Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Munduan artzainak egon baino lehen ardi basatiak bizi ziren, baita Aralarko larretan ere.

        Oso desberdina ote zen ardi basatien bizimodua? Milaka urte atzera bizi ziren gizakiek erantzun beharko liokete galdera horri baina milaka urte atzera bizi zirenez haien testigantzarik ez dugu. Historiaren arazoa horixe da. Ardiek eurek ere kontatu lezakete euren historiaren parte hori, belaunaldiz belaunaldi arkumetxoei kontatu dizkieten arbasoei buruzko ipuin eta kantuen bidez... baina zoritxarrez ardien kantuak ez ditugu ulertzen. Abere sinpleak direla pentsatzera jotzen dugu.

        Dakiguna zera da, une jakin batean artzainak ardiez jabetu zirela eta zakurren bat ere juntatu zitzaiela, eta bizimodu berri bat asmatu zutela sinbiosi horien bitartez: otsoengandik babestuta lasaiago bizi ei dira ardiak geroztik; trukean gizakiek otsoarena egiten dute batzuetan, eta besteetan gazta, mamia, jertseak, mantak, galtzerdiak.

        Aralarko udalekuetako larreetan artzain eta ardiek uda osoa elkarrekin pasatzen zuten duela gutxi arte, milaka urte atzerako harekin hain diferentea izango ez zen bizimoduan, kobazuloetan babestuta lehenengo, txabola eta bordetan gero. Eta den-denek lokartzeko abesti goxoak kantatzen zizkieten sutondoan umetxoei.

 

* * *

 

Zaldibiako xamurtasunaren historia Zaldibia izena eta herria bera baino askoz lehenago hasi baitzen.

        Xamurtasunaren historia galderaz beteta dago, inoiz kontatua izan ez delako. Hori ekarri du hain zuzen besazpian Zaldibiara aste batzuk igarotzera etorri den Esteban izeneko esploradore xelebreak: galderaz betetako karpeta handi bat.

        Hasieraren kontu honen harira, duela gutxi irakurritako historia hau gustatu eta arkatzez apuntatu zuen:

 

        “Ikasle batek Margaret Mead antropologo estatubatuarrari galdetu zion zein uste zuen izan zela Gizateriaren lehen zibilizazio-zeinua. Ikasleak eta bere lagunek Meadek amuaz, buztinezko eltzeaz edo ehotzeko harriaz hitz egitea espero zuten. Baina ez. Berak esan zuen antzinako kultura batean zibilizazioaren lehen zeinua femur bat izan zela, norbaitek hautsi eta gero sendatu zena.

        Meadek azaldu zuen animalien erreinuan, hanka bat hautsiz gero, hil egiten zarela. Izan ere, ezin duzu ez janaririk ez urik eskuratu, ezta arriskutik ihes egin ere; eta beheko gorputz-adarra hautsita duten animaliek ez dute hezurra bere kabuz lotzeko adina denbora irauten. Beraz, femur hautsi batek, eta sendatu zenak, argi uzten du norbait hautsi zuenarekin geratu zela, eta haustura loturaz bildu eta haustura immobilizatu ziola. Hau da, zaindu egin zuela”.

 

        Bere aurkikuntzarekin pozik, lehen hiru galderak post-it batean idatzi ditu esploradore antiojodunak. Esate baterako: