Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

7

 

—Eskolako gatza eta piperra nintzen eta… —esan zuen Robertok—. Ez dakit zergatik arraio utzi nuen… Ez zegoen ni baino irakasle hoberik!

        —Gure Mister Umil! —bota zion Gorkak.

        Barrez lehertu zen Maitane.

        —Asko maite zuten ikasleek. Egia da hori —esan zuen bere onera etorritakoan.

        —Ikusten? —Robertok Gorkari.

        —Zergatik utzi zenuen? —galdetu zuen Maitanek.

        —Atera egin nahi nuen herritik… Marikoi deklaratu bakarra nintzen haran osoan!

        —Ez zenuen ligatzen… Esan egia! —esan zuen Gorkak.

        —Ez zegoen ligatzerik! —erantzun zion Robertok hortzak erakutsiz—. Madrilera joan nintzen, sexologiako masterra egitera, eta eskerrak!

        —Han ezagutu zenuen Gorka.

        —Hantxe ezagutu nuen nire aingeru guardakoa: marikoia… eta euskalduna! Hiri erraldoi hartarako behar nuen ciceronea. Orozkoko morroskoa. Baietz, maitea?

        —Sexologiako masterra egiten ari al zinen zu ere? —galdetu zion Maitanek.

        —Pelikuletako kontua zen Orozkon homosexualitatea —azaldu zuen Gorkak—. Ez zen ikusten. Eta ikusten ez dena ez da existitzen. Bi pezetarekin joan nintzen ni Madrilera, edozer lan onartzeko prest. Kamarero gisa egin nuen lan hiru urtean…

        —Chuecan —zehaztu zuen Robertok.

        —Chuecan, bai —esan zuen Gorkak—. Eta diru pixka bat bildu nuenean, sexologiako masterrera apuntatu nintzen. Nire bigarren urtean hasi zen maripetral hau eta, tira…

        —Maitemindu egin ginen! —esan zuen Robertok burlaizearekin.

        —Eta hura bukatu genuenean erabaki genuen: eskoletan sexologiari eta sexu-aniztasunari buruz hitzaldiak emango genituen!

        —Nirea izan zen ideia! —esan zuen Robertok.

        —Barkatu?! —Gorkak.

        —Eta Euskal Herrira itzuli zineten —esan zuen Maitanek.

        —Guk bizi izan genuena iraultzea zen asmoa —zirikatu zuen Gorkak—. Ikusgarritasuna ematea kontuari. Sexu eta genero aniztasuna defendatzea…

        —Ze polita, maitea —esan zuen Robertok trufaz, Gorkari eskutik helduta.

        —Utikan! —kendu zuen Gorkak eskua, bikotekidearenaren azpitik, irribarrea galdu gabe.

        —Eta zergatik Zuia? Zergatik ez Orozko? —galdetu zuen Maitanek.

        —Nik ez nuen Orozkora itzuli nahi, eta bera Zuiara itzultzeko irrikatan zegoen…

        —Eta baserri hau erosteko aukera sortu zen, nahiko prezio onean —esan zuen Robertok—. 2001. urtean ez ziren hain garestiak…

        —Txiki-txiki eginda zegoen…

        —Dena berritu behar izan genuen… Goitik behera!

        —Eta orain —esan zuen Maitanek—, begira zer nolako palazioa duzuen!

        —Urteak kostatu zitzaigun…

        —Eta oraindik ordaintzen ari gara…

        —Baina egin egin duzue! Topa! —esan zuen Maitanek eta kopa ardoa altxatu zuen.

        —Eta zure istorioa, zer? —galdetu zion Gorkak Maitaneri, ardo tragoa edan eta gero—. Zein da zuen istorioa? Eskolan ezagutu zenuten elkar, beraz?

        —Gogoratzen naiz iritsi zenean… —esan zuen Robertok—. Begirada lurrean kakotuta, eta ia begiak estaltzen zizkion kopeta-ile harekin…

        —Oso lotsatia nintzen…

        —Eta klaseak ematera etorri zinen, e? —galdetu zuen Gorkak.

