Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Orduan, noiz hasten da
Xamurtasunaren Historia Zaldibian?

 

Estebanek ez daki nondik hasi eta badaezpada “500.000 / 50.000 / 5.000 / 500 / 50 / 5” apuntatu du bere koadernoan. Orduan idatzi du:

 

 

Duela 500.000 urte baziren jada bi miloi urte homo generoa bilakaeran zebilela, dirudienez Afrikan soilik hasiera batean, eta Eurasian barrena gero. Aurkikuntza txikiak eta eboluzio mantsoa eginez, baina beste izaki guztien artean nabarmendu gabe naturan bizi izan ginen milaka eta milaka eta milaka urtez, beste ugaztunengandik oso gutxika desberdinduz. Mende bat errekatxoa da paleolitoaren ozeanoaz ari garelarik. Gizakion historiaren garrantzitsuena paleolito luzean dago, nahiz kontakizunik ez dagoen. Ez dago inolako aztarnarik garai haietan Zaldibian homoak ibili zirenik esaten digunik.

        Esan dezakegu: “Zaldibiako Xamurtasunaren Historia Zaldibiako bigarren biztanlea iristearekin batera hasten da”. Baina ez da egia, askoz aurretik egon baitzegoen xamurtasuna gaur Zaldibia deitzen dugun lur horretan.

 

 

Duela 50.000 urte kokatuko dugu historia honen hasiera beraz. Ikertzaile gehienek orduko sapiens haiek gu bezain adimentsu, sortzaile eta sentiberak zirela uste dute. Genetikoki ez gara ia aldatu.

        Tze izeneko biltzaile-ehiztaria egun batez esnatu eta lagunekin irten zen basoan jatekoen bila. Perretxikoak, sustrai jangarriak, igelak... Eguerdirako bueltan izatekoak ziren. Gero arratsaldean denbora libre asko izango zuten elkarri istorioak kontatzeko, haurrekin jolasteko edo besterik gabe plazeretan eta alferkerian ibiltzeko. Baina egun horretan ahuntz baten atzetik joan eta ohi baino gehiago urrundu ziren mendi larreetako taldearen kanpalekutik.

        Gaur egun Zaldibiako plaza dagoen lekuan bertan izan zen enkontrua, oraindik izenik gabeko errekan. Bere taldekoek arbuiatu zutelako alde egin behar izan zuen Mah emakumezkoak kostaldetik, eta lurralde zabalak zeharkatu zituen egarriak itota errekara ailegatu zenerako... Egunak eta egunak zeramazkien ibiltzen, ihesean hasiera hartan, zerbaiten bila gero, ondo jakin gabe ere zer zen. Jatekoak eskuratzen trebea zen arren, ezinegonak eta nekeak jota zegoen, eta zauri itsusi samar bat ere egina zuen oinazpian. Ez zuen asko iraungo.

        Edaten eta garbitzen ari zela inguruan zerbait zebilela sumatu eta hiru gizaki begira zeuzkala ikusi zuen. Bere lantza eskura zuen baina berehala ohartu zen ez zuela defendatzeko beharrik, etorri berriek jarrera atsegina zutelako berarekin, irribarrez eta begirada irekiarekin. Hitz egiten saiatu ziren eta hizkuntza ezberdinak erabiltzen zituzten arren oinarrizko kontuak komunikatzeko gai izan ziren. Bere bakardadearen izua ulertu zuten berehala, eta hura laguntzea erabaki. Batak burua laztandu zion eta hark irribarre goxo bat itzuli. Bien begiradek tink egin zuten, distira bat. Zauria arakatu eta inguruan hura zaintzeko sendabelarrak bilatu zituen Tze izeneko emakume gazteak. Gizonezkoetako batek, Has izenekoak, su egiteko egurtxoak jaso zituen eta laugarrena, Zil, intxaurrak eta onddoak biltzen aritu zen. Ilundutakoan sutondoan ziren laurak otordu oparoa egiten, eta barre sano ere egin zuten.

