14
Ispiluaren aurrean pasa zitzaion hurrengo goiza: ilea txukundu, orraztu, forma eman. Begiak, ezpainak, masailak. Sotiltasunaren muga igaro gabe betiere. Kafe luze bat zintzurreratzeko kemena besterik ez zuen izan.
Elenarekin egin zuen topo, baserri atarira irten zenean. Etxeko txabusinarekin jantzita zegoen, ilea guztiz aldrebestuta, sekulako begi-zuloak…
—Beste bat hil zaigu —esan zion ikusi orduko. Ez egun on, ez ezer.
Geldirik geratu zen Maitane etxekoandreari begira, kotxeko giltzak eskuan. Alderrai zebilen Elena, zerbaiten bila ariko balitz bezala. Flanelazko pijama berdekara maiztu bat antzematen zitzaion erdi zabalik zeraman txabusinaren azpitik.
—Murgiara joan behar dut —esan zion Maitanek—. Nahi duzu zerbait ekartzea? Ogia ala…
—Ez.
Agus ikusi zuen lehenengo solairuko leihotik beraiei begira: gerritik gora biluzik, eta katakume zuri-marroi bat eskuetan. Diosala egin zion Maitanek, eta buruaren keinu minimo batekin erantzun zion gizonak. Kotxean sartu, eta Murgiara bidean jarri zen.
Zuia Plaza kafetegiaren aurrean zegoen aparkalekuan geratu zuen kotxea; garaiz zebilen, laurden gutxi ziren. Bere burua behatu zuen atzerako ispiluan: ile hura atondu beharra zeukan. Bolumen pixka bat gehiago ematen saiatu zen eskuarekin. Auto barruan geratu zen, bertatik Iñaki gerturatzen begiztatuko zuen esperantzarekin. Ikusia izan gabe ikustearen tranpa txiki hura.
Hamaikak puntuan iritsi zen Pika. Galtza bakeroak eta kamiseta mahuka motz granatea, ez jertserik, ez jakarik, zapatila beltz-gorriak zeramatzan. Beso gihartsuak antzeman ahal izan zizkion. Baratzean zaildutakoak ote? Ala eskalatzen segituko al zuen?
Kafetegira iritsi baino metro batzuk lehenago makurtu egin zen Iñaki ustekabean, tira egin zion eskuineko zapata gainean trabatuta geratutako galtzaren zatiari, xuxen jartzeko. Terrazako mahai bat aukeratu zuen, parean tokatu zitzaiona, eta eseri egin zen, inguruari behako azkar bat eman ondoren. Musukoa kendu eta sakelakoa atera zuen. Maitaneren zain ote zegoen, zerbait eskatzera sartzeko? Mugikorra behatu eta ezker-eskuin begira jarri zen. Ilea atondu zuen apur bat ezker eskuarekin, keinu aski automatiko batekin.
Hantxe zeukan, muturren aurrean. Ile kizkurra apur bat urdintzen hasia, bizarra ondo baino hobeto egina, zimur dezente aurpegian, ez ziren urteak alferrik pasa. Baina bera zen. Iñaki Pikabea. Pika. Begiratu hutsarekin maitemintzen zinen tipo berbera.
Hantxe zegoen. 20 urte eta gero, 30 metro eskasera. Eta irudipen bat izan zuen orduantxe. Iñakiren begiek berarenekin topo egiten zutela imajinatu zuen, elkarri so geratzen zirela bi-hiru segundoz, eta ziztuan alde egiten zuela gero, ihesi, ametsen basoan barrena.
Kotxeko atea ireki eta berarengana abiatu zen, beranduegi baino lehen.
Ederra izan zen Iñakiren aurpegia aldatzen ikustea, ezerezera so zeuzkan begi haiek azkenean berarengan finkatu zirenean. Piztu egin zen gizona bat-batean, irribarrea ernatu zitzaion luze eta zabal, altxatu egin zen aulkitik:
—Maita!
Besarkada luze bat eman zioten elkarri, eta hala elkar bildurik zeudela, Iñakiren bihotza sentitu zuen Maitanek bere eskuineko bularraren kontra, taupaka erritmo bizian. Segundo luzez iraun zuten txirikordatuta, hantxe, Murgiako plazaren erdian, eta azkenean euren gorputzak banandutakoan, elkarri besaurreetatik helduta geratu ziren, parez pare, eta Maitaneri iruditu zitzaion, irribarrez egonagatik ere, malko banaren itzala zeukala Iñakik begi bietan.
Hitzik esan ezin gabe eseri ziren mahaira. Elkarren aldamenean jarrita geratu ziren, isilik. Maitaneren belaun gainean bi kolpetxo eman zituen Pikak, han zegoela ziurtatu nahi balu bezala, eta hirugarrenean bertan utzi zuen eskua, eta haren gainean jarri zuen Maitanek berea. Begi ertza igurtzi zuen Iñakik.
—Puf! —esan zuen azkenean, belaun gaineko eskua erretiratuz.
—Puf! —errepikatu zuen Maitanek aire isekari leun batekin, bekainak altxatuz eta irribarre eginez.
—Nahi duzu zerbait? —galdetu zuen Iñakik, altxatzeko imintzioa egitearekin batera—. Garagardo bat behar dut.
—Bi.
Baiezko txiki bat marraztu zuen Iñakik buruarekin, eta tabernara sartu zen. Mugikorra atera zuen Maitanek poltsatik: deirik ez, mezurik ez. Bolumena igo eta wifia eta datuak desaktibatu zituen. Bueltan zetorren Iñaki, bi baso garagardorekin, begitarte alaiagoa zekarren.
—Orain bai! —esan zuen bozkario antzeztu samarrez, eta gero begiak kizkurtuz—: Nola esan duzu deitzen zarela?
Barre egin zuten.
—Gugatik! —esan zuen Iñakik, eta topa egin zuten, edalontzia edalontziaren kontra jarririk, klink—. Nork eman dizu nire telefonoa.
—Robertok.
—Joder, klaro —eta beste trago bat edan zuen—. Gauza asko kontatu behar dizkidazu, e?
—Baita zuk ere niri…
—Badakizu? Hemen zure zain nengoela, irudipena izan dut ez zinela azalduko, damutu egingo zinela azken unean.
—Ba hemen nago —esan zion Maitanek.
—Eta asko pozten naiz.
—Ni ere bai.
Beste trago bana hartu zuten.
—Noiz arte geratzen zara.
—Igandera arte.
—A bai? Ze ondo! —pentsakor gelditu zen une batez—. Nahiko zenuke egun hauetako batean nirekin eskalatzera etorri?
Irribarre egin zuen Maitanek. Duela 20 urteko eszena bera errepikatzen ari zela zirudien.
—Bihar Gorbeiara joatekoa nintzen —esan zion Maitanek—. Gogoratzen? Ez ginen gailurrera iritsi…
—Egia.
—Zuk igoko zenuen harrezkero.
—Hamaika aldiz. Bihar klaseak ditut. Zer iruditzen etzi geratzen bagara?
—Gorbeiara joateko?
—Eskalatzera. Ez al zoaz ba bihar Gorbeiara?
Irribarre egin zuten, gaizki ulertua tarteko.
—Nora nahi duzu joan eskalatzera, Oroko Santutegira? —galdetu zion Maitanek.
—Adibidez —erantzun zuen Iñakik.
—Eta etzi ez al daukazu, ba, klaserik?
—Arratsaldez bakarrik.
—Nik ez daukat materialik, ez katu-hankarik, ez ezer.
—Utziko dizkizut nik.
Garagardoa hustu zuen Iñakik azken trago luze batekin.
—Nahi duzu beste bat? —galdetu zion Maitaneri.