Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

4

 

Hoztuta esnatu zen Jugatxiko zelaian. Laino potolo samarrak tartekatuak ziren eguzkiaren eta beraren artean… Zenbat denbora igaro ote zen loak hartu zuenetik? Mugikorra atera zuen: hamar minutu soilik!

        Northface-a jantzi eta beherantz abiatu zen. Agudo jaitsi zuen haritzen eta pagoen arteko bide malkartsua. Zuia Plaza kafetegiaren terrazan eseri zen ostera, garagardo batekin eta patata tortilla pintxo batekin, komunean tanpoia aldatu ostean. Majo berotzen zuen berriz eguzkiak.

        Indarberriturik sentitu zen segituan, baina ez zeukan gehiago ibiltzeko gogorik. Kotxea hartu eta noraezean ibili zen Murgian zehar, ezkerrera edo eskuinera joatea zoriaren esku utziz. Sarriarako bidean ikusi zuen bere burua ustekabean. Herrigunea alderik alde gurutzatu, eta Markinara iritsi zen. Aldaparen gainaldean bukatzen zen errepidea, eliza parean. Bailararen perspektiba desberdin bat ikus zitekeen han goitik. Mugikorreko mapa begiratu zuen: Berretin puntara eta, aurrera jarraituz gero, Gorbeiako gurutzera ere irits zitekeen, elizaren atzeko bidetik abiatuta. Herria oinez zeharkatzea erabaki zuen.

        Dotoreagoak ziren han baserriak, Lukianon baino; lorategi ongi zainduekin ia guztiak. Eta herriaren erdian eraikintzar hura. Inguruko baserrien arkitekturatik erabat aldendua, zeukan altuera urriarengatik izan ezik. Parasites filmeko txalet puska hura gogorarazi zion Maitaneri. Pareta gris soileko eraikin modernoa, beirate zabalekoa atze eta aurre, ez teila gorririk, ez harrizko hormarik, ez egurrezko haberik. Simaurraren ordez, zaintza-kamerak. Ukuiluaren partez, garajea. Eta lurzoru zabala ondo babestua, ia bi metroko murruarekin. Besaulki dotorez hornitutako porlanezko terraza bat zeukan, beirate nagusiaren aurrean; porlana bukatzen zen tokian, belardi ondo zaindua, eta bertan kokatua, zortzi metroko altuera zuen antena erraldoia. Melbourneko telebista-kateak ikusi nahi ote zituen edo? Poltsikoetan dirua kabitzen ez zitzaion norbaitek eraikia zen tenplu hura, zalantzarik gabe.

        Beherantz abiatu zen. Errekara iritsi baino lehen egin zuen topo baratzea lantzen ari zen adineko emakumearekin. Aitzurrarekin ziharduen, ondo makurtuta, laurogei urte pasa izango zituen arren. Artilezko jertse potoloa zeraman bero egonagatik, eta zapia buruan.

        —Kaixo —esan zion Maitanek.

        —Kaiso.

        —Beti lan handia baratzean, ezta?

        —En erderaz, por favor.

        —Que mucho trabajo en la huerta.

        —Siempre hay algo. Que si hay que abonar, que si hay que quitar las malas hierbas, que ahora que hay que regar…

        —No se acaba nunca, ฟeh?

        —กY mejor que no se acabe! Mala se๑al serํa.

        —Estoy buscando a una persona. I๑aki Pikabea.

        Zer saltsatan sartzen ari zen.

        —ฟPero vive aquํ en Markina?

        —En el valle. Soy periodista —bota zuen gezurra, bitan pentsatu gabe—. Estoy haciendo un reportaje sobre el tema del agua.

        —Ay, sํ. No s้ si es el cambio climแtico o qu้, pero cada a๑o llueve menos.

        —No le suena, ฟentonces?

        —I๑aki, ฟqu้ mแs?

        —Pikabea.

        —En Markina no vive. ฟNo serแ en Markina de Bizkaia? Mucha gente los confunde.

