Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

9

 

—Ongi jan al duzu Casa Areson?

        —Oso ondo.

        —Ongi jaten da Casa Areson. Basurdea?

        —Nola dakizu?

        —Basurdea eskatu ohi duzue kanpotarrek. Basurdea edo oreina.

        —Donostian ez dugu aukera handirik izaten-eta.

        —Guk legatza edo rapea hautatuko genuke hara joanez gero, ezta, Omar?

        Eurekin zihoan hamabi urteko Elenaren semea, ordura arte baserrian ez ikusi ez sentitu ez zuena Maitanek. Beste alaba bat ere bazeukaten, antza, Madrilen arte eszenikoak ikasten. Harritu zen Maitane, semea nola deitzen zen jakin zuenean; ez zen jende asko egongo, bertakoa izanik, arabiar jatorriko izena jartzen ziona semeari. La Encontradako baserria barrutik ikusteko esperantza zeukaten ama-semeek, berritu zutenetik ez omen ziren sartu.

        —Itsasoarekin lotura duen guztia gustatzen zaio Omarri: arrainak, arrantza, itsasontziak, itsasargiak… —segitu zuen Elenak.

        —Arrantzale izan nahi al zenuke? —galdetu zion Maitanek.

        Sorbaldak altxatu zituen mutikoak.

        —Oso lanbide gogorra da —esan zuen Maitanek.

        —Izenarengatik dela dio bere aitak. Galegoz “O mar” itsasoa da. “El mar”. Hara, erle bat. Ze arraroa…

        —Arraroa?

        Erlearen hegaldiari begira geratu ziren, pinuen atzean desagertu zen arte.

        —Desorientatuta ibiliko da.

        —Nola desorientatuta? —jakin nahi izan zuen Maitanek.

        —Erlauntzetik gehiegi urrundu gabe ibili ohi dira, polen bila, edo nektar bila edo… Baina bi kilometroko erradio txikian beti. gps moduko bat daukate, nola bueltatu jakin ahal izateko. Ba azken urte hauetan, askok eta askok ez dute aurkitzen erlauntzera itzultzeko bidea.

        —Eta hori?

        —Pestizidengatik dela diote batzuek. Mugikorren uhinengatik beste batzuek. Auskalo! Poloak urtzen ari direlako dela dioenik ere bada. Inork ez daki ziur zergatik den, baina kontua da dezente direla bueltatzen asmatzen ez dutenak.

        —Eta ez badira bueltatzen…

        —Hil egiten dira. Ezin dute gau bakar bat iraun erlauntzetik kanpora.

        Maldan beherakoa hartu zuten. Errekaren murmurioa entzun zitekeen jada. Sarriako baserriarekin oroitu zen Maitane: zer arraiotan pentsatzen ari ote zen zuhaixken atzetik begira jardun zuenean! Eta norbaitek begiztatu izan balu zelatan? Edo Iñaki bera agertu izan balitz atzealdetik?! Eta numerito hura guztia, gainera, zer ikusteko? Pikaren etxea omen zena… Baratze handi samarreko baserri zuri zikin handia, ez Robertorena bezain ongi zaharberritua, baina atsegina hala ere; baloi pare bat, hiru bizikleta edonola botata etxaurrean, hainbat jostailu, patinete bat… Eta emakume hura, etxe barrutik bat-batean atera zena (eskerrak ez zuen ikusi), atarian aparkatutako Seat Ibizaren atzeko esertokitik poltsa bat hartzera. Galtza zabalak, kamiseta malgua, ile horia mototsean trakeski lotuta… Hura al zen Pikaren bikotekidea? Ala garbitzailea ote?

        Begiz jo zuten zubi esekia, Antoninok berak eraikitakoa omen. Haren oinetan zegoen zuhaitz bati lotua ikusi zuen Maitanek kartela: “Prohibido el paso, finca particular”. Eta errotulagailu gorriz norbaitek idatzia: “El paso no está prohibido”.

        Altzairuzko txapa fin zulodun batzuekin osatuta zeukan zorua zubiak, eta alde banatan lorategiak mugatzeko izan ohi diren marrazki erronboduneko hesi berde horietakoak zituen, ibiltariaren beldurraren sostengu, nahiz eta ibaitxotik hiru metro eskasera soilik altxatzen zen, edo horrexegatik akaso: emari txikia zeraman; handik eroriz gero, buruarekin harria jotzea zen arriskurik handiena. Oso etxean egindako itxura zeukan. Segurua ote? Metro erdi zabal, doi igaro zitekeen pertsona bakar bat, eta Elenaren eta Omarren atzetik ilaran joatea, beste erremediorik ez zuen izan. Balantza nabarmena egiten zuen haien oinen azpian, baina onik iragan ziren beste aldera. Hantxe zuten zain etxaldearen jabea. Maitane bera zen, orduan ere, musukoarekin zihoan bakarra.

        —Buenos días —egin zien diosala Antoninok—. Bienvenidos a La Encontrada.

