Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Zer da xamurtasuna?

 

Eta asko pentsatu gabe datorkion jario bati segika zera idatzi du: Xamurtasunak aitortzen zaiona baino garrantzi handiagoa dauka geure bizimoduan eta baita arbasoenean ere. Ez da beti jarduera klandestinoa izan.

        Zerbaitek bizitzari edertasuna eta zentzua ematen badio, hori xamurtasuna da. Maitasunaren adierazpenik lasai, eder eta sendoena da. Laztanean, xehetasun sotilean, ustekabeko oparian, begirada konplizean edo emandako besarkada zintzoan adierazitako errespetua, aintzatespena eta maitasuna dira.

        Umetxoak, xamurtasunik jasotzen ez badute, hil egiten dira. Pertsona helduen arteko harremanak ere, xamurtasunik gabe, gizatasun gabeak dira.

        Zainketak, maitasuna, sexualitatea. Begiradak, hizkera goxoak, besarkadak, musuak, laztanak... Xamurtasunak gure egunerokoa zeharkatzen du, gure hezurdura nekatuei altzo goxoa eskainiz.

        Limurtu egin da gure esploradorea esaldi hauek gauzatzearekin batera, eta ezker eskuarekin lepoa eta bularraldea ferekatzen hasia dela ohartu da. Utzi dio eskuari bidea egiten, idazketa lana alboratu gabe.

        Giza plazer oinarrizkoena, bizi-kalitatearen kodea da. Nola bizi dugun, zer ematen diogun xamurtasunari, halako pozez bizi gara. Bizitzaren momentu guztietan dago presente ezinbestean, xamurtasun emozionala zein fisikoa, bere forma guztietan.

        Azal lodia ala fina izan, zenbat eman, zenbat jasotzeko prest, norberarekiko, besteekiko... sentikortasun gaitasunari estu lotua dago, eta beldur eta lotsen aurrean ezkutatu egiten da.

        Herri baten historia xamurtasunaren historia da, berari esker sortzen dira beharrezko loturak, berari esker bizi dira pertsonak, elikagaiez haratago. Funtsean, komunitate bat elkarrekin lotzen duena xamurtasuna da.

        Bapo geratu da Esteban idatzitakoarekin eta bigarrenari ekin dio: