Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

3

 

Kasu egin Elenari eta Jugatxirantz abiatu zen biharamunean, kotxea Murgian aparkatu eta gero. Mendia inguratu zuen, pagoz, haritzez eta makalez jantzitako beheko bide ederretik, ia Jugora iritsi arte. Herrira sartu gabe abiatzen zen Jugatxirako aldapa, baina bisitatzea erabaki zuen. Zortzi baserri baino ez ziren, ez bazen asko aldatu, agudo egingo zuen joan-etorria. Zaunka betean egin zion harrera herriko sarreran zegoen etxe dotoreko rottweilerrak, brinko galanta. Hesiaren bestaldean egoteak ez zion ezustekoa eragotzi, bortitza zen piztia haren itxura, eta ernai jarri zituen gainera inguruetako lau hankako guztiak: zaunkak garun-begietan oihartzun ibili zuen elizarainoko bidea, ezker-eskuin hainbat baserrik osatzen zuten korridore itxurako hartatik barna.

        Motxilatik plastikozko botila ura atera, eta zaunkak behingoagatik baretu zirela profitatuz, bi tragoxka edan zituen elizaren aurreko petrilean eserita, eraikina ederresten zuen bitartean. Elizaren ataria zegoen hormatik perpendikular ateratzen zen pareta biluziak txunditu zuen, ez zeukan heldulekurik ez atzealdean ez aurrealdean, ezer mugatzeko funtziorik ere ez itxura batean. Kanpandorre soil ote? Halako horma puska eraiki, goiko muturrean zegoen kanpaiari eusteko soilik? Ala elizak behiala beste egitura bat izan zuelako? 24 urterekin beste kontu batzuetan jartzen zuen arreta, bistan zenez, ez baitzitzaion ezagun egiten horma hura. Kanpaiaren gaineko zapalgunean, habia ederra egina zuten zikoinek. Bertan zen bat, zutik jarrita, bailarari errepasoa emanez.

        Buelta egin zuen etorritako bidetik. Agudo hurbildu zitzaizkion berriz zakurrak, oldarrean. Hilekoa usaintzen ote zuten, ala zer arraio?!

        Hirurogei urte pasako gizona ikusi zuen baratzean lanean. Ehunka izango zituen atzean zeukan baserriak. Gerritik gora biluzik, bizkarreko azala ondo laztua, belar txarrak erretiratzen ari zen. Fuerte berotzen zuen eguzkiak.

        Eta hari galdetzen bazion? Zertarako, baina?

        Herria atzean utzi eta maldan gora hasi zen. Pikoa zen, baina motza. Kilometro eskas. Hamabost minutuan Jugatxiko ermitaren aurrean zegoen, zuhaitz zahar eta sendoz jantzitako zelai eder haren erdian zeuden egurrezko mahai haietako batean jarrita. Motxilatik almendra batzuk atera eta ur pixka bat edan zuen izerditutakoa berreskuratzeko.

        Berebiziko bake sentimendua ematen zion leku hark, baina ez hori bakarrik: trumilka zetozkion oroitzapenak. Esku bat bere izterretik gora igotzen, muxua lepoan, zupada belarri-gingilean. Irribarre ospel bat itzuri zitzaion.

        Sugandila bat ikusi zuen aldameneko enborrean gora eta behera, kartel moduko bat zuhaitz batean kokatuta. Mezu bat zeukan, bi hizkuntzetan, eres aquí y ahora; hemen eta orain zara, eta qr kode bat aldamenean: Artiumeko webgunera bideratzen zuen. Mario Paniego delako artista batek 2019an egindako instalazio baten parte zen, antza. Gehiago omen zeuden, bailaran zehar sakabanatuta.

        Belarretan etzan zen. Laino bakanak astiro mugitzen zeruan. Ihintzaren itzal leuna besaurreetan, belarraren kilimak lepatzean. Begiak itxi zituen. Txoriak kantari, hostoen xuxurla haizearen mende mugitzen. Ulertzen zuen hura izatea bailarako biztanleen toki kuttunetakoa. Dar-dar egin zion mugikorrak poltsikoan. Argazki bat zen: irribarretsu Manex eta Maddi, makarroi platerka banaren aurrean, tomatez zikinduak ezpain inguruak, kokotsa. “A zer kuxidadea!”, idazten zion senarrak, barrez lehertzen ari zen emotikonoaz lagunduta. Letaginen hutsune nabarmena nabaritzen zitzaion handienari. Zer guapo zeuden.

        Begiak itxi zituen ostera, sakon hartu zuen arnasa.

        Hemen eta orain zara, hemen eta orain zara.