        Aurkezpenak egin zituen Elenak. Agure maitagarria zirudien. Osasuntsu antzematen zitzaion bere laurogeitaka urte eta guzti, aldakako minez zebilela esan zien arren. Ibai ertzean aparkatuta zuen 4x4 hartan egin zituen baserrirainoko 300 metroak. Gaztainondoz estalitako erreka ezkerrean zutela, oinez jo zuen aurrera hirukoteak, aurrean zituzten makalen multzorantz. Zuhaitz haiek atzean utzi ahala ikusi zuten luze-zabal aurrean zeukaten paraje ederra: zelai ezin berdeago eta galanta begien aurrean, ezkerraldetik ibaiak mugatuta, eta eskuinaldetik haritzen basoak, eta larrearen erdi aldean ehunka behi, patxada ederrean bazkatzen. Euren presentziarekin, beldurtu eta urrundu beharrean, edo belar-janean segitu beharrean, gerturatu egin zitzaizkien, abereok ohi duten pausaje lasaiarekin baina eurengana jo zuten, eta hirukotearen pare-paretik igaro ziren, beraien aurrean geratu gabe, ibai ertzerantz zuzentzeko. Mugimendu geldo haiekin, gezurra bazirudien ere, euren lurraldea markatzen ari zirela iruditu zitzaion Maitaneri, baina auskalo, ezer gutxi zekien berak behiei buruz.

        —Aztoratuta dabiltza —esan zien Antoninok kotxetik jaitsi orduko, baserri parera iritsi zirenean—. Kumeak kendu genizkien atzo…

        Hori zen, orduan. Behiak aztoratzen zirenik ere.

        500 urte bazituen harrizko zubi eskerga erakutsi zien Antoninok, baserri zaharberrituaren ezaugarriak aletu zizkien: adreilu txikiz eta egurrez ondutako eraikuntza dotorea zen. Barrura sartzeko imintzio txikienik ere ez zuen egin, ordea.

        —Ba al dakizue zenbat ordaindu genuen lur hauengatik? —galdetu zien agureak.

        —Ideiarik ez.

        —150.000 pezeta —esan zien—. Dirutza handia garai hartarako.

        Antoninoren gurasoak bertako maizterrak omen ziren, nagusiak saldu egin nahi zuela esan zienean. 1950. urtea zen. Urtegia egiteko zulaketak abiatuak ziren ordurako.

        —Zubitik 15 metro gora iristekoa zen ura. Pentsa! —azaldu zien Antoninok, zubi gaina eskuarekin seinalatuz—. Ederki dakizu zuk, Elena. Lukianon zuen etxea soilik libratzen zen.

        —Eta egin izan balitz?! —galdetu zuen Maitanek.

        —Egin zer, urtegia? —algara bat jaulki zuen Antoninok—. Ba ez dirurik, ez etxalderik.

        Aberats berriei darien satisfazio aurpegia zeukan.

        —Ederki arriskatu zineten, ala? —erantsi zuen Maitanek.

        —Eta zer egin behar genuen? —besoak gorputzetik banandu zituen Antoninok, sorbaldak altxatuz—. Ez geneukan beste aukerarik. Hauxe zen gure bizibidea.

        —Baina begira orain! —sartu zen tartean Elena, aurrean zuten lursail zabala besoekin besarkatuz.

        Zelaira begira jarri zen laukotea. Bikote bat zetorren, zakur batekin, eurak etorritako bide beretik.

        —Lotu zakurra! —garrasi egin zien Antoninok, modu aski petralean.

        Pausoa moteldu zuen bikoteak, ez zirudien deus ulertu zutenik.

        —Lotzeko zakurra! —oihukatu zuen berriz Antoninok.

        Sokaz lotu zuten bulldog-a.

        —Irakurtzen ez dakiten beste batzuk —murmurikatu zien Antoninok, bikotea gerturatzen zitzaien bitartean.

        Isilik geratu ziren, parera heldu zitzaizkien arte.

        —Behiak beldurtzen dizkidazue! —kargu hartu zien, aurrez aurre izan zituenean.

        —Bale, bale… —erantzun zuen bulldogari eusten zion morroiak, eta eskuinera hartuz baserri aurrean, hanka egin zuten, geratu gabe.

        —Ez dakit nik zergatik jartzen ditudan hainbeste kartel —esan zuen Antoninok, apur bat urrundu zirenean—. Eta hauek, gainera, zakurrarekin!

        —Zenbat behi dituzu guztira? —galdetu zuen Maitanek hitz beste eginez, agurearen umore ona berreskuratu nahian.

        —Nik al dakit… Galdua dut kontua dagoeneko… —erantzun zuen Antoninok, irribarretsu ostera ere.

        —Ez al dakizu abeltzain bati ez zaiola sekula galdetu behar zenbat ganadu duen? —esan zion Elenak Maitaneri, doinu umoretsuz.

        —Burdinolaren arrastoak ikusi nahi dituzue? Jende mordoak egin zuen hemen lan garai batean.

        Aztarna urriak geratzen ziren, goroldioak hartutako horma sendoren bat, arku txiki bat… Nola arraio eraman ote zituzten hara halako harri puskak, duela 300 urte? Astoekin? Eta nola kokatu haiek bata bestearen gainean? Baten batek ederki jardun izango zuen esklabo-lanetan… Tira, piramideekin egin bazuten…

        Hantxe agurtu zuten elkar.

        —Ez digu barnealdea erakutsi, e… —esan zuen Elenak, baserritik pixka bat urrundu orduko.

        Etorritako bidetik abiatu ziren. Hantxe segitzen zuten behiek, larrean bazkatzen. Entzundakoak entzunda, errespetua ematen zion Maitaneri haien aldamenetik pasatze hutsak. Begira zeuzkaten mordoxka bat, eztarriratzen zaila zitzaien hitz bat mamurtzen ari balira legez, belarraren partez: ume-lapurrak, ume-lapurrak, ume-lapurrak…

        Casa Lafuentera iritsi bezain pronto, bere gelan sartu, eta etxera deitu zuen.