19
Lukianoko baserrian sartuta igaro zuen Maitanek biharamuna, etxera buelta egiteko egunaren bezpera. Ez zeukan kotxearekin atzera eta aurrera ibiltzeko ez adorerik ez gogorik, eta ez zen giro mendirako: lanbrotsu argitua zuen eguna, eta behe-lainoa pixkanaka desegin bazen ere, euri xehea ari zen bazterrak bustitzen, leunki, baina etenik gabe, goiz osoan zehar.
Maleta prestatzeko profitatu zuen. Barazkiz lagundutako arroz platerka bat eginez distraitu zuen bere burua. Alferrik. Erleak zeuzkan buruan. Erleen burrunba. Erleak hoska belarri-zuloetan. Erleak hozka mintzetan muinetan zainetan.
Mugikorren uhinak.
Pestizidak.
Aldaketa klimatikoari egoztea errua.
Sentitzen dut, laztana, ez dut etxerako bidea aurkitu; gpsak ez dabiltza ongi, poloak urtzen hasi zirenetik.
Joder. Hogei urte lehenago Donostiara itzuli izan ez balitz. Edota itzuliz gero ere Pikari deitzea erabaki izan balu. Non egongo lirateke? Gasteizen bizitzen, agian? Zuian bertan? Munduko familiarik zoriontsuena osatuko ote zuten, lau seme-alaba, bi zakur eta hiru katurekin? Ala hogei urte Gasteizen bizitzen egon eta gero, Donostiara itzuli gisa hartako oporraldi moduko batean eta beste norbaitekin adarrak jarri izango ote zizkion Iñakiri ere bezperan senarrarekin egin zuen bezalaxe, egindako hari adarrak jartzea deitzerik baldin bazegoen behintzat…
Ziztada sartu eta hil.
Eztia eskaini eta pozoia eman.
Etxeko telefonoa bilatu zuen mugikorrean. Deitu. Moztu.
Robertori mezu bat idatzi zion. Agian, berarekin eta Gorkarekin igaro zezakeen larunbat gaua… Ez al ziren elkartzekotan geratu? Mamuak uxatzen lagunduko zion haien konpainiak, beste ezertan pentsatzea eragotziko zioten haien ateraldiek…
“Ostia, Maita, barkatu! Afaria dugu lagun batzuekin Izarran. Ez naiz gogoratu ere egin!”.
“Lasai, motel! Egongo gara hurrengoan”.
“Bestela etorri gurekin! Hori da! Etorri! Haiei ez zaio axolako! Oso jatorrak dira!”.
“Keba, keba… Lasai ibili”.
“Seguru?”.
“Seguru!”.
“Tira. Nahi duzuna. Oso goiz al zoaz bihar? Agurreko bermuta har genezake…”.
“Elkartuko gara beste batean. Etorri Donostiara Gorkarekin, edo Gorkarik gabe, nahiago duzuna, eta egingo dugu bazkari bat edo…”.
“Ados, laztana! Portzierto, ondo joan al zaizu Iñakirekin? Bueno, kontatuko didazu elkartzen garen hurrengoan, ezta? Uda honetan hots egingo dizut, sinfalta. Geratu behar dugu uztailean edo abuztuan edo… Beranduenez irailean, e!”.
“Nahi duzunean”.
“Muxu bat, laztana! Laster arte!”.
Altxatu egin zen ohetik, falta zitzaizkion puska gutxi horiek biltzen hasi, mesanotxeko liburua, mugikorraren kargagailua, Ibuprofenoak… Etxera bueltatuko zen, eta kito. Horixe egin zezakeen: egun bat aurreratu itzulera. Total, zer geratzen zitzaion han egiteko? Zeren zain zegoen? Zer espero zuen gertatzea? Zer nahi zuen gertatzea?
Eta berak?
Zer egin nahi zuen berak?
Etxera bueltatu. Etxera bueltatu eta kito.
Hamalau egun eta gero, zer dela eta orain halako presa?, galdetuko zion senarrak. Hura ezagututa seguru ongietorri kartel bat edo eskulanen bat edo zer edo zer egiten jarriak zituela umeak. Ez bazituen loreak erosi… Zertara joango zen bezperan hura guztia izorratzera?
Ohean etzan zen mugikorrari begira. Hantxe zegoen Gorbeiako gurutzearen argazkia, Iñakiren WhatsApp-ean. Nola ote zegoen bera? Eta mezuren bat bidaltzen bazion? “Gertatuak gertatu, zoragarria izan zen”. Supr, supr, supr. “Zoragarria izan zen”, berridatzi zuen. Eta haren emazteak irakurriko balu? Utikan! Zerbait kriptikoagoa jar zezakeen, baina zer! Egunotan atera zituen argazkiak begiratzera jarri zen. Paraje ederrak ziren haiek, inondik inora. Gorbeiako argazkiekin egin zuen topo. Igo zuen azkenean! Hainbeste urte eta gero… Eta gurutzean ateratako argazkia jartzen bazuen berak ere WhatsApp-eko profilean?
“Iñaki Pikabea is writing…”. Bat-batean, atera beharrean taupaka jarri zitzaion bihotza.
Zain geratu zen.
Zer nahi ote zuen?
Minutu erdi igaro zen: ezer ez. Beste norbaiti idazten ari ote zen? Beste norbaiti idaztean ere ateratzen al zen mezu hura norberaren WhatsApp-ean?
Bi minutu, bost minutu. Hamar minutu.
Hogei minutu.
Deus ez.
Etxeko telefonoa bilatu bere kontaktuen artean, eta “deitu” botoia zanpatu zuen.