontrada?

        —Ez al duzu ezagutzen? Oso leku ederra da, eta bertatik bertara daukazu. Berez, finka partikularra da, baina tira… Antonino agertzen bazaizu, esan gure laguna zarela, Casa Lafuentetik zatozela. Amorrarazita dabil gizona azkenaldian, jende mordoa sartzen zaiolako. Lehen “prohibido el paso” zioen kartel bat zeukan. Orain beste hiru jarri ditu. Ez egin kasurik. Segi aurrera beldurrik gabe.

        —Ez dit eskopeta aterako, ezta? —galdetu zion Maitanek erdi txantxetan.

        —Ez dut uste —erantzun zuen Elenak, ironia izpirik gabe.

        Ez zuela uste?!

        —Nahiago baduzu elkarrekin joan gaitezke —esan zion Elenak, Maitaneren keinua ikusita—. Baina gaur ezin dut. Deitu egingo diot, zer iruditzen? Gustura erakutsiko digu etxaldea.

        Hurrengo ostegunerako jarri zuten hitzordua azkenean, Antoninorekin berarekin telefonoz hitz egin ostean.

        —Eta biharko planik bai? Jugatxi ezagutzen duzu? Oso ibilbide leuna da, eta eguraldi bikaina eman dute.

        Jugatxi?! Ezagutuko ez zuen, ba.

        Gau hartan etxera deitutakoan, poztu zen bezperako adinako dramarik egin ez ziolako txikienak. Aukera izan zuen semearekin hitz egiteko ere. Kontrolatuta zirudien kontuak.