Aurkibidea
Munduan artzainak egon baino lehen...
Orduan, noiz hasten da Xamurtasunaren Historia Zaldibian?
Baina... orduan gero zer arraio gertatu zen?
Zergatik uste dugu antzinako garaietako gizarteak xamurragoak zirela?
Baina benetan... Xamurtasuna Zaldibian?
Euskal sena berez hotza eta sentikortasun adierazpen gutxikoa ote da?
Nola galdu genuen gure paradisua?
Zergatik lotsatzen gaituzte gaur egun xamurtasun adierazpenek?
xx. mendean sexu-afektibitatean aurrerakada egin ote dugu?
Aurkibidea
Munduan artzainak egon baino lehen...
Orduan, noiz hasten da Xamurtasunaren Historia Zaldibian?
Baina... orduan gero zer arraio gertatu zen?
Zergatik uste dugu antzinako garaietako gizarteak xamurragoak zirela?
Baina benetan... Xamurtasuna Zaldibian?
Euskal sena berez hotza eta sentikortasun adierazpen gutxikoa ote da?
Nola galdu genuen gure paradisua?
Zergatik lotsatzen gaituzte gaur egun xamurtasun adierazpenek?
xx. mendean sexu-afektibitatean aurrerakada egin ote dugu?
Nola bizi izan dute
azken urteetakoa zaldibiarrek?
Herritarren lekukotzak jasotzen jarri eta haien hizkera goxo eta kantariarekin liluratu da Esteban. Pertsonen ahotan beste era batean gorpuzten da historia.
Debeku giroaz hitz egin diote:
—Egie esan, gutzako nahiko gorra eitten zan euskeraz ezin hitzeiñe, erderaz hitzeiñ beharra. Lezio asko nik memoriz ikasi nittun baino ze esaten nun jakinbe. Gero kontuatu nitzen, urtek pasatu zienen, enee! Hau, hau zan... eta hola. Historia-de-Españako gauzak adibidez, buruz ikasi behar zien: en-1808-surge-la-rebelión-de-nosecuantos...
—El-pueblo-madrileño-capitaneado-por-Daoiz-Velarde-Ruiz... pentsa, holako frasek.
—Eta Pitagorasena... Pitágoras-célebre-matemático-griego-descubrió-en-el-triángulo-rectángulo-la-siguiente-propiedad... Ordun momentun etziñen jabetzen, gero kontuatzen ziñen, hoi ze formula zan...
—Gero asko kastigatzen giñuzten euskeraz hitzeitten gendulako, nik kopia asko eiñ nittun: "No hablaré en vascuence en las horas de clase"
—Errekreoa atatzen giñenen, berez nahi genduna eiñ behar gendun, jolastu ezta? Baiño, beti bakarren bat jartzen tzuen euskeraz zeinek hitzeitten tzon abixatzeko . Horrek andereñoi esan beharra zeken, eta ordun, euskeraz hitzeiñ zonak ba hoi, kopiau beharra zeken...
—Garai hartan, elizak indar haundie zeken. Haundie.
—Baaai. Ta gurasoi iruitzen zitzaien, baaaa elizak esandakoi kaso eiñ beharra zeola. Analizau beharrike etzeon...
—Ez, ez, kuestionature ez. Hue zan bere bidea. Hala zan. Bakarrik guri gero iki zitzaizkiun beste atek, ta lanen hasitakon, beste mundu bat ezautu.... horrek ez dake zerikusik! Batxillerra eitea Ordizia jun, beste herri bat, beste jende bat, baita beste ikuspegi batzuke. Ba bizie aldau eitten da, asko gañea. Ta gerore garai hortan etxene, klaro, denbora pasatzen da, ta hasieran hain estriktok zienak gutxika gutxika aldatzen juten die, lasaitzen, ta ordun nik ustet errexago. Baino elizak beti izan do pixu haundie. Ta muxuk ez reflejatze horrek zerikusi haundie dake horrekin. Ordun dana zan pekatu. Dana zan pekatu. Guk nola ez genduken taberna sartzeik! Etzeon sartzeik. Mutillek bai. Ta prakaike etzeon jazteik! Neskak prakaik etzuen jazten. Beida ze mundu desberdiñek zetozen eh... hoi konpontzea gero ez da hain errexare. Ze desberdinek!
