Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Zer da historia?

 

Xamurtasunaren historia ikertzera etorri den esploradore leuna nahastu egiten da batzuetan, historia liburuetan ez baita goxotasunari buruzko inolako erreferentziarik agertzen. Borborka datozkio galdera berriak: Historia gizonezkoek idatzi dutelako ote da? Inperialista borrokazale garaileek idatzi dutelako, borrokarik nahi ez zuten pertsona ororen gainetik?

        Herri baten historia kontatzerakoan aldi historiko zehatz batzuetan izandako gertakizun politiko eta ekonomiko garrantzitsuenak aipatu ohi dituzte historia kontatzen duten gizonek.

        Zaldibian abelazkuntzaren ekonomia eta kulturarekin hasi, antzinako garai haietan nagusi ziren ofizioak aipatu, eta xii. mendeko izkribuetan Santa Fe eliza eta Saturdiko ermita aipatzen direla esan ohi da. 1615eko otsailaren 13an lortu zuela Ordiziarekiko udal independentzia Felipe iii. erregearen eskutik, 3.575 dukaten truke. Gero etorriko ziren Karlistadak, industrializazioa, Gerra Zibila, frankismoa, trantsizioko susperraldia eta oraingo hau... Kutsu ezkorra izaten du normalean historia ofizialaren kontakizunak, ekintza bortitzek markatzen baitute.

        Zergatik kontatzen da beti gisa horretako historia? Zer da berez historia eta nork kontatzen du eta zertarako? Izan ere, askoz jende gehiago bizi izan zen herrian eta bizimoduan gertakizun askok eragiten zuten... Misterioak osatzen du historia. Nork argituko ote duen eta nolako argiarekin, begirada kontziente batekin egiten den hautaketa da historiaren kontaketa.

        Historia asko kontatu daitezke. Idatzi dira artearen historia, literaturarena, filosofiarena, bikingoena, xakearena, ordenagailuena, Joko Olinpikoena... Eta ñabardura guztiak kanpoan geratzen dira beti. Ezinezkoa delako, ozeanora joan eta berrogeita zazpi ur tanta aukeratzea bezain ezinezkoa. Kontatzen duenaren interesak eta bere betaurrekoek ikusten uzten diotena beti atzean... Baina tira, ikuspegi zehatz batetiko gertakizun zehatz batzuk ontzat eman eta gero mundu osoan ikasle guztiek historia hori ikasi behar dute, eta azterketak gainditu. Horixe izan da Historia gehienontzat. Baina xamurtasunarena? Zergatik ez zaigu historia hori inoiz kontatzen?

        Horretara jarri aurretik hirugarren galderari begiratu dio esploradore kanpotarrak: