1
Ohi baino musu luzeagoa eman zion senarrari, haurrak besarkatu ostean, eta agur egin zien eskuarekin hirurei, igogailuko atea ixten ari zen bitartean. Zaunka soil bat izan zen Lennonen despedida.
—Ama, musukoa! —esan zion Manexek, justu atea itxi aurretik.
Botoiari sakatu behar izan zion Maitanek, guztiz itxi ez zedin. Etxera bueltan sartu, eta bi hartu zituen: musuan jarri zuen bata, poltsan sartu bestea. Bigarrenez agurtu zituen banan-banan senarra, semea, alaba. Baita zakurra ere. Ez zen asko luzatu. Negarrari eusten ari zen Maddi, hobe lehenbailehen alde egitea. Diosal egin zien eskuarekin, atea eskuinetik ezkerrera ixten joan ahala orduan eta txikiagoa zen zirrikitutik.
Beherantz hastearekin batera entzun zituen igogailuko zulotik zetozen txikienaren negarrak, atearen danbatekoak soilik bigundu zizkionak. Eskuarekin xukatu zuen begi ertzean pilatu zitzaion malkoa, masailean behera erortzen utzi baino lehen, eta kalera atera zen. Joder, ezta Madagaskarrera joatekoa balitz ere…
—Abiatzea da zailena, ikusiko dun —esana zion Patriciak bere asmoen berri eman zionean, eta horri heldu behar.
Erreskadan ikusi zituen igarotzen zuhaitzak, farolak, semaforoak, autopistan sartu bitartean. Gero, bakardade osoa, ia trafikorik gabeko bidean. Igande arratseko postala, euri langarraren doinuz lagundua. Eta batez ere isiltasun hura, umeen zaratarik gabeko isiltasun arraro hura, isiltasun atsegin hura, delitu bihurtzen zuena musika jartzea, irratia piztea.
Aspaldi ez bezalako bakea sentitu zuen bere Opel Astraren barruan, Lukianorako bideak iraun zuen ordu eta erdian. Hutsik egin gabe, zuzen-zuzen eraman zuen gpsak Casa Lafuentera.
Berrogeita hamar urte pasatxoko emakume irribarre errazekoak egin zion harrera Casa Lafuenten. Baratzean ibiltzeko arropa narrasekin jantzia zegoen etxekoandrea, eskuak lurrez zikinduak, urdintzen hasitako ilea. Hari euskaraz bi hitz egin orduko argitu zion ez zuela tutik ulertzen.
—Nuestros hijos sí, pero nosotros, ni una palabra, maja. Soy Elena. Tú debes de ser Maitane, ¿verdad? Encantada.
Gaztelaniaz arituko ziren handik aurrera.
Aurkezpenak egin zituzten, Zuiako inguruneei buruzko eskuorriak eman zizkion, eta baita hainbat argibide praktiko ere. Baserri atarira atera ziren, ostera.
—Zoragarria da —esan zion Maitanek, handik ikusten zen parajea ederretsiz.
—Lukiano osoan bistarik onenak dituen etxea da —esan zuen Elenak harrokeria izpirik gabe.
Herriko azkeneko baserria baitzen, goren zegoena mendiaren magalean kokatua; hantxe amaitzen zen errepidea. Iturburu batetik zetorren emaria atari ondora ekarria zeukaten, eta txorrotak harrizko aska laukizuzen estuaren kontra egiten zuen murmurio leuna entzuten zen, txorien kantuarekin nahas-mahasean. Gozo berotzen zuen eguzkiak, eguna azkenetan zen arren. Katakume bel-beltz bat zeukan esku artean Elenak, jaio berria, itxuraz.
—Bai polita —esan zuen Maitanek, laztandu bitartean.
—Nahi duzu etxerako? Beste lauz erditu da Mixi, oparitzeko ditugu.
Horixe behar genuen, pentsatu zuen, bi seme-alaba, zakurra, eta orain katua.
—Halako baserri eder bat bagenu… —desenkusatu zen.
—Zatoz, zure gela erakutsiko dizut.
