Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

5

 

Zortzietako kanpaiek esnatu zuten. Baserri atarira irten zen, nagiak ateratzen zituen bitartean. Giro aparta zegoen, desagertua ordurako lanbro fin hura. Agus ikusi zuen baratzean lanean, eta diosal egin zion.

        —Nola deitzen da mendi hori? —galdetu zion, kortesiazko hitz apurrak eta gero. Hara igotzeko grina sartu zitzaion bat-batean.

        —Horko hori? Ganalto.

        —Eta zenbat denbora beharko nuke tontorrera heltzeko?

        —Ordubetean goian zara.

        Lanak utzi eta hiruzpalau pauso hurbildu zitzaion gizona.

        —Begira, horra eramango zaitut nahi baduzu —hatzarekin seinalatu zion Aperregi ondoko bidegurutze bat—, mendiaren ezkerreko magal horretatik igo, profil osoa ibili, argazki bat atera gurutzearekin, eta beste alde honetatik jaistea daukazu. Honaxe iritsiko zara. Bi orduko buelta ederra eta erraza.

        —Ez da plan txarra. Ordu erdian abiatzeko moduan?

        —Zuk nahi duzunean. Ni ez naiz hemendik mugituko.

        Zerbait gosaldu eta motxilan sartu zituen almendra batzuk eta ura. Atarira irten zen atzera, apurtxo bat apaindu ostean. Ardi artean ibiltzeko ez zuen askorik beharko, baina… Maitane prest ikusi ahala utzi zuen Agusek egiten ari zena. Ataritik garrasi bat egin zion Elenari, “voy a llevarla al camino de Ganalto”. Erantzunaren zain geratu zen. “‘Elena!”. Kasurik ez.

        Barrura sartu zen, minutu pare baten buruan bueltatzeko.

        —Goazen —esan zion Maitaneri, begitarte zimurtuarekin.

        —Dena ongi?

        —Ama desagertu da… —esan zion Agusek—. Katakumeen ama. Atzo eguerdian atera zen, eta ez da oraindik itzuli. Seinale txarra.

        Kotxea baino tankea zen berak gidatzen zuen tramankulu hura. Mendian eta elurretan ibiltzeko egokia, zalantzarik gabe. Aperregirantz hartu zuen.

        —Eta zure oporrak? —galdetu zion Agusek, hitz beste eginez.

        —Oso ondo, egia esan. Hain lasaia da hau, justu bila nenbilena.

        —Ezagutzen zenuela uste nuen.

        —Irakasle jardun nintzen, baina badira 20 urte…

        —Murgian?

        —Murgiako eskolan.

        —Eta? Oso aldatuta topatu al duzu bailara?

        —Pixka bat bai, e…

        Irribarre egin zuen Agusek.

        —Asko aldatu da dena.

        Maindire-kontuak aitatzekotan egon zen, bere jarrera dorpea sentitzen zuela esatekotan, baina ez zen ausartu.

        Aperregi atzean utzi eta Domaikiarantz hartu zuen Agusek. Eskuinera egin erdibidean, eta aurrera gero hartxintxarrez jositako errepide batetik, harik eta hesi batek igarotzea eragotzi zion arte.

        —Hortik gora dena. Eta lepora iritsitakoan, eskuinera —gaztigatu zion—. Ez du galbiderik.

        —Mila esker!

        Hesia irekitzen saiatzen ari zen, Agusek kotxeari buelta ematen zion bitartean. Zer arraio…

        —Beste aldetik irekitzen da —esan zion, kotxetik jaitsi gabe.

        —A, eskerrik asko… —nola demontre ez ote zen konturatu. Kalekumea ematen zuen!

        Uste baino errazago egin zuen gailurra. Ez al zen gurutzea Gorbeiakoaren tankerakoa? Zoragarria zen hango bista: Oroko santutegia, Domaikia, Aperregi, Lukiano… Almendra batzuk jan eta trago bat ur edan zuen, mugikorra atera argazki bat egiteko: panoramika luze horietako bat merezi zuen paraje hark. Hara!, WhatsApp bat zeukan telefono ezezagun batekoa: “Zuiara etorri eta kasurik ez?! Ipurdiko ederra emango dizut!”. Danbadaka jarri zitzaion bihotza. Batere pistarik ematen ez zuen mitxoleta bat zeukan paratua, profileko argazkian. “Baina nor zara?”. Erantzunik ez. Beheranzkoa hartu zuen. Casa Lafuentera iristen ari zela igarri zuen dardara izter parean. “Nor naizen?! Rober!!! Nor uste zenuen ba nintzela? ;) Zer arraio egiten duzu hemen?!”. Irribarre egin zuen Maitanek. Nola kristo jakin ote zuen handik zebilela?

        “Rober! Murgian bizi al zara?”, galdetu zion.

        “Gillernan! Noiz etorriko zara bisitan?”.

        “Ni libre nago. Zuk esan!”.

        “Etorri afaltzera. Gorka aurkeztuko dizut”.

        “Gorka… Mmm… Izen horrekin jatorra behar du”.

        “Etorriko al zara?”.

        “Gaur?”.

        “Noiz ba?”.

        Senarrari idatzi zion, Casa Lafuentera iritsi ahala:

        “Gaur gauean ez badut deitzen, ez da ezer gertatzen, ezta?”.

        “Dena kontrolpean, Maita. Deskonektatu!”.