15
Bere buruari hasieratik jarri zion erronka izan zen, bidaia hau antolatu zuenean: igo beharra zeukan Gorbeiara, bai ala bai. Hogei urte lehenago saiatu zen behin Iñakirekin, baina sekulako ekaitza atera eta buelta hartu behar izan zuten, gailurrera iritsi baino dezente lehenago. Gero, alferkeriagatik batzuetan, eta Iñakik ere nahiago izaten zuelako eskalatzera joan bestetan, edo desiraren eldarnioak harturik larrua jotzen bukatzen zutelako hainbeste aldiz baten edo bestearen Gasteizko pisu konpartituan edo Oroko Santutegiko parkingean edo bailarako beste txoko ezkuturen batean, igo gabe geratu zen azkenean. Orain, ez zegoen uko egiteko prest.
Eguraldi bikaina emana zegoen eta 08:30ean jarri zuen hitzordua Agusekin. Kotxe banatan egin zuten Sarriako parketxerako bidea, eta Maitanek berea han utzi ondoren, Agusen tankera sartu zen, Zaratera abiatzeko.
—Gorbeiaren Araba aldeko bi bailarak ibili ahal izango dituzu horrela. Bata, igotzerakoan; eta bestea, jaitsieran —azaldu zion Agusek, bezperan hitz egin zutenean.
Kopilotuaren eserlekuan eseri zen Maitane, eta maskara jantzi baino lehentxeago, irribarre erdi bat egin zion Agusi, adeitsu agertu nahian. Beldur apur bat ematen zion gizonkote hark, ez zekien ondo zergatik.
—Zer moduz gaurko gaua? Egin al duzue batere lorik? —galdetu zion Maitanek.
Bekainak eta begi-niniak goratu zituen Agusek, desesperaziozko keinu batean. Ez zeraman ez musukorik ez ezer.
—Ari al dira sendotzen? —jakin nahi izan zuen Maitanek.
—Bat bai, bestea berriz…
—Bel-beltza den hori?
—Oso ahul dago…—esan zion Agusek—. Nahi duzu egia esatea? Nik ez nuke bi katakume txororengatik lorik galduko, baina…
09:00ak pasatxo ziren, Zarate herritik gora, Gorbeiara bidean jarri zenean. Mugikorrean, Iñakiren mezu bat: “Bidali argazkia tontorretik!”.
—Zenbat tardatuko dut buelta egiten? —galdetu zion Agusi, kotxetik atera ahala.
—Bost bat orduan egiten da. Bi ordu eta erdi gora, eta beste hainbeste Sarriako parketxera jaisteko. Gurutzean zenbat denbora egoten zaren…
—Igotzeko adina denbora, jaisteko?
—Zortzi kilometrokoa da igoerako bidea. Hamabikoa jaitsiera. Eta gogoratu: gurutzera iristen zarenean, kontrako bidetik egin beherantz, “v” zabal bat marraztuz.
—Ondo da.
—Bizkaiko aldera jaitsi gabe, e? —gaztigatu zuen Agusek. Irribarrez ikusten zuen lehen aldia zen.
—Saiatuko naiz…
—Bestela, deitu, eta joango gara zure bila.
—Horrekin? —galdetu zion Maitanek kotxea seinalatuz.
—Ia gurutzeraino iristea daukat…
—Bai zera!
—Ez zen lehendabiziko aldia izango.
Aspaldi halako mendirik igo ez eta, nekeza gertatu zitzaion igoera kasik etenik gabea. Pagazurira iristeko soilik behar izan zituen bi ordu eta erdi. Handixetik, azken aldapa pikoa zeukan aurrez aurre, desafio eginez, nahiz eta gurutze erraldoiaren ikuspegiak dezente adoretzen zuen: ez zirudien urrunegi. Ia hiru ordu laurden baliatu zituen hala ere, 17 metroko Eiffel Dorre txiki haren azpian kokatzeko bere burua. Iritsia zen azkenean!
Harritu zuen, maiatzeko astearte buruzuri bat izan arren, tontorrean zegoen jende mordoak: erretiratu kuadrilla bat, bera bezalako ibiltari bakarti bat gurutzetik aparte samar jarrita Bizkaiko aldera begira sagar bat janez, zakurrarekin jolasten ari ziren hiru mutil gazte, bi bikote elkarri argazkiak ateratzen… Egin beharko zuen berak ere baten bat gurutze legendario harekin.
Inguruari erreparatu zion, ur pixka bat edan orduko. Haiek bistak 360 gradutan. Iparrera Bizkaia, hegoaldera Araba. Hantxe zegoen mugarria… Erretiratu kuadrillako gizon bati galdegin zion argazkia ateratzeko, betikotu beharra zeukan une hura.
—Ongi? —galdetu zion argazkigileak, egindako fotografia begiratzeko esan ostean—. Egingo dizut beste bat, bestela, e?
—Ez, ez, primeran —erantzun zion Maitanek—. Mila esker.