Logela soila baino areago, beheko solairuan kokatutako estudio txiki bat zen, zeinak baserriaren kanpoaldetik baitzeukan sarrera, ate independente batekin. Komuna, sukaldetxoa, birentzako adinako ohe zabala, eta leiho bat haranera. Zer gehiago behar zuen?
—Jada ez dut ezer topatuko zabalik Murgian, ezta? —galdetu zion Elenari. Batere jakirik gabe etorria zen: ez makarroi, ez sagar, ez jogurtik. Lau trapu sartu maletan, eta hanka!, presaka irten izan balitz bezala.
—Qué va… —erantzun zion—. Emango dizkizut arrautza batzuk, itxoin.
Haranari beha geratu zen Maitane, etxekoandrearen zain. Behiak ikus zitezkeen bazkatzen han, ezker aldeko larrean; behorrak aurreragokoan; Murgiatik zetorren errepidea aurrez aurre. Eta eskuineko auzo hura ez al zen Aperregi? Eta muino gainean zegoen herrixkak, nola demontre izena zuen?
—Tori —eman zion dozena erdi arrautza Elenak.
—Hango herritxo hura, muinoaren gainean dagoena…
—Gillerna.
—Gillerna! Hori da! Eta hemengo hau Aperregi, ezta?
—Aperregi, bai. Ezagutzen duzu harana?
—Pixka bat bai.
Bere estudioko aterantz hurbildu zen Maitane, giltzak eskuan zituela.
—Mila esker, e —esan zion Elenari, arrautza-ontzia altxatuz.
—Oilategi txiki bat daukagu. Egunen batean ikusi nahi baduzu…
Estudiora sartu eta etxera deitu zuen, maleta desegin bitartean; lotarako prestatzen ariko ziren.
Negar batean jarri zitzaion txikiena.
—Noiz bueltatuko zara, ama?
—Hamar lo eta kitto, maitea. Segituan naiz hor.
—Zurekin nahi dut, ama…
—Aitarekin ere primeran egongo zara. Ikusiko duzu. Seguru tranpa pila bat egingo dituzuela…
—Zurekin nahi dut ipuina, ama.
—Laster itzuliko naiz, eta orduan pila bat kontatuko dizkizut, bale? Gauero hiru, zer iruditzen?
—Amaaaaa! —txilioka hasia zen alaba.
—Gero hitz egingo dugu, Maita —jarri zen senarra telefonoaz bestaldean; Maddiren garrasiak entzun zitzakeen, “amaaaa, amaaaa!”—. Ondo gaude, lasai. Zuk aprobetxatu. Gozatu! Deituko dizut, ados? Agur, agur…
Lukianotik buelta bat ematea erabaki zuen. Dei hark utzitako aho-zapore garratza kendu beharra zeukan nola-hala. Txikia zen herria. Ehun bat baserri edo, ongi zainduak batzuk, erdi eraitsiak beste zenbait. Teilatuaren hegal bat luzeagoa zuten hainbatek, ukuiluarentzat eta lastategiarentzat tarte bat egon zedin. Bazuten lastoa pilatuta gehienek, baina animalia gutxi ageri zen. Oiloren bat, eta katuak. Katu dezente kale desertuak zeharkatzen, han eta hemen. Etxalde gehienek egurra zeukaten pilatuta, eraikinaren hormen kanpoko aldearen kontra, teilatuaren metro erdiko estalpea aprobetxatuz.
Lorez ongi jantzitako atari polit bati argazkia egiten ari zela emakume bat atera zen justu bertatik. Bere burua aurkeztea beste erremediorik ez zuen izan Maitanek.
—Casa Lafuenten zaude orduan? Oso jatorra da Elena —hizkera gozokoa zen 45 bat urte izango zituen emakume hura. Doinu lasai eta harmoniatsua zuen bere ahotsak. Sosegua eta lasaitasuna iradokitzen zuen, bere begi urdinek legez.
Bailaraz galdetu zion, ea asko aldatu zen azken 20 urteetan.
—Zer esango dizut ba nik? Lehen mundu guztiak zeukan ganadua… Gaur egun… Eusko Jaurlaritzak laguntzak eman zituen kentzeko. Europa guztian egin zen, e… Lehen sektorea ez da zaintzen. Guk oraindik baditugu behi gutxi batzuk.
—Esnetarako?
—Haragitarako. Lehen mundu guztiak zituen lauzpabost. Orain ia inork ez. Asko aldatu da bailara. Etxe huts asko dago. Duela hamabost urte bai… Orduan ez ginen eskolan kabitzen, jende asko etorri zen hiritik garai hartan.
—Gasteiztik?
—Eta baita Bilbotik ere. Eta ez zuten baratzerik jartzen, lorategiak baizik. Ur asko eramaten du horrek… Hirian pasatzen zuten eguna. Hona, lotara baino ez. Funtzionarioak, ertzainak, medikuak, erizainak… Erizain mordo bat dago! Pentsa, Villa Aspirina deitzen diote Murgiako kale bati… Nazkatu egin ziren gero asko eta asko, eta udan soilik etortzen dira orain. Astebete pasatzeko oso polita da dena, baina bizitzeko… Luze jotzen du hemen neguak… Begira, izotza egin zuen herenegun. Eta maiatzak, 12! Pikutara tomate guztiak.
—Eta zer da, aldaketa klimatikoarengatik?
—Hemengo abeltzainek ezetz diote, baina ni baiezkoan nago. Elur gutxi egiten du lehengo aldean. Begira, aurreko uztailean nik neuk eraman behar izan nien ura animaliei, lehortu egin ziren iturburuak. Lehen ez zen inoiz gertatzen… Sekula ez! Ba bai. Agortu egin ziren. Gezurra dirudi, ezta? —ingurura begiratu zuen—. Hain berdea dena… Ikusiko duzu udan nola sikatzen den guztia.
Emakume hura agurtu eta herriari buelta emateari lotu zitzaion Maitane. Elizako atea irekitzen saiatu zen, alferrik. Bolatokirantz zuzendu berri zituen urratsak, mugikorrak jo zionean.
—Hiru ipuin kontatu behar izan dizkiot —kontatu zion senarrak—, baina tira, konformatu da behintzat. Zergatik esan diozu hamar lo eta bueltan egongo zarela?
—Erreparoa eman dit. Hamalau eta infinitu esatea antzekoa da Maddirentzat…
—Ikusiko duzu egunero galdezka hasten bazait… Eta zenbat lo falta dira gaur, aita? Ea nola engainatzen dudan…
—Eta Manex?
—Ondo dago, oso jator. Asko ari zait laguntzen —esan zion senarrak. Hasperen batek ihes egin zion Maitaneri—. Ongi gaude, Maita. Ez kezkatu. Benetan. Primeran moldatuko gara! Lasai ibili zu! Eta gozatu! Zer plan duzu bihar?
—Murgiara joan beharko dut erosketak egitera, batere janaririk gabe etorri naiz. Eskerrak etxekoandreak dozena erdi arrautza eman dizkidan.
—Zer uste zenuen, Paki bat egongo zela Murgian, ala? —barre koskor bat egin zuen Mikelek.
—Konturatu ere ez igandea zela…
Dezente lasaitu zuen senarraren deiak. Kosta egin zitzaion, hala ere, loak hartzea. Ohean bueltaka ibili zen ordu batak arte, eta gero, minez esnatu zen goizeko seietan. Ustekabean harrapatu zuen hilekoak, eta odolez gorri zikindu zituen bai pijama, eta baita maindireak ere. Jada ez zeukan erremediorik. Arropa eta maindire zikinak bainuontzian sartu eta kulero garbiak jantzi zituen. Ibuprofeno baten bila aritu zen poltsan. Pilula bat eta tanpoi bat eramaten zuen beti larrialdietarako, barneko poltsiko kremaileradunean. Ordu erdi pasa zen pastillaren eragina sentitu zuenerako. Leher eginda zegoen, lo gehiago egin beharra zeukan.