8
Katakumeei xiringekin esnea ematen ari zen Agus baserriaren atarian. Kartoizko kutxa batetik hartzen zuen bat, bospasei xiringa esne irentsarazi eta kutxan uzten zuen atzera, hurrengoa hartu eta prozesua errepikatzeko. Harritu zen Maitane halako gizon mardula hain jarrera samurrean ikusirik.
—Egun on —esan zion.
Bekainak altxatze hutsarekin itzuli zion diosala Agusek.
—Ez da azaldu —esan zuen Maitanek.
—Piztiaren batek harrapatuko zuen.
Elena atera zen orduantxe baserritik.
—Egun on! Ondo egin duzu lo? —galdetu zion Maitaneri.
—Primeran, egia esan —bezperan edandako ardoak Ibuprofenoak baino dezente hobeto funtzionatu zuen.
—Gogoratu arratsaldean hitzordua dugula Antoninorekin, e?
La Encontradako jabeaz ari zela konturatu arte ez zuen erreakzionatu.
—A, bai, bai. Ez nago ahaztuta. 18:00etan, ezta?
Dutxa luze bat hartzeko aprobetxatu zuen Maitanek, nahiz eta, minutuek aurrera egin ahala, kontzientziako harrak txorrota ixtera eraman zuen, buruan jiraka hasi baitzitzaion haranean urarekin zeukaten arazoa. Erlaxatuta atera zen, edonola. Hilekoa ere azkenetan zuen: oso mingarriak baina nahiko motzak izaten zituen. Jaki goxoren bat prestatu eta kanpoaldeko mahaian bazkalduko zuen, ez zegoen une oro aurrera eta atzera ibili beharrik. Eguzkia hartu, pixka bat irakurri, siestatxo bat egin beharbada Ez al zen, ba, lasai egotera etorri?
Aulkian jarrita utzitako galtzaren atzeko poltsikotik bezperan hartutako papertxoa atera eta destolestu egin zuen. Sarrian bertan bizi zen, beraz. Denbora bazuen, egiazki, sobran izan ere. Begiradatxo bat soilik. Urrutitik. Edo kotxetik atera gabe. Bueltakoan Casa Areson bazkaltzeko aitzakia izango zuen horrela. Kozinatzen jarri behar al zuen oporretan ere?
Ongi pasa zuen bezperako afarian. Gustatu zitzaion Robertorekin elkartzea, hainbeste urte eta gero. Ederki jan zuen, gainera. Sukaldari bikaina egina zegoen Gorka. Casa Aresokoei kopiatutako errezeta hura, oreina perretxiko saltsan, itzela atera zitzaion. Harritu zuen jakitea hain sentibera zirudien gizona oreinak ehizatzen ibiltzen zela, eta ez edonola gainera: labanaz lepoa moztuta akabatzen zituzten, antolatutako taldeetan lurrera bota eta gero. Kartsuki mintzatu zen Gorka ekintza harekin askatzen zuen adrenalinaz, dir-dir egiten zioten begiek oreinari lepotik zerion odol epela hatz artetik ihesi nola joaten zitzaion deskribatu zuenean Eskerrak postrean kontatu zion! Zur eta lur geratu zen Maitane, eta ezin izan zuen saihestu kaskotik galdera hura ezabatzea: Gorkak eta bere taldeak ehizatua ote zen platerean jarri zioten haragi puska hura? Ez zuen galdetzeko ausardiarik bildu.
Bere burua makillatzen ipini zen ispiluaren aurrean, kafea martxan utzita. Gehiegi ere ez: kasik sumaezina izango zen zerbait, baina aski begi ertzeko zimurtxoak antzemanezin bihurtzeko. Eta ukitu arin bat masailetan, kolorete apurρo bat, aurpegi zurbil hura hildakoen erreinutik berreskuratzeko. Ezpainetakoa hartu zuen hatzen artean. Ez. Hori gehitxo zatekeen. Inor ez zen hainbeste apaintzen artzain eta nekazari artean ibiltzeko, ezpada Gasteizera joateko, edo Murgian paseatzeko asteburuaren aitzakiaz, baina ez ostegun buruzuri batean.
Kotxean barneratu zen, Robertok emandako helbidea sartu zuen mugikorraren gpsan. 17 minutuko bidea markatzen zion. Martxan jarri zuen kotxea, damutu baino lehen.