Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

ANDREAK?

 

Aitaren etxea zaintzeko hezi zituzten eta guraso bikoitz egin ziren arima basatiari jarraitzeko, Amek ez entzun arren.

        Basa hezi eta Etxeko urak aldatu zituzten. Dendaosteak bete, Esanezinak gorde eta Irautera ohitu ziren.

        Ataria ireki zien aldi berriei eta Bihotz handiegia erakutsi zioten halabeharrari. Mendiko gaitza eta Haize-lekuak ezagutu zituzten. Ene baitan bizi da erantzun zioten iraganaz galdetzera zetorrenari.

        Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak sortu zituzten Liluraberak zirelako, baina bidaia-agentzietan Turista klasea eskatzen jarraitu zuten.

        Abaro bildu zuten bizitza ataletan eta Sano erradikal agertu ziren Hezurren erreturan.

        Txokolategian nahastu zituzten ale mikatzak gozoekin, Nola gorde errautsa kolkoan eratu bitartean.

        Unisonoa erabili zuten inork ez zekienean zer zen eta Nora ez dakizun hori deszifratu zuten ezer gehiago ez zedin joan Kontrako eztarritik.

        Aro beilegia bizi dugula-eta, Lazunak azkazaletan behatzeko tartea hartu zuten.

        Gela bat norberarena aldarrikatu zuten tribua gobernatu bitartean.

        Bi txantxangorri haritz adarrean pausatu zirela akordatu ziren.

        Goseak janak jarraitu zuten.