—Molde asko hautsi behar izan ditteu. Hasera haseran, nik prakak jantzi ta autobusen zai neola, gure amari esaten zien: "Han zeon zure alaba... prakakin!"
—Beste gauza kurioso bat: bere garaien gure etxen bi aldetakok egongo zien... ba, ezer ezer ezer etzan komentatzen etxen! ez gerra, ez ondorioik... Guri etziun halako arazoik trasmitittu batere. Guri etziun bate komentatzen... ahaztu eiñ nahi, eo enterrau eiñ nahi... eztakit zeatik. En una nebulosa ustet geatu zala dana.
—Hemen apaiz berezie izan gendun: Don Modesto, berezie zan. Mezata jun bearra zeon síosí. Danak mezata. Goizeko 8:30tan ematen zon. Abilidade berezie zeken, pentsau, meza beatzi minututan ematen tzon!
—Rekorra ematen tzon, bai! Jendek kronometrau eitentzon! Gaur zortzi minutun eman dik! Ta gaur beatzi minutun!
—Ta hoixe, puntual ez baziñen aillatzen... ebangelioako ez baziñen aillatzen... ja meza ez aittuta bezela zan. Ja mezak etzon balio. Ordun hurrungoa aittu beharra zekezun, ta hurrengoa bestek emango zon... Don Modestona jende pilloa etortzen zan, ….motza zalako, …..aiñ motza izanda, gero goiz guztie libre geitzen zitzaien!
Eta nola batzuk mendira jotzen zuten babestera:
—Gure aitte artzaie zan ta ordun, eskolako garaien hemen egoten giñen baino geo, oporrak ematen zizkiunen... aittek beti esaten ziun kalen gaizki ikasten zala. Ordun nere anai zana ta biok hor juten ginen Aralarrea uda guztie pasatzea.. Nik ez daket traumaik, egie esan. Goizen biltzen zittun ardik, aitte bea juten zan billa ta gero ardik juten zien bere belardia. Gauen beize bildu eiten zien, kontatzeko bakarren bat falta bazane, artzaie segitun kontuatzen baida ardiñ aurpegikatik bakarren bat falta ote zaion. Ta bueno, pues gosaltzen gendun... akordatzen naiz ardik antzutzen zienen, ja esneik ematen etzuenen, aittek lechecondensada potek eukitzen zittun ta harekin gosaltzen gendun. Gero, eunero mantzanila biltzea, nik ez takit gure aittek zeini ematen tzion mantzanillea! ...ta atsalden perretxikuta. Es ke... han aittek persekuzioa eukiko zon bi umekin, guk bakizu, diskutittu eiten gendun ta... "jun zaizte perretxiku bila!" esaten tziun. Eunero perretxikuk biltzea: xixahorik, gibelurdinek...
Eta nola goxotasuna etxean babestu zuten:
—Ba nik, aittonakiñ artoa aletzen ai nitzeneko rekuerdo pilloa dittut. Amona denbora askon gaixo eonda hil eiñ zan. Aittonakin goiko ganbara jun ta artoa aletzen aitzen giñen, ta beak kontatzen zizkiun kontu-zarrak. Gu bostok eoten giñen bere ingurun dena aittuz. Horrekin akordatzen naiz.
—Gure etxen lo itteko beti kantu bat ibili da, zuk aittuko zenun: (kantatu egiten dio esploradore xamurtuari) "Lotxo bat eta lotxo bi, amak goxuak ekarri, Beste guzieri bana eta bina, gure ..... hamabi", ta .... hor jartzen zan lo eiñ behar zon umen izena. Ordun ohian eoten ginen, ohi bakuitzen bik lo eiten gendulako. Aurrena kui txikiñ, gero kui haundigon, gero zarrena ohi txiki batera pasatzen tzuen, aittek eiñdakok danak, egurre oso ondo lantzen baizon. Azkeneko pauson ohi normalea pasatzen giñen , "ohi normalea" esaten det 90zm zabal izango zalako, eta biñaka lo itten gendun. Estu-estu.
—Kalefazioa hue zan!
—Mutillek mutillekin ta neskak neskakin.
—Bestela familiko giroa, bai zuen etxen ta baita guren, goxoa izan zan, oso. Nik aman faltea asko izan nun, baiño bueno, nere ahizpak 20 urte zeuzken ta netzat ama mukoa izan zan... Baiño egie esan, tratu aldetik kariño handie izan gendun.
—Guke suertea izan gendun izebak, aman ahizpak, baserrin bizi zielako. Gu jaio giñenen arten han bizi zien. Eta ordun amak laguntza haundie izan tzon. Eta gu gure izebak... mimauta bizi izan giñen. Besarkadak eta muxuk eta hola...
—Mutillek, nik ez dakit musu emateko denbora gehitxo izaten zuen, kanpon lanen... Guk amai helduta eta hola bai... goxotasunen espresio hoi... askotan etzan gehitxo izaten...
—Espresio hoi hain agiriñ igual ez deu agertu. Sentitu bai, baino agiriñ jarri igual ez, muxu eman igual ez.
—Askotan muxu eman beharrik ez dau berotasune sentitzeko, ezta? Nere ustez hoi sentitzen gendun.
—Bai, muxu eman ezakatio oso lotue sentitzen zinen senidekin.
—Igual gauzak esateko modun: "Hau etzazu iñ" ... zutaz kezkatzen zien eta maittetasun bat azaltzen zan...
—Tonue, nola, ze tonutan esaten zizun... hola izaten zan.
—Oain nik nere seme-alabak muxuka jan eitten dittut, lasai asko ematen diet muxu eta heldu eta... bai.
—Bai, bai, bai... Inportantea dalako muxu ematea, sentitzea. Zergatik ez hoi reflejatu, ezta? garai hartan nahiz ta asko maitte etzan reflejatzen muxukin.
Gizarte mailan ere esnatze bat izan omen zela Zaldibin ere:
—Hemen herri mugimendu bate eon zan, baiño hoi politikogoa izan tzan, talde haundie zan, danak famili bat zien, alkarrekin eitten zittuzten proiektuk, egiten tzuena guztie alkarrekin, ta asko zien. Ikastolak martxan jarri zienen... Oidui eiñ tzuenen... Ezkerraldeko jendea zan gehien bat, 70-72 urte hoitan... Beti atentzioa ematen zitten ze ondo eamaten zien, danak anai arrebak bezela, Hauxe da! esaten nun...
Duela 50 urte hogei bete berriak zituen gure Marikarmenek. Zaldibiako giroan zeharo sartuta egonagatik ere, gaztelaniaz egiten zuten etxean, bere gurasoak Andaluziatik etorritakoak zirelako justu bera jaio aurretik, aitak Bilore fabrikan lana lortu zuelako. Orduan oraindik ere fabrikan lan egitea gauxa mixerablea bezala ikusita zegoen, zerbait degradantea bezala herrian nagusi ziren baserriko familientzat, eta horrek zenbait arazo sortu zizkion.
Adibidez, Joakinekin nobiotan hasteko zorian zenean, haren familiak ez zionean utzi harremanari aurrera egiten baserriko emazte bat bilatu nahi ziotelako, eta urruntzeko guztia egin zuten. Txutxu-mutxu gaiztoak sortu ziren orduan herrian Marikarmeni buruzko gezur galantak esanez, haren izena zikinduz. Hala zen orduan. Urte gutxitan aldaketa handia egin zen ordea.
Harremanak egiteko eta mutilak ezagutzeko modu bakarra ia garai hartan dantzaldietara joatea zen. Larraitzeko erromerietara joaten hasi ziren nerabetan, meza ostean festa trikitilariren batekin, eta laster herriko festetara asko mugitzen ziren lagun kuadrillak, orkestra bat zegoen lekuan dantzaldia baitzegoen, Zumarragan adibidez. Beasainen banda egoten zen eta han ibiltzen ziren jira eta buelta, autobusa ikusi arte. Autobusa agertzen zenean, ordea, dantza bere horretan utzi eta korrika abiatzen ziren hura hartzera.