        Bertan igaro zuten gaua, justu gaur egun Zaldibiako udaletxe berria dagoen parean. Hotz egiten zuenez, besarkatuta egin zuten lo, binaka, eta oso hurbil batzuk besteengandik, eta justu lokartu aurretik Mahk pentsatu zuen horixe zela jakin gabe bilatzen zuen hura.

        Biharamunean Amondarain errekan barrena Koa izeneko kobazuloraino iritsi ziren eta han ezagutu zituen Mahk eskuzabal hartu zuten taldeko beste kideak.

        Kideen arteko loturak eguneroko harremanetan oinarritzen ziren: zirriak eginez, ukituz, musukatuz, elkar garbituz eta elkarri mesedeak eginez.

 

        Antropologo, etnologo, arkeologo, paleontologo, entomologo, otorrinolaringologo eta beste ologo batzuen liburuak aztertu ditu esploradore bidaiariak: Arsuaga, Eisler, Harari, Barandiaran, Gimbutas, Maturana... Informazio asko jaso du, lan serioa egin nahi du Esteban ipuingileak. Idazketarik eta armadarik gabeko garaiez ari gara, izararik eta sardexkarik ere ez zegoenekoaz.

        Ehiztari-biltzaileen munduan janari goxoa topatutakoan, fruituak eta okela batez ere, ahal bezain beste jateko beharra zuten beste batek harrapatu baino lehen (eta hortik ei datorkigu guri janari betekadak egiteko sena hori, nahiz guk, hau irakurtzen ari garenok, jakiak nahieran eduki neberan); bilketa zen haien jarduera nagusia, ehizaren aurretik; ibilian bizi ziren, janari bila, urtaroen arabera; ez omen zegoen jabego pribaturik, harreman monogamorik ez aitatasunik; gizaki bakoitzak aldi berean izan zitzakeen sexu-harremanak eta lotura intimoak hainbat gizon eta emakumerekin; umeak tribu osoaren artean hazten ziren, aita biologikoa nor zuten jakin gabe. Egurrezko eta harrizko tresnak zeuzkaten batik bat, eta gutxi, oso maiz aldatzen baitzuten etxea.

        Hau ez da orain artean nahikoa esan, eta argi esan beharra dago: xamurtasuna bizitzaren erdigunean zeukaten gizarteak ziren garai hartan gaur egun Euskal Herria deitzen dugun lurralde osoan (eta ingurukoetan ere) bizi zirenak.

        Talde txikietan bizi ziren eta lankidetzan aritzen omen ziren, ehizan, salerosketa txikietan, festa edo erritualetan, zenbaitetan beste talde batzuekin batera ere. Batzuetan borrokak ere gertatuko ziren, noski, baina giza populazioa oso txikia zen mundu osoan. Taldeak bakanak ziren eta batzuetan urtetan ez zuten beste talderik aurkitzen. Bere inguruaren ezagutza sakona zuten: zein landare diren jangarri eta zeintzuek gaixotzen duten, sendatzeko zeintzuek balio duten, untxiak nola harrapatu, sugearen ziztadari nola aurre egin, edota bere bailarako ezagutza geografiko sakonak. Inoiz historian egondako gizabanakorik jakintsuenak eta trebeenak izan ziren.

        Bestalde, beren gorputzen eta zentzumenen barne mundua primeran menderatzen zuten, eta sasoi bikainean ziren. Ondo esertzen ere bazekiten. Oro har geroztiko gizaki guztiek baino bizimodu erosoago eta onuragarriagoa zutela esaten dute adituek. Nutrizio ideala zuten, askotarikoa. 60 edo 80 urte bizi zitezkeen. Ondorengo gizaki nekazariak baino handiagoak ziren. Berriro esango dugu: biologikoki ia-ia haien berdinak gara, azken sei mila urte hauetan hainbeste aldaketa sozial-politiko-ekonomiko gertatu badira ere.