Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

12

 

Casa Areson bazkaltzen geratzekotan egon zen, baina mukuru betea egongo zela-eta larunbata izanik, Lukianorako bidea hartu zuen. Gidatzea: mugikorra une oro ez begiratzeko modu koldar hori. Jakinarazpenaren zarata entzun zuen Bitorianoko herrigunea atzean utzi ahala, eta ezin izan zuen itxaron. Bihurgunerik gabeko zuzen luze samar baten erdian kotxea gerarazi eta larrialdietako argiei eragin zien. Senarraren mezu bat zen, ordea. Seme-alaben argazki bat bidaltzen zion: buztinarekin eskuak zikin-zikin zituztela ageri ziren biak barrez lehertzen, amantal koloredun bana jantzita soinean. “Gaur Donostia aldean, euria eta eskulanak! Segi gozatzen! mz!”. Martxan jarri zuen kotxea. Apetitoa ere joana zitzaion bat-batean.

        Patata tortilla bat egitea deliberatu zuen Casa Lafuentera iritsi orduko, ea sukaldean zebilen bitartean gosetzen zen. Mugikorrari begiratu zion, ez ote zuen soinua nahi gabe desaktibatu izango. Patatak zuritu, zati txikitan ebaki. Bere burua madarikatu zuen: zergatik ez ote zion eutsi bulkadari? Larunbata zen, eta bazkalordua! Nori okurritzen zaio… Umeak izango zituen jira-biraka inguruan, edo emaztea. Astelehenera arte itxaron izan balu sikiera… Sakelakoa hartu zuen eskuetan. Bidalitako mezua ezaba zezakeen akaso, baina, eta konturatzen bazen? Okerragoa zatekeen… Urdinez zeuden WhatsApp-eko check-ak; ez zeukan atzerabiderik kontuak.

        Gogo barik irentsi zuen patata tortilla. Irakurtzeko ere egonarririk gabe geratua zen. Facebook-en sartu zen. Aspalditik ziren han lagunak Iñaki eta biak. Bere azken argitalpena otsailekoa zen. Ez zuen ba istripuren bat izango? Ez zen posible! Martxan zeukan mugikorra… Noren eskuetan, baina? Izerdi hotza sartu zitzaion bat-batean. Ez zuen konprometitzeko moduko ezer jarri, baina… Tira, tira. Ez zegoen arrazoirik aztoratzeko.

        Kanpora atera zen, paseo bat ematea zuen onena, mugikorra bertan utzita. Ez zuen misterio handirik herriak, baina miatu beharko zituen ba hobetoxeago bertako txokoak...

        Elizaraino joan zen, bolatokia behatu zuen kanpotik, bide nagusitik etorrita gora eskaileretatik. Norbait lanean ari zen, larunbat arratsa izanagatik. Etxe bat zaharberritzen ari ziren. Pareko baserriko agurea eserita zegoen atariko petrilean, bastoi eta guzti.

        —Portugesak dira —esan zion Maitaneri, zeri begira zegoen ikusita—. Sekulako fundamentua dute. Martxa honetan laster egingo dira guztiaren jaun eta jabe. Zortzi egunetan altxatu dute hori. Guri hilabetean berritu ziguten baserria, gremio bakoitzetik pertsona bana etorrita. Lau gizonen artean, e! Igeltsero, linternero eta beste! Hemengo profesionalak, badakizu… Eta begira hauek! Bi astean prest izango dute, hasi eta buka!

        Gorantz zuzendu zuen begiratua Maitanek. Agurearen gibelean zegoen baserri puska hari jarri zion arreta.

        —Dotore geratu zaizue, behintzat.

        —Ikusi nahi?

        —Zuri ez bazaizu axola…

        —Zatoz —esan zion agureak, eta altxatu egin zen bastoiaren laguntzaz.

        Atzetik segitu zion Maitanek etxe barrura, herren apur bat egiten zuen. Tximinia berriarenak, egurrezko mahai sendo baten antzinatasunarenak, Domaikiako apaizak eskuz tailatutako kutxa dotorearenak… Etxearen historia osatzen zuten kontu guztiak aletu zizkion.

        Oilo mordo bat hazi omen zituzten garai batean.

        —Txitak erosi genituen. Ez bat eta ez bi. Mila eta berrehun —algara txiki bat itzuri zitzaion hortzen artetik—. Terreno handia dugu, baina toki epelik ez guztientzat, eta negu gorria zen. Ikusten duzu gela hau? Sei metro luze, bost zabal. Hementxe gorde genituen mila eta berrehun txitak, hilabetez.

        —Hemen?

        Barre egin zuen agureak. Irudi hura imajinatzen saiatu zen Maitane. 1.200 txita, 30 metro karratutan… Nola liteke!

        Sukaldera eraman zuen agureak. Modernoa ikusten zen halako baserri baterako.

        —Begira —esan zion indukziozko sua seinalatuz—. Ekonomikaren aldean kaka zaharra da, baina tira. Zer esan behar diozu alabari? Laster dena berarena izango da-eta.

        —Mila esker azalpenengatik —esan zion, baserritik atera ahala—. Maitane naiz.

        —Casa Lafuentekoa, badakit.

        Halako tokietan misterio gutxi.

        Herrigunetik irten zen, agurea petrilean utzita topatu zuen eran, eta La Encontradara zihoan bideari muzin eginda, buelta hartu zuen astiro. Baratzean zegoen Elena, Casa Lafuentera iritsi zenean.

        —Dena ondo? —galdetu zion Maitaneri, eskua bisera gisa jarrita. Azken orduko eguzkiak justu begietan ematen zion—. Lukianotar guztiak ezagutuko zenituen honezkero.

        —Beraiek ni bai behintzat.

        Irribarre egin zuen Elenak. Ez al zeukan nekatu aurpegia?, egin zuen berekiko Maitanek. Begi-zulo horiek…

        —Itxaron —esan zuen, aitzurra uztearekin batera—. Mamia egin dut.

        Atarian itxoin zuen, Elena itzuli arte.

        —Tori.

        Katakume baten burua azaldu zen ustekabean atearen atzean.

        —Hara! —esan zuen Maitanek eta laztan batzuk egitera makurtu zen.

        —Bi hil zaizkigu bart.

        Zegoen lekutik behatu zuen Maitanek etxekoandrea, behetik gora begiratuz. Katakume bel-beltza eskuetan hartu eta jaiki egin zen. Ez zen bere esku bat baino askoz handiagoa. Zango bat altxatzen zuen, atzamarka egiteko imintzioan. Ez zuen azkazalik, artean.

        —Politak dira, baina… —segitu zuen Elenak—. Benetan esaten dizut, nik ja ezin dut gehiago. Bi orduan behin eman behar zaie esnea. Baita gauez ere! Eta poltsa beroaren ura aldatu, hozten den bakoitzean. Ez ditut 25 urte, nire seme-alabak hazi nituenean bezala.

        Eta ez dira zure seme-alabak, pentsatu zuen Maitanek, katakumeari laztanak egiten zizkion bitartean.

        —Zuk zaindu nahi badituzu… —iradoki zion Elenak irribarre erdi batez.

        —Ez, ez. Eskerrik asko —esan zion Maitanek, eta Elenaren eskuetan utzi zuen aberetxoa ziztuan.

        Etxera deitu zuen, estudiora sartu orduko. Bitan hots egin zuen, hirutan, lautan. Baina zer ostia…

        —Maita! —egin zion ongietorria azkenean Mikelek, eta arnasa hartu ahal izan zuen.

        Euforia aire bat hartu zion senarraren ahotsari. Zergatik arraio ote zegoen hain pozik? Azken berriak kontatu zizkion Mikelek. Joder. Bera gabe dena hobeto zihoala ematen zuen. Nola liteke? Ez alferrikako haserrerik, ez garrasirik, ez ezer?! Batere suhartasunik gabe aletu zizkion Maitanek egun haietako gorabeherak.

        —Itxoin! Umeekin jarriko zaitut.

        Bi haurren arteko borroka txiki bat entzun zuen telefonoaz bestaldean: mugikorra nork lehenago hartu eztabaidan ari ziren. Txikienari eman zion lehentasuna senarrak.

        —Amaaaa! —esan zion alabak.

        Ustekabean, malko isilak zerizkion begietatik Maitaneri. Bere burua kontrolatzera behartu zuen. Malkoak sikatu eta bere seme-alabekin taxuzko elkarrizketa bana izatea lortu zuen behintzat.

        —Ez duzu egunero deitzen ibili beharrik, e? Primeran gaude —esan zion senarrak, ostera ere mugikorraren jabe egin zenean—. Lasai egon, erlaxatu. Eta gozatu! Aprobetxatu zure erretiroa!

        Deia eten eta minutu batera iritsi zen Pikaren erantzuna, “Maita! Hau poza!”, hasten zen mezua, eta hitzordua proposatzen zion astelehenerako, Murgian bertan. Iñaki Pikabea, Pika. Bizirik zegoen, beraz. Nola ez. “Primeran”, ipini zuen Maitanek, baina ezabatu egin zuen mezua, idatzi orduko.