        —No, no. Aquํ, en el valle.

        —Pues en Markina no es. Somos cuatro gatos.

        —Ya —bideari lotu zitzaion, ostera—. Bueno, gracias, eh.

        —Nada, nada —erantzun zion emakumeak, aitzurrarekin agur eginez.

        Beherantz jo zuen Maitanek, errekaraino. Zubia pasa eta errota zaharberrituari bistadizoa eman zion kanpotik. Erreka ertzetik segitu zuen bidea, eskuinera egiteko herriaren bukaeran. Hiru behor larrean bazkatzen. Argazki bat egin zien, umeei bidaltzeko, eta elizaranzkoa hartu zuen maldan gora. Goseak zegoen, nola ez ba?, pintxo batekin egin zuen-eta bazkari pasa! Kotxea hartu eta Lukianora bueltatu zen, lehenbailehen aldatu beharra zeukan tanpoia.

        Porruen gainaldeko geruza kendu eta ongi garbitu zituen, zatitan moztu aurretik. Patatak, gatza, olioa. 19:00ak ziren. Ez zen ordu txarra etxera deitzeko.

        —Kaixo, ama! —alai igartzen zitzaion Maddiri.

        —Kaixo, bihotza! Zer moduz?

        —Ondo, ama! Gaur Juneren urtebetetzea izan da, eta bizkotxoa jan dugu!

        —Txokolatearekin?

        —Ez! Bizkotxoa bakarrik, niri gustatzen zaidan bezala!

        —Ze ondo! Ba badakizu zer? Nik kanpandorre bat ikusi dut, eta kanpaitik zintzilik soka luze bat iristen zen lurreraino. Kanpaia jotzeko!

        —Eta jo al duzu?

        —Ez! Baina badakizu zer den onena?

        —Zer?

        —Kanpaiaren gainaldean zikoinen habia bat zegoen, eta zikoina handi bat bertan zutik jarrita.

        —Ba ze leku txarra habia egiteko, ezta? Susto ederra hartuko dute kanpaia jotzen duten bakoitzean!

        Umeen logika eztabaidaezina.

        —Erakutsi al dizu aitak behorren argazkia?

        —Zerena?

        —Zaldiena?

        —A bai! Ze polita, ama! Noiz etorriko zara?

        —Orain Manexen txanda, benga —entzun zuen senarra.

        Semea jarri zen. Afaria prestatzen ari zela kontatu zion Maitanek:

        —Eta zer ari zara egiten? —galdetu zion semeak.

        —Porru-patatak.

        —Porru-patatak? Jan haragi pixka bat, ama! Oporretan zaude-eta.

        Irribarre bat itzuri zitzaion Maitaneri.

        Ongi omen zihoan dena, senarraren hitzetan. “Zuk disfrutatu tope”.

        Ia erre beharrean irentsi zituen porruak. Gosea denean, txantxa gutxi. Ohean etzan zen, telebista piztuta, mugikorrari begira jartzeko. Hiru ordutara esnatu zen, hotzak akabatzen eta sabeleko minez. Ahaztua zitzaion afalosteko Ibuprofenoa. Baso bat esne berotu zuen, ea erraietaraino sartua zitzaion hotza uxatzea lortzen zuen.

        Oilarrak esnatu zuen goizeko seiak eta erdietan. Orduantxe ari zuen argitzen. Oihalezko pertsiana igo eta Badaiako mendilerroa agertu zitzaion, eguzkiak harrotuta, begien aurrean. Lanbro fin batek estaltzen zuen, ordea, haran osoa: ederra zegoen. Komunetik pasatu, konpresa aldatu eta ohera itzuli zen. Minik ez, behintzat. Plazer hartu zuen maindire artean lasai eta presarik gabe egote hutsarekin. Eguzki-izpiek gozo jotzen zioten aurpegian, begiak ixtera behartuz, eta loak hartu zuen ostera segituan.