Aurkibidea
Munduan artzainak egon baino lehen...
Orduan, noiz hasten da Xamurtasunaren Historia Zaldibian?
Baina... orduan gero zer arraio gertatu zen?
Zergatik uste dugu antzinako garaietako gizarteak xamurragoak zirela?
Baina benetan... Xamurtasuna Zaldibian?
Euskal sena berez hotza eta sentikortasun adierazpen gutxikoa ote da?
Nola galdu genuen gure paradisua?
Zergatik lotsatzen gaituzte gaur egun xamurtasun adierazpenek?
xx. mendean sexu-afektibitatean aurrerakada egin ote dugu?
Nola bizi izan dute azken urteetakoa zaldibiarrek?
Aurkibidea
Munduan artzainak egon baino lehen...
Orduan, noiz hasten da Xamurtasunaren Historia Zaldibian?
Baina... orduan gero zer arraio gertatu zen?
Zergatik uste dugu antzinako garaietako gizarteak xamurragoak zirela?
Baina benetan... Xamurtasuna Zaldibian?
Euskal sena berez hotza eta sentikortasun adierazpen gutxikoa ote da?
Nola galdu genuen gure paradisua?
Zergatik lotsatzen gaituzte gaur egun xamurtasun adierazpenek?
xx. mendean sexu-afektibitatean aurrerakada egin ote dugu?
Nola bizi izan dute azken urteetakoa zaldibiarrek?
ESPLORADOREAREN
AZKEN PASEOKO KALENTURAK
Zaldibiatik xamurtasunaren irudi lausoa eta xaloa daramala pentsatuko du bat-batean esploradore egoiliarrak. Eta paseo bat ematera aterako da galderen karpeta eskuan. Oso gustura egon da eta Zaldibiako komunitatean oso ondo hartu dute, xamurtasun ikusezin guztia sumatu du, egon ugari dago, begiradetan, irribarreetan, ahots tonu goxoan, konfiantza giro atseginean, laguntzeko gogoan... Birra pila bat edan ditu jendartean, hizketaldi goxoak izan ditu, eta jende zoragarria ezagutu du, jada (hau argitaratu arte behintzat) lagun dituenak bihotzean, ostiraletan Beti Gazteko jubilatuekin egin dituen Ttipi-ttapa ibilaldietan gustura asko ibili da kontu kontari...
Hala ere... Ez al dute zaldibiarrek (eta beste herrietako biztanle guztiek, mundu osoan, bereziki pandemia edo postpandemia garai gor hauetan) elkarrekiko maitasuna adierazteko premia izugarririk? Besarkatu eta musuka jateko goserik? Hain gara heziak errespetuan, adeitasunean, lotsan... Maitasuna adierazteak lotsarazteraino?
Bale, esaten du, alkohola ondo dago hasierako lotsak kentzeko, baina noiz hasiko dira laztanak? Akelarreak non dira? Noiz ospatuko dira?
Ostiral iluntzean Joxepaneako terrazako mahai batera igo eta aldarrikatu nahi luke: Ito ditzagun errekan lehenbailehen kotilleoen aguazil zelatari hori eta gure barne-apaiz zahar hori...! Eta hasiko gara behingoz elkarrengana hurbiltzen lotsak biluztuz?
Letania bat bezala errepikatzen ditu halako galderak esploradore arituak, Zaldibiako kale eta bideetan zehar berriro ere lanbropean oinez doala...
Ez du ikusi helduen arteko musurik, ez besarkada luzerik ere, eta seigarren egunean gizon batek, Koldo poetak, agurtzeko bostekoa eman zionean... aste osoan ukitzen zuen lehenengo pertsona zela ohartutakoan sustoa hartu zuela gogoratzen du, hotzikara moduko bat. Azala pixka bat loditu zaiola sentitu du agian, edo agian ez.
Biologian, ona den hura eta plazera ematen duena lotuta daude, batera doaz beti. Gure kasuan ordea nahiko desaktibatuta dago lotura hori: oinarrizko plazerekin lotsatzen den espezie bakarra gara. Esploradore asaldatuak, orduan, oinez politki doalarik, argi ikusten du: etxeen izena daukala Zaldibiako xamurtasunak...
Mendiondo... Oberena... Txindokipe
Mugertza... Eder... Biok Bat
Urbia... Goiz Eguzki... Danak Bat
Lourdesenea... Zubiaurre... Imazenea
Ikerketan aritutako hiru asteetan ez du inor ikusi
banku batean morreatzen
ipurdian eskua sartzen
edo plazatik eskutik helduta begiradak limurtzen
Kanpain... Seroretxea... Karrerane
Olanoetxea... Elizalde... Toki Alai
Albisu... Furundarena... Txindoki
Estanko... Albisuetxeberri... Presalde
Laztan, musu, besarkadak pareta horien barruan
txutxu-mutxu epaile brigadetatik salbu
Sentsualitate askatu guztiak intimitate horretan
Kaletik begi bistan ez dago azal fin bizirik
Etxeberri... Lizarizabal... Arretxea
Konfiteri... Lekueder... Barandiaran
Eskribau... Maraundi... Ibaigain
Errementari Goikoa... Aztiriaga... Arrese
Sexy den guztia gortinen atzean gertatzen da
gorputz biluziak elkarrekin igurzten
masajeak, laztanak, mingain jostalariak
plazeraren izerdiak ateratzen
Eloseginea Txamarretxe... Iturritza... Zubimusu
Biurriņe... Txapeletxe... Iztueta Kapagindegi
Iztuetaberri... Etxabenea... Bidegain
Nazabalenea... Bidearte... Ņaņarri...
Aldapa gora hasten da hor, aurrera jarraituz gero mendi aldera eramango duena esploradore beroa, Ausa-Gaztelura, Jentilen Sukaldera, artzainen bordetara... Harantz doa berriro! Eta bidean ere... Galderak eta irudimena eta galdera berriak...
Goroskindegi... Iņusti... Oskorri
Katteroenea... Haizeleku... Mendizabal
Agiņegi... Gorriņea... Bidasola
Zuloeta... Iparragirre... Olakosai...
Eta kideen arteko loturak eguneroko harremanetan oinarritzen ziren: zirriak eginez, ukituz, musukatuz, elkar garbituz eta elkarri mesedeak eginez...
Eta hala bazan edo ez bazan...