Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Zer gertatzen da ba Oiduin?

 

Oidui aipatu eta hasperen sakona egiten du zaldibiarrak. Hainbeste gauza...! Hain inportantea da leku hau! Ezkutuko kontuen lekua... Han, koberturarik gabe, argirik gabe, kandelekin, txistorrak zirin egiten, sua egin eta inguruan gaupasan... Naturaren erdian... Arbasoekin loturan...

        Mota askotako bilerak egin izan dira artzain txabola izandakoan: festa herrikoiak, omenaldiak, irteerak, gaupasak. Belaunaldiz belaunaldi mantendu du lokarri hori zaldibiarren artean, duela 49 urte martxan jarri zenetik. Klandestinitate politiko eta sexu-afektiborako gordelekurik aproposena, iniziazio erritual guztien gunea: lehen gaua etxetik kanpo haurtzaroan, mendian bizirautekoa, lehen mozkorraldia, lehen musuak, lehen sexu harremanak... Energia telurikoa dario mendi-taldeak kudeatzen duen txabola honi.

        Esploradore kitzikatuak ezagutu beharra dauka leku hori! Kotxea ur deposituetan utzi eta jentilen galtzadan gora abiatu da. Jentilarri izeneko trikuharri zoragarria topatu du pagadi eder

baten alboan. Kristautasunak asmatutako kondaira ezaguna dauka trikuharri honek:

 

        Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren. Izena “gentil” hitz latindarretik dator, eta horrela zeritzoten pertsona fedegabeei. Kristautasuna etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta. Behin batean, jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango haranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Halere, ez omen ziren jentil guztiak orduan hil, haietako bakar batek biziraun izan baitzuen. Jentil honek Euskal Herri osoan Kixmiren jaiotza iragartzen du eta bere izena Olentzero da.

 

        Ejem.

        Pikuetatik gora Esteban Oiduira ailegatu denean behorrak dabiltza inguru osoan bazkan.

        Langa igaro eta txabolaren barrualdean ondo kuxkuxeatutakoan, kanpoaldean itzaletan dagoen mahaian eseri eta koadernoa ireki du, hango paretek kontatzen dizkioten istorioak apuntatzeko.

        Oidui zubia da. Garai guztietako gizakiekin eta naturarekin bat egiteko leku pribilegiatua.

 

 

Duela 5 urte 22 zituen Mirenek eta, Arte Ederretako karrera amaitu berritan, hurrengo urtean zer egingo ote zuen ez zekiela, bere gauza guztiak jaso eta herrira bueltatu zen uda pasatzera. Uda hura bere bizitzako unerik erabakigarriena bezala bizi zuen, unibertsitate bizimodua utzita erabakiak hartu beharrean baitzegoen. Emozioak kateatuta zeuzkan. Egia esan esperantza gutxi zeuzkan herrian geratzeko hiriko bizimodura eginda zegoelako, eta alde handia zeukan herriko giroarekin. Hala ere betiko lagunekin elkartu eta betiko planak egiten aritu zen.

        Abuztuaren hasieran Oiduira igo ziren, astebete pasatzera. Edurne, Larraitz, Aitziber, Amalur, Jon, Mikel, Peio, Aitor, Maitane... Terapia bezalakoa da Oiduira joatea. Inork ez du han mobila faltan hartzen, hantxe egotea da... Benetakoa. Gero eguraldi ona egiten badu, hogei minutura Lazkao aldera Lareo urtegia dago, eta harantz joan, bainatu, mendi bueltaren bat, kobazuloak ere badaude... baina normalean plana hantxe egotea izaten da. Uste baino erosoago sentitu zen Miren ere betiko lagun taldearen baitan, nahiz eta berak estilo diferentea zeukala argi zegoen.

        Lagun taldekoek edari asko igo zituzten baina hirugarren egunerako dena bukatua zen eta beharrezkoa ere ez zela konturatu ziren. Han egonik, izan ere, beste alde horretan baitzeuden jada, tristurak eta lotsak txikiak diren lekuan, lagunarteko konfiantza osoan...

        Seigarren eguneko gaubeilaren uneren batean Miren eta Larraitz txiza egitera urrundu ziren sutondoan kontu-kontari zebilen taldeagandik. Suaren argitasunetik urrunduta begiak iluntasunean egokitu zituztenean izar pila bat ikusten zela ohartu ziren. Izar iheskor bat ikusi zuen Larraitzek eta “Eskatu desio bat!”, esan zion Mireni. “Zer nahi dudan aurkitzea”, erantzun besteak. Soroan etzan ziren ea izar iheskor gehiago ikusten ote zituzten, eta beren desioez mintzatzera.

        Haize freskoak eraginda elkarrengana estutu ziren bi neskak, eta konplizitate barre artean elkar laztantzen hasi ziren. Larraitzek halako batean musu eman zion Mireni, ezpainetan eta goxo. Miren ez zen mugitu eta beste bat eman hark. Mihiak lotzen hasi ziren hirugarrenarekin, norabide jakinik gabeko jolasean bizi. Miren apartatu egin zen une batean, pentsatu ezean gustura zegoen arren ez baitzuen aurretik neska batekin inoiz morreorik eman. “Zeatik ez? Oiduin gauden...!”, esan zion Larraitzek. Handik hiru ordutara eskutik helduta itzuli ziren sutondoko lagunengana, kezkatuta egon zitezkeelakoan, baina ordurako sua itzalita eta lo zeuden denak.

        Lotsagabetasunez aurre egin zioten gerora herrian gertatuko zen txutxu-mutxuen zaparradari, baina ordurako ez ziren Zaldibiako lehen bollerak ere. Oraingoz herrian geratu zen Miren eta arratsaldeetan okindegian lanean hasi zen. Mundua ezagutzera irteteko harrarekin jarraitzen zuen Mirenek ordea.

        Gertatu zen negu horretan norbaitek Oiduiko txabolari su eman ziola. Ez Mirenen eta Larraitzen artekoagatik, noski, baizik eta Aralarko pisten aferarekin lotuta; dirudienez, zaldibiarrei min emateko asmoz. Trauma handia hartu zuen Mirenek, beste zaldibiarrek bezalatsu... Beretzat hain inportantea zen lekua kiskalita!

        Hura konpontzeko egin zen auzolana izan zen ikaragarria! Herriak nola parte hartu zuen, halakorik ez da ikusi egundo... Herri guztia! Euria egiten bazuen, euria... Batzuek igual aldamenean dagoen txabola hartu eta han bazkaria prestatu beste guztientzat eta besteak bitartean lanean, Zaldibiako igeltsero jubilatuak... muebleak egiten dituenak egin zuen mueblea propio hartarako... Mantendu zen esentzia iguala. Gelak, dena iguala! Egin zutena izan zen teilatua pixka bat igo ze lehen makurtuta ibili beharra baitzegoen... Esentzia berdina, baina orain berria dena. Eta txabola bat izaten segitzen du...

        Han ibili ziren Miren eta Larraitz, noski, baita Edurne, Amalur, Jon, Mikel, Peio, Maitane... Oso hunkigarria izan zen han komunitatean emandako une bakoitza, eta obra bukatutakoan argazkia ateratzeko zaldibiarren talde osoa ikurrinaren ondoan elkartu zenean Mirenek inoiz ez bezala egin zuen negar.