Dantzaldietan neskak hasten ziren neskekin lotuan dantzatzen, eta orduan bi mutil hurbiltzen zitzaizkienean dantza eskatzera, ba maniobrak segun... Bitako bat gehiago gustatuz gero, haiek etorritakoan rrrras, buelta ematen zuten, hobeto egokitzeko, eta beste batzuetan bazetozela ikusita beste alderaino joan, ihesean, nahiz itsusi samarra gertatu mutilentzat.
Joseantonio Beasaingo halako dantzaldi batean ezagutu zuen lehenengoz Marikarmenek. Hortentsi lagunari Gregorio izeneko mutiko mardul bat gustatzen zitzaion eta haiek biak hurbildutakoan rrrras, buelta egin zion Marikarmeni barkamen moduko keinu bihurri bat eginez. Hala egin zuten topo lehendabizikoz Marikarmen eta Joseantoniok, Tengo Una Vaca Lechera igandeko festa giro hartan aurrez aurre dantzatzen. Ez zen berebizikoa izan lehen aldi hura, baina Hortentsik Gregoriorekin kapritxoa zeukanez askotan lotu ziren han, eta gustu hartu zioten. Ordea, Joseantonio eta Gregorio aste batetik bestera desagertu egin ziren, politikan sartuta zebiltzalako antza, eta hutsuneak bihotzean tristura bat utzi ziola ohartu zen Marikarmen.
Saladefiestasetara ere hasi ziren joaten lagun taldean: Hortentsi bera, baina baita Marijose, Inmakulada, Teresita... Kotxea hartu eta bostak abiatzen ziren Bergarara... Tolosako Maitunara... Zarautza ere bai... Eta halako lekuetan bi urtetan-edo zeharo aldatu zen giroa, eta sekulako loteak ematen ikusi zituzten baita Zaldibiako neskak ere. Morreoak orduan beste herrietako diskoteka ilunetan bakarrik ikusten ziren! Eta herri txikiko gure neska mutil formal hauen begietan libertinaje ikaragarria zen hura oraindik ere.
Dena batera gertatu zen hala ere, suspertze modukoa bezala, eta Zaldibiara apaiz berria etorri zen ere garai hartan, Don Jesus; hark ere sexualitatea pixka bat askatu omen zuen, moldeak hautsi omen zituen horrek ere berean...
Lagun batzuk nobiotan hasiak ziren eta eskapadak egiteko lagun taldea murrizten ari zen, baina Marikarmenek ez zuen gustukorik aurkitu diskotekatan. Orduan santafeak iritsi, eta sorpresa! Jaietako egun handian, sagardoak ondo alaitutako festa giro apartaren erdian nor azalduko, eta Joseantonio! “Hitz egin beharra dinagu” esan zion Marikarmeni ikusi bezain pronto. Luze hitz egin zuten elkarri begira, ondoan izanagatik musika urrunetik bezala entzuten zutela. Kale nagusian zegoen ferratokiaren atzeko iluntasunean zirraraz betetako lehen musu laburra eman zioten elkarri. Bigarrena ere bai. Eta hirugarrena mihia pixka bat sartuta. Zer zen hura! Txinpartak! Gero bakoitza bere etxera, lurrikara bana gorputzean...
Ilunagatik ere, jakin zen herrian han gertatutakoa, eta izan zen ere xamurtasun infinituko tarte hori zikindu nahi izan zuenik, baina ordurako herrian nagusi zen giroa bestelakoa zen, aldaketa garaiak baitzetozen... Gazteak hegoak irekitzen hasiak ziren geldiezina zirudien bidea hartuta.
Azken urratsak falta zaizkio esploradore zirikatzaileari. Lekukotza berriak bilatu ditu, iragan hurbilari buruz misterio asko dauzka argitzeke oraindik. Bilatzen duen xamurtasunaren ñabardurak euskalki goxo horretan ikusten hasia da.