Ez zuen bere burua ondoegi ikusten, baina tira, bidali egin zion hala ere Iñakiri. “Iritsi naiz!”, idatzi zion. “Ez zara makala!”, erantzun zion honek segituan. Senarrari ere bidali zion, “hara non nagoen oraintxe bertan!”. Txaloekin erantzun zion honek, eta seme-alaben argazki batekin: txoroarena eginez ageri ziren salako sofan zilipurdika. “Hau panorama!”, jartzen zion senarrak, eta begi-keinu bat segidan. Ez al zeuden ba eskolan? Bezperakoa behar zuen argazki hark.
Gurutzetik apur bat urrutiratu eta hamabietakoa egitera eseri zen, Araba aldera begira. Sierra Salvada behar zuen hondo-hondoko hark, eta herri hura? Murgia? Zergatik zeuden gainerako mendizale guztiak Bizkaia aldera begira? Zenbait zuiarrek esana ziotenaz oroitu zen, probintziako gehienek omen daukaten irudipenaz, alegia, hutsaren hurrengoa dela Araba euskaldun askorentzat, patata-soro erraldoi bat besterik ez, familiako lehengusu tontoa, Gorbeia puntara igo eta bizkarra ematen zaion eremu hori.
Fruitu lehor batzuk irentsi zituen, baita solomo-ogitartekoa ere piper gorri eta guzti. Ura edan zuen berriz, ez al zen txikiegia plastikozko botilatxo hori? Bueltako bide luzea geratzen zitzaion. 12 kilometro… Motxilan gorde zuen; balio beharko zion udareak, izerdiarekin botatakoak berreskuratzeko. Etzan egin zen begiak itxita, ondo berotzen zuen eguzkiak, txokolate ontza bat ekarri izan balu…
Beherantz abiatu zen utzi berri zuen tokiaren nostalgia apur bat sentituz. Itzuliko ote zen sekula? Seguruena ez. Ziurrenik nahiago izango zuen, hura toki ederra izanagatik ere, ezagutu gabeko beste tontorren bat zapaltzeko ahalegina egin. Anboto, adibidez.
Izen bat gehiago, bere bizitzan sekula berriz bisitatuko ez zituen toki ahaztezinen zerrendarako.
Gorbeia.
Mapa begiratu zuen mugikorrean, ondo ote zihoan egiaztatzeko. Ez zen markatutako biderik, baina Agusek aipatutako “v”a eginez, nabarmen samarra zirudien Sarriako parketxera zeraman bidezidorrera irtengo zela.
Artalde bat zegoen berak pasa behar zuen tokian bertan; arraroa iruditu zitzaion, batere artzainik eta zakurrik gabe egotea. Harantz bideratu zituen urratsak, mendi magalean behera eginez. Zer azkar galtzen zen gurutzearen ikuspegia alde hartatik. Konturatzerako atzean utzia zuen, azken bistadizoa emateko aukera galduta.
Geratu egin zen bat-batean, artaldetik hamar metrora gerturatutakoan. Ardi bat gehiago uste izan zuena, makurtuta eta erasoa jotzeko pronto zegoen mastin zuri bat zen! Parez pare zeukan, eta postura hartan, edozein unetan bere gainera jauzi egiteko prest zirudien… Bizkarra eman zion zakurtzarrari, aurre egitea baino atzea ematea hobe zelako irudipenarekin. Etorritako bidetik egin zituen Maitanek hogei pauso, artaldetik urrunduz. Piztiaren arnasa sentitzen zuen gibelean, berarengandik metro erdi eskasera; jugularrean, bihotzeko taupada bortitzak. Atzetik segika zihoakion, bere lurraldea markatuz, bere nagusitasuna adieraziz, baina pauso motelean, batere aztoramendurik eta zaunkarik gabe. Begi ertzarekin behatu zuen, burua erabat biratzeko ezgauza. Alimalekoa zen! Bere zilborretik gora egiten zuen haren buruak. Nola demontre ez ote zuen lehenago ikusi? Etzanda egongo zen ardi artean, haietako bat balitz bezala… Hori eta bere astigmatismoa. Ez zeukan bestelako azalpenik.
Maitaneri segitzeari utzi zion azkenean mastin zuri erraldoiak, nahikoa urrundu zela ikusi zuelarik. Artaldea zegoen tokitik igaro behar zuen edonola parketxera iritsi nahi bazuen, horrek ez zeukan bueltarik, baina ardiak ongi inguratuz egin beharko zuen itzulbira. Eskerrak mendiaren magalaren zabalak hori egiteko aukera ematen zion. Artaldea ondo atzean utzi arte, begira izan zuen mastintzarra, zegoen tokitik mugitu ere egin gabe, lepoa soilik biratuz Maitane nondik nora zihoan zaintzeko.
Luze jo zion beherako bideak, baina bestelako ezustekorik gabe egin zuen. Nekatuta baina asebeteta iritsi zen Sarriako parketxera, goseturik baina batez ere egarriturik. Murgian geratuko zuen autoa, bai horixe, Ioar tabernan litro erdiko lejia bat edateko, ondo irabazia zeukan!, Araban ez al zioten pika deitzen?!