Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

16

 

Bezperako arropa bera jantzi beste erremediorik ez zuen izan, ez baitzeukan eskalatzeko egokiagorik. Fundamentuzkoak ziren galtza elastiko haiek, baina mendiko botekin eskalatu behar bazuen… Ala bere emaztearen katu-hankak utziko zizkion Iñakik? Tailla berekoak ote ziren, ba? Eskalatzea gustatzen zitzaion, beraz? Zer antzekotasun gehiago izango zituzten? Eta zer desberdintasun? Bera baino hobea ote zen ohean? Bera baino lirainagoa, jatorragoa, pazientzia handiagokoa? Titi oparoagoak ote zituen?

        Autobide gainetik igarotzen zen zubiaren ondoko parking-ean egin zuten hitzordua, kotxe batean joatearren. Hantxe zegoen Iñaki, irribarretsu, motxila handia bizkarrean eta auto-stopeko keinua eginez hatz lodiarekin. Atzeko jarlekuan utzi trasteak, eta kopilotuaren eserlekuan sartu zen, Maitanek motorra itzaltzera itxoin gabe.

        —Egun on! —esan zion Iñakik, aldarte ezin hobearekin.

        —Dena prest?

        —Baietz uste dut. Ostia, itxaron.

        —Zer.

        —Kondoiak!

        Begi-zeharka begiratu zion Maitanek. Ai, aurpegi bihurri hura… Zimurrak ateratzen zaizkigu, ilea urdintzen zaigu, baina geure-geureak diren keinuak… Horiek betiko irauten dute. Lasaiago zegoela zirudien, bi egun aski izan zituen antza, Maitaneren etorrerak eragindako shocka gainditzeko. Hobe hala.

        —Gogoratzen al duzu bidea? —galdetu zion Iñakik kopilotuaren eserlekutik.

        —Gauza batzuk ez dira sekula ahazten.

        Esatea aski, hanka sartzeko. Iñakik gaztigatu behar izan zuen, Ororako bidea pasatzen utz ez zezan.

        —Gauza batzuk ez dira sekula ahazten, e? —xaxatu zuen Pikak.

        —Garrantzitsuak direnak. Nork oroitzen ditu bigarren mailako errepideak? Bigarren mailako gizonak?

        —Labanak zorroztuta ekarri dituzu, e? —barrez, Iñakik.

        —Sokaren bat moztu behar bada ere… —Maitanek, irribarre maltzurrarekin.

        Oroko Santutegiko aparkalekuan zeuden 15 minutuan. Kotxe bakarra ageri zen han, apaizarena edo auskalo norena. Motorra itzali eta elkarri begira geratu ziren une batez: ezin itzuri egin, nahi izanda ere, pilatzen zitzaizkien oroitzapenei.

        —Joango gara? —hautsi zuen sorginkeria Iñakik, eta kotxetik atera ziren.

        Hormaren azpian kokatu ziren, 20 urte lehenago horrenbeste aldiz egin izan zuten moduan, eta materiala ateratzen hasi zen Iñaki.

        —Uste dut ondo izango dituzula —esan zion Maitaneri, katu-hankak bere eskuetan jarri ahala.

        —Nire taillakoak dira, bai.

        Ez zen ausartu bere bikotekidearenak ote ziren galdetzen.

        —Benga! —esan zion Pikak, arnesak janztearekin batera—. Zure txanda!

        —Praktika galduta daukat, e!

        —Aitzakia gutxiago eta mugitu ipurdia gehiago!

        Ondo kosta zitzaion Maitaneri horman gora abiatzea. Hiru aldiz saiatu, eta hiru aldiz erori zen, bi metroko altueratik igaro ezinik. Lurretik metro erdira geratzen zen zintzilik, eskerrak Pikak soka garaiz tenkatzen zuen.

        —Ez zara nahita egiten ariko, ezta? —galdetu zion Iñakik, hortzak erakutsiz.

        —Esan dizut entrenatu gabe nagoela…

        —Ondo da, ondo da.

        Beste bi saiakera egin zituen, alferrik. Hirugarrenean, dezente igotzea lortu zuen. Erdiraino edo. Baina nekatu egin zitzaizkion hatzak, eta zintzilik geratu zen paretaren erdian, hamar bat metroko altueran. Iñakik soka pixkanaka laxatzea tokatzen zen orduan, Maitane rappel egiten jaits zedin. Ez zuen halakorik egin, ordea; behetik gora begira geratu zitzaion.

        —Zeren zain zaude!

        —Oraintxe —erantzun zion Pikak, eta jaitsi egin zuen pixkanaka.

        —Lo al zeunden, ala?

        —Gogoan gorde nahi nuen une hori.

        Begiratua erretiratu zuen Maitanek. Lekuz trukatu ziren. Iñakirentzat huskeria izan zen horma hura igotzea. Nabari zen askotan egiten zuela. Aldamenekora joan ziren gero, Maitanek goraino igo zezan. Hura bai zela errazegia Iñakirentzat. Zailago bat aukeratzeko agindu zion Maitanek. Izerdia egiten ikusi nahi zuen mutila. Aise samar burutu zituen, edonola, hango lanak ere.

        —Nahikoa izango da, ezta? —esan zion Maitanek.

        Oroko Santutegiaren beste aldeko arroken puntaraino joan ziren handik, materiala kotxean utzita. Harri zapal baten gainean eseri ziren, handik beha zitekeen bista paregabeaz gozatzera: Ametzaga, Murgia, Markina, Zarate… Haranaren alde hura guztia ikus zitekeen, ondo baino hobeto. Zigarrotxoa biltzen hasi zen Iñaki, patxada ederrean, zorrotxo batetik marihuana pixka bat atera zuenean.

        —Brokoli pixka batekin hobea geratzen da dena. Nahi duzu? —galdetu zion, hura biltzen amaitutakoan.

        —Beldur pixka bat ematen dit, horrela, urdaila hutsik izanik… Zeharo utzita daukat.

        —Gauza on guztiak utzi al dituzu, ala zer kristo? —galdetu zion Iñakik, irribarrea galdu gabe.

        —Den-denak ez —erantzun zion Maitanek, bekainak goratuz.

        Algara bat itzuri zitzaion Pikari.

        —Orduan, zer?

        —Zer, zer?

        —Tortilla! Txanpiñoiekin ala gabe?

        —Zuk ez al duzu ordu baterako joan behar?

        —Eta?

        —Hamabiak eta hogei dira…

        —Bi erretzeko ere badugu aski denbora!

        Lehenengo zupadarekin flotatzen ikusi zuen bere burua Maitanek. Bigarrenarekin lebitatzen. Zer zen sentipen hura? Hain arin sentitzea, bat-batean, pisu zitzaizkion gauzak, kezka iturri ziren arazoak, burmuinaren hormen kontra talka egiten zuen ongi puztutako puxika baten antzera, hain zentzugabe, hain garrantzirik gabeak, une batetik bestera.

        Iñakiri begiratu zion, begira zeukan. Zupada bat eman zion Pikak porruari, eta Maitaneren ahoa bilatu zuen, birikak hustu aurretik. Larritasunik gabeko ahoz ahokoa, arnasa oparitzea bezala, Maitaneri falta ez zitzaion arnasa, kezko arnasa, oxigenorik gabeko arnasa, arnasa zikina, arnasa kontaminatua, arnasa eztiki kontaminatua, eta gero, betetasun sentimendu hura ahoaren barnean, eta mingainen kateatzea jarraian, segida haren hurrengo elementu logiko gisa. Eskua jarri zion zakil hanpatuaren gainean. Titiak laztandu zizkion Iñakik.

        —Kotxean sartuko gara? —kanpotik bezala ikusi zuen Maitanek, bere burua galdera hura egiten.

        —Zer ordu da? —eskumuturrekoa begiratu zuen—. Joan beharra daukat, joder. Ostiralean, nahi baduzu… Libre zaude ostiralean? Nik ez daukat klaserik… Egun osoko plana egin dezakegu. Zer iruditzen Gasteizen geratzen bagara? Garai zaharrak berritu, pintxo batzuk jan, paseatu…

        —Hotel batera joan…

        —Hotel batera joan… —errepikatu zuen Iñakik irribarrez, beste musu bat ematera gerturatzen zen bitartean.