Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

10

 

Biharamunean, lanbroak estalita iratzarri zen bailara. Tutik ikusten ez, hiru-lau metrora. Ibili egin nahi edonola Maitanek, eta etxearen atzealdetik gora eginez, Ganalto aldera abiatu zen, aurrekoan egindako bidearen kontrako noranzkoan, ametz garaiez betetako basoan barna. Laino artean, erraldoi iharren tankera hartzen zien zuhaitzoi. Erraldoi hezurtsu mugiezinak. Putzu txikia igaro eta Agusen erlauntzak albo batera utzita, gorantz segitu zuen, behe-laino artean xendra nondik nora zihoan ikustea ondo kostatzen bazitzaion ere.

        Zarata bat entzun zen bat-batean. Piztiaren bat ote? Geldirik geratu zen, ingurura begira. Belarriak erne, begiak adi ezker-eskuin. Behe-lainoak ez zion ordea urrunera ikusten uzten, nahiz eta abiatu zenean bezain sarria ez izan. Zerbait mugitzen igarri zuen berriz: zapaldutako hosto eta adarren soinua, pasaeran igurtzitako zuhaixken zarata. Eta ikusi egin zuen: orein bat ametzen artean pauso bizian mugitzen. Geratu egin zen animalia bera ere, eta lepoa biratu zuen Maitane zegoen alderantz. Zer egongo zen, ba, 20 metrora? Elkarri begira egon ziren segundo gutxi batzuez. Agudo abiatu zen ostera mendian gora. Maitanek ezin izan zuen nahi bezain ongi behatu, baina aski, ikusi ahal izateko ez zeukala adarrik.

        Aldapan gora segitu zuen Maitanek, bizpahiru kilometroz. Bidegurutzera iritsi zenean, ordea, beheranzkoa hartu zuen, Ganalto puntara zihoan bideari muzin eginda. Ziztuan iritsi zen Aperregira, ehun bat baserriz osatutako herrigunera.

        Diosala egin zion bere lursailetik ateratako oiloak barrura bultzatzen ari zen emakume bati.

        —Egun on!

        —Egun on, bai —erantzun zion emakumeak, bere esku zailduak soinean zeraman amantalean igurzten zituen bitartean.

        70 urtetik gora izango zituela kalkulatu zuen Maitanek, aurpegian zituen zimurren arabera.

        —Hau eguraldia, e… —esan zion Maitanek—. Gezurra dirudi maiatzean gaudela, ezta?

        —Hemen elurra egiten ere badaki maiatzean.

        —Ez da egia izango?

        —Eta hala ere lehengoaren erdirik ez du botatzen orain. Zenbat egin du aurten ere?

        —Otsaila aldera ez al zuen zuritu?

        —Erauntsi handi bat. Eta kito. Gutxi botatzen du orain. Begira, ni ume moko bat nintzela, bidea ireki behar izaten genuen elurretan, eskolara joan ahal izateko. Metro erdi zabaleko bide estuak izaten ziren. Horma zuri haiek bakarrik ikusten genituen ibilbide osoan. Gu ginena baino garaiago elurra!

        Pentsakor geratu zen Maitane, elur zuriko labirinto eder hura irudikatuz, haurrak imajinatuz eskolara bidean pareta hotz haien artetik igarotzen.

        —Zer zaude, oporretan? —galdetu zion emakumeak, oiloei atea ixten zien bitartean. Hesiaz bestaldetik begiratzen zion orain Maitaneri, mesfidantza pixka batekin.

        —Casa Lafuenten nago egun batzuk pasatzen, Lukianon, badakizu?

        —Elenarenean.

        —Horixe. Idazlea naiz —esanez batera damutu zen Maitane—. Beno, ez naiz idazlea, baina idatzi egiten dut. Bailarako kontuak aztertzen ari nintzen, ipuinen bat idazteko-edo. Ideiak biltzen…

        —Hemen ez da inoiz izan gertakizun handirik… —esan zion emakumeak.

        —Toki guztietan dago kontatzeko moduko zerbait…

        —Hemen ez.

        Irribarre egin zuen Maitanek.

        —Bueno, ba, asko pozten naiz, e. Maitane Garate naiz, barkatu, ez dut nire burua aurkeztu…

        —Bai. Ondo segi —esan zuen emakumeak, Maitaneri bizkarra emanez.

        Oiloei poltsa batetik janaria botatzen geratu zen. Oin artean zituen guztiak, konturatu orduko. Zapaldu egin zuen bat nahi gabe, eta haren karakak hautsi zuen une batez inguruko isiltasuna. Zaunka egin zuen zakur batek urrutian.

        Lukianora bueltatu zen. Baratzean ziharduen Elenak eta hari galdetu zion, ea bazekien nor ote zen emakume hura. Baserriaren kokapena esatearekin batera identifikatu zuen Aperregiko emakumea, eta ziztuan kontatu zizkion haren nondik norakoak. Hizkera lehorrekoa, beharbada, baina guztiz bihotz onekoa omen zen Mari Carmen. Hila zuen senarra antza, eta umerik izan ez, baratzearen eta oiloen jiran igarotzen omen zuen eguna, nahiz eta garai batean ardi dezente izan zituzten, baita bizpahiru behi ere. Senarra ibiltzen omen zen artaldearekin aurrera eta atzera. “Bizitza samurrik ez dute izan. 86ko gabon gauean, ukuilua kiskali zitzaien”. Ez zegoen ahazteko Elena. “Ezusteko galanta!”. Bikotea lo zegoela hartu omen zuen su.

        —Hemendik ikusten ziren garrak zerurantz igotzen. Eskerrak zakurrari! Hark atera zituen leihotik berrogei bat ardi, suhiltzaileak iritsi zirenerako. Dozena bat hil ziren hala ere, irten ezinik.

        —Nola gertatu zen ba? —galdetu zion Maitanek.

        —Gabon gauean prozesio moduko bat egiten zen zuzi eta guzti. Jesusen jaiotza, badakizu. Ba horri egotzi zion errua Mari Carmenek, zuzi haiei. Baina gaueko 9etan izaten zen hura, eta sutea goizeko hiruretan hasi zen. Ez dakit. Ordu asko iruditzen zaizkit niri. Tximiniatik ihes egindako txinparta batek lastoa harrapatuko zuen akaso. Auskalo zer gertatu zen.

        —Baserria libratu zuten behintzat.

        —Galera handiak izan zituzten, e? Baina denok lagundu genien. Ardi bat eman zion batek, oilo parea besteak, txorizo batzuk hurrengoak… Bestela funtzionatzen zen lehen, elkarri laguntzen genion. Auzolanean jarduten ginen. Orain, berriz