Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

17

 

—Erleak ikustera joan nahi omen duzu —esan zion Agusek.

        —Tarte bat baldin badaukazu, e?

        Etxe barrura sartu zen gizona, atarian utzirik Maitane. Sekulako zurrunbiloan bildurik zeukan gogoa. Nola arraio iritsi zen egokiera hartara? Ziur al zegoen Gasteizko plana egin egin nahi zuela? Gozoa izango zen brokolia, baina ez al zuen belar hark adoretuta nahi ez zuen lokatz batzuetan sartu zangoa? Eta zein izango ote ziren Iρakiren asmoak? Ez zuen bere emaztea eta haurrak abandonatu eta berarekin harreman serio bat hasi nahiko, ala? Hotelaren planak nor ez zuen erakartzen, baina gero zer? Erlezainaren bi traje zuri horietakoekin atera zen baserritik Agus, eta lurrera bota zituen, trapu zaharrak bailiran.

        —Orain joango al gara? —galdetu zion Maitanek.

        —Egon lasai. Ez dute ezer egiten eta.

        Bere arropen gainean traje zuria janzten hasi zen Agus.

        —Ongi al daude katakumeak? —galdetu zion Maitanek, lurretik berea jaso eta gauza bera egin bitartean. A zer piura izango zuen mozorro harekin…

        —Bizirik.

        Eskerrak, egin zuen berekiko Maitanek.

        Casa Lafuentetik ametzen basoranzkoa hartu zuten, zuhaitz artean galdutako bi astronauta euren espazio-ontziaren bila. Ke-hauspoa zeraman Agusek eskuetan, zeinari bizpahiru aldiz eragin baitzion bidean zihoazela, kezko laino bat utziz eguzkiak argitutako bidezidorrean, apaizak barreiatutako intsentsua irudi.

        —Eta hori? —galdetu zion Maitanek.

        —Erleek erasorik ez jotzeko. Berezkoa dute defentsarako joera, jakingo duzu. Eztena sartuko diote, erlauntzera gerturatzen den edozein animaliari, izan lau hankakoa edo bikoa. Kea baldin badago, ez. Suaren arriskuak aztoratuta, euren ezti erreserbak jaten hasten dira, ahalik eta azkarren indartu eta handik hanka egiteko, sutatik urrun erlauntz berri bat sortzera. Ke pixka batekin, lasai utziko gaituzte. Baina gehiegi botatzea ere ez da komeni, ea denek alde egingo duten!

        Agusek huraxe zuela bere toki kuttuna pentsatu zuen Maitanek, jardun hori zuela maiteen. Ordura arte ez zizkion bi esaldi baino gehiagoko erantzunak aditu, eta bat-batean, hara zer azalpen.

        —Ea ba —esan zion, iritsi zirenean—. Nahi duzu zuk ireki?

        —Ez, ez, eskerrik asko. Begiratzearekin konformatzen naiz.

        —Ba al dakizu erleren batek nektarra edo jana edo topatzen duenean, zer egiten duen? Zortziko etzan bat marrazten du airean gainerakoei abisatzeko.

        —Infinituaren zeinua?

        —Erle batek ziztatzen badizu, hanka egin behar da segituan, ez baduzu gainerakoak ere zuregana etortzea nahi. Egon lasai. Traje hauekin ez dago kezkatu beharrik.

        Abaraska bat hartu zuen eskuetan Agusek. Hamar-hamabost erle atera ziren bertatik. Bizpahiru kokatu zitzaizkion begien aurre-aurrean Maitaneri, aurpegia babesteko zeukan saretxotik ikusten zituen bere buruaren jiran, izugarrizko burrunba sortuz.

        —Zikin-zikina dago, joder —esan zuen Agusek, abaraska seinalatuz—. Aldatu egin beharko dut.

        —Ez al dute eztirik egin?

        —Oso gutxi. Begira. Ikusten hemen?

        Baietz esan zuen Maitanek, nahiz eta minihexagono guztiak hutsik zeudela iruditzen zitzaion. Zulora bueltan sartu zuen Agusek abaraska hura, eta aldamenekoa atera. Hura bai zegoela erlez josita; makina bat aireratu ziren. Urrats bat atzera egin zuen Maitanek.