        —Eta klaseak ematera etorri nintzen! Bai horixe! Ez dakit zergatik aukeratu nituen irakasle-ikasketak. Kaka galtzetan nengoen… —esan zuen Maitanek.

        —Baina eskolako printzea ezagutu zuen… —esan zuen Robertok.

        —Nobioren bat? —Gorkak.

        —Ni neu! —Robertok—. Nik bizkortu nuen neskatila lotsati hura!

        —Okerrena da egia dela —esan zuen Maitanek irribarrez.

        —Eta zergatik ez zinen gelditu bertan? —galdetu zuen Gorkak.

        —Beasainera bidali ninduten. Urtebeteko ordezkapen bat zen nirea… Ikasturtea bukatu zenean, akabo.

        —Eta orduan orain hona etorri zara… —esan zuen Gorkak.

        —Bere lagun min Roberto ikustera! —esan zuen Robertok.

        —Ez, ezta? —esan zuen Gorkak.

        —Utzi egin nuen irakaskuntza… Ez nuen bokaziorik. Eta itzulpengintza ikasten hasi nintzen. Kamarera lanarekin uztartzen nuen.

        —Hara! Beste bat!

        —Bai… Gero, nire kontura jarri nintzen, bezero txikiak lortu nituen… Hala ibili naiz urte askoan. Ez zait gaizki joan! Tartean ezkondu egin nintzen, bi seme-alaba izan… Eta duela hilabete oposizioak gainditu nituen diputazioko itzultzaile plazarako, eta nola hamabost egun barru hasten naizen, bi asteko oporrak hartu ditut.

        —Oso ondo iruditzen zait! Geure buruari arnasa ematea ahaztu egiten zaigu, askotan —esan zuen Gorkak, eta ardo pixka bat eztarriratu zuen—. Eta… —eztulka hasi zen bat-batean—. Barkatu. Kontrako eztarritik joan zait. Galdera bat egin dezaket. Zergatik Zuia? —segitu zuen Gorkak.

        —Ni ikusteagatik, esan dizut ba! —Robertok, irribarrez.

        —20 urte ondoren bailara nola aldatu zen ikusi nahi nuen —azaldu zion Maitanek Gorkari.

        Barre-algara bat irten zitzaion Robertori.

        —Ui, ui, ui… —esan zuen Gorkak—. Hau oso interesgarri jartzen ari da, e…

        —Bailara bisitatu nahi nuen, egia da!, banekien toki lasaia dela, eta bakea nahi nuen, oso urrutira joan beharrik gabe!

        —Orduan Pikabea non bizi den jakitea ez zaizu interesatuko, ezta? —bota zuen Robertok.

        —Cuate. Aquí hay tomate —irribarrez Gorkak.

        —Ba egia esan ez —esan zuen Maitanek.

        —Nor da Pikabea? —galdetu zuen Gorkak—. Azalduko didazue, ezta?

        —Ezta bere telefonoa ere? —segitu zuen berearekin Robertok, Gorkari entzungor eginda.

        —Ez —erantzun zuen Maitanek.

        —Ez al dit inork esango nor arraio den Pikabea delako hori?

        —Gure lankide bat —azaldu zion Maitanek.

        —Lankide bat?!! —egin zituen harritu plantak Robertok. Barrez lehertzear zegoela ematen zuen—. Begira, gauza bat egingo dugu. Nik papertxo bat hartuko dut, eta bertan apuntatuko ditut bere helbidea eta telefonoa, eta gero hementxe utziko dut, mahai gainean. Seguru nago dena jasotzen dugunean, hortxe segituko duela, nik utzitako tokian. Orduan, hartu eta zakarrontzira botako dut. Zer iruditzen?

        —Primeran —esan zuen Maitanek.

        —Zer izan zen, maitemin oso pasional horietako bat? —galdetu zuen Gorkak.

        —Qué va… —esan zuen Robertok burlaizearekin, idazten hastearekin batera.