Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

13

 

Igandea lasai hartzea erabaki zuen, jende andana ibiliko zen Murgian, zer esanik ez Gorbeian. Estudiotik atariko mahaira, izpiak ikusten zituenean; atariko mahaitik estudioko sofara, eguzkia hodeien atzean ezkutatzen zenean… Etxekoandreak utzitako Gorbeialdeko kontuei buruzko liburu bat irakurtzen eman zuen eguna. Baziren laminen istorioak, sorginenak, animalia mitologikoenak, artzainenak, ehiztarienak. Aspaldi ez zela, txistuka eta builaka abiatzen omen ziren talde handitan inguruotako biztanleak, otsoak beldurtu eta amildegira erorarazteko. Murgiako neskamearenak erakarri zion arreta, duela 700 urteko istorioa izan arren. Gabon gau batean abiatu omen zen Murgiatik Orozkoko bere baserrira neskatxa gaztea, Gabonak bere familiarekin igarotzeko. Iristen ez, ordea. Gaixotu eta Murgian bertan geratua izango zela pentsatu omen zuen bere familiak. Batean eta bestean falta zela konturatu zirenean abiatu ziren denak neskatilaren bila. Haren arropak eta hezurrak soilik topatu omen zituzten, Oderiaga mendiaren magalean. Gurutze handi bat altxatu zuten inguru horretan, neskatilaren oroimenez: “Una chica le comiσ el lobo. 24 diciembre 1308. Caserνo Arane”. Zorigaitz guztiak Gabon gauean gertatzen al ziren han, ala zer arraio?

        Sukaldera jaiki zen. Baso bat ur edan zuen. Komunera sartu zen, eskuko telefonoa hartuta. Berriz leitu zuen Pikaren mezua, “Maita! Hau poza!”. Hantxe segitzen zuen Gorbeiako gurutzeak bere profileko argazkian.

        “Primeran!” idatzi zion, “11:00etan Zuia Plaza kafetegian. Bihar arte!”.

        Bidali.