        —Zatoz. Ez beldurtu —esan zion Agusek, eta muturren aurrean jarri zion abaraska. Ehunka erle zeuden hexagonoen gainean harat-honat mugitzen—. Begira! Erregina da hori!

        —Nola dakizu?

        —Handiena delako. Ikusten?

        Maitaneri ez zitzaion besteak baino askoz handiagoa iruditu. Begiratzen jakitea izango zen kontua.

        —Ikusten dituzu kumeak? —azaldu zion hexagono barruan zeuden hazitxo moduko batzuk erakutsiz. Ez ziren jostorratz-buru bat baino askoz handiagoak.

        Prozesua errepikatu zuen behin eta berriz: abaraskak banan-banan atera, ke apur bat bota, goitik behera behatu besoekin gorantz eta beherantz ekarrita, zikinkeriaren bat erretiratu, eta barrura berriz.

        —Herriaren esklaboa da hemen erregina —azaldu zion Maitaneri—. Erleek agintzen diote zer egin behar duen, eta badakizu zein den bere lana? Arrautzak jartzea. Ez du besterik egiten! Eta herria nazkatzen baldin bada, edo ikusten badute alferkerian dabilela, bota egingo dute erlauntzetik, eta beste erregina bat jaio dadin lan egingo dute. Ez al da aparta?

        Bere saltsan zegoen Agus: pasioz hitz egiten ikusten zuen lehendabiziko aldia zen…

        —Gustatu al zaizu? —galdetu zion Maitaneri, bueltarako bidea hartu zutelarik.

        —Zure azalpenak bai! Erleak ikustea, zer esango dizut ba, interesgarria da, baina beldurtuta nengoen eskafandra eta guzti ere.

        Irribarre egin zuen gizonak.

        Trajeak kentzen ari zirenean ere kontu kontari segitzen zuen Agusek. Ez zitzaion mingainetik gehiegi tiratu behar. Deskantsua hartu zuen Maitanek sauna hartatik libratuta.

        —Zatoz —esan zion Agusek—. Gauza bat erakutsi nahi dizut.

        Baratzera eraman zuen.

        —Ba al dakizu zertarako diren? —galdetu zion zuhaixketatik zintzilik zeuzkan plastikozko ur-botilak seinalatuz—. Asiako liztorra harrapatzeko. Ikusten inbutu hori? Bi hazbete garagardo beltz jarri botilaren barruan, eta zoro moduan joaten dira inbutuan barna liztor deabru horiek. Eta behin sartutakoan, ezin atera! Begira, hortxe duzu bat.

        Likidotan hankaz gora ageri zen velutina handi samar bat. Baserri atarirako bidea hartu zuten, atzera.

        —Eta beste erleei ez al zaie garagardo beltza gustatzen, ala?

        —Ez, ba! Hortxe dago gakoa. Izugarria da kabroi hauek erlauntz osoak txikitzeko duten gaitasuna. Begira, erlauntz bat topatuz gero, inguruan geratzen dira hegan. Erleak, hauek ikustean, ez dira ateratzera ausartzen noski, eta modu horretan, ahuldu egiten da erlauntza pixkanaka, ez baita janaririk heltzen. Makal daudela sumatzen duenean sartzen da Asiako liztorra barrura, eta kristoren triskantza eragiten du. Erleak banan-banan hartu, burua erauzi, abdomena kendu, eta enborra jaten diete. Guk langostinoekin egiten dugun moduan, gutxi gorabehera.

        —Joder!

        —Bai, bai… Izugarria da.

        Baserri atarian agurtu, eta bere estudiora sartu zen Maitane, Agusi eskerrak eman ostean. Senarrari idatzi zion, askatutako adrenalinak bultzaturik. “Dena ondo hortik? Ez duzu sinetsiko. Erlauntzak bisitatzen ibili naiz gaur, buzo eta guzti! Portzierto, mugikorra ez dabilkit ongi. Ziztuan bukatzen zait bateria. Itzalita eramango dut egunean zehar, badaezpada, bale? Bihar Gasteiza noa! Hiri pixka baten beharra daukat! Erosketa batzuk egin, tranbian ibili, zibilizazio pixka bat, badakizu… Gauean idatziko, ados?”

        Segituan jaso zuen senarraren erantzuna. “Hemen dena kontrolpean. Gozatu!”.

        Ez zen hain zaila, izatez.

        Gautu baino lehen erlauntzera itzultzean zetzan gakoa.