Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

ADAXKAK

 

Ez daukat txoko apartekorik, mundukoa sentitzen naiz; mundukoa eta gaztea. Ez dut leku bat niretzat hartzen; oraindik ez, behintzat. Baina gustuko bat aukeratzekotan, kotxea aukeratuko nuke. Motorra entzuten dut, baina urrunean bezala, musika aditzen egoten naizelako aurikularrekin, jazza, rocka, popa, bluesa, elektronikoa… Queenetik Sinatrara. Baina gehien entzuten dudana nire pentsamenduak dira. Leku eder asko ikusten ditut nire bizitzan, baina tokirik ederrenak neure irudimenean bizi dira.

Trenbidea da nire gustuko lekua. Batzuetan isila eta hurrengoan ozena. Lagunekin egoten naiz bertan. Erre egiten dugu. (Mundu guztiak daki baina ez esan inori). Txabola atsegin duenik ere bada. Musika aditzen dugu bertan. Eta erre. (Mundu guztiak daki baina ez esan inori). Egonean egon. Denbora pasa.

Nirea guztiz berezia da: espaloi handi eta zabal batean dagoen eskailera-maila. Adreiluzko pareta margotua dauka alboan. Lagunekin joaten naiz, gelakideekin eta kuadrillakoekin. Bi zuhaitz handi ditu alboetan, itzala egiten dutenak udan. Parean, frontoia. Kolorez margotuta dauka fatxada, ortzadarraren koloreekin. Koloreen gainetik, graffiti ikaragarriak daude. Alai eta lasai egoten naiz han nagoenean.

Lasaitasuna entzuten den leku bat da nirea. Emozioz beteta dago eta nahi duzun guztia ikus daiteke han; nahi duzun guztia usaindu, aditu eta esan. Leku hori irudimena da.

Nik logelan entzuten dut isiltasuna. Nire logelan ikusten dut poza.

Herrian dagoen kobazulo bat. Txori-kantak aditzen ditut eta kotxeak, urrunean. Haizearen firi-fara hostoetan. Harriak eta mendiak, animaliak, loreak, zuhaitzak eta hegazkinak marrazkiak egiten zeruan. Herria. Lore-usainak barrua pizten dit, bor-bor egiten dit odolak. Bakea eta sosegua sentitzen ditut hara noanean. Kobazulo horretan igarotzen dut libre daukadan denbora: musikarako inspirazio-iturri bilakatu zait.

Nire lekuan josteko makinaren hotsa aditzen da, guraizeak oihal-zatiak mozten, irratian jartzen duten musika. Koloreak ikusten ditut, hari desberdinak, oihalak. Leihoa zabaltzean sartzen den usain gozoa deskribaezina egiten zait. Hariaren punta ahoan sartu eta txistuz bustitzen dut jostorratzean sartzeko. Telak ukitzen ditut, testura ezberdinez jabetzeko, hau honetarako, beste hau horretarako… Lasaitu egiten naiz han nagoenean. Atsegin dut lekua eta atsegin dut bertan deskubritu dudana. Benetan egin nahi dudana aurkitu dut leku horretan.

Ardiekin egotea atsegin dut nik. Libre sentitzen naiz ardiekin nagoenean. Artzain izan nahi dut. Eta oso argi daukat.

Herriaren kanpoaldean dagoen ermitan egoten naiz gustura neska-lagunarekin eta baita lagunekin ere. Bista ederrak ikusten ditut bertatik.

Gasolinaren usaina atsegin dut. Hark eragindako buruko mina eta gustua, biak atsegin ditut. Ez dakit balio dizun.

Mota guztietako hegaztiak aditzen ditut nire gustuko txokoan nagoenean. Begirada zorrozten dut piztiaren bat ikusten dudan aldiro: ez naiz izutzen, haiek ukitzeko gogoa etortzen zait. Elurrak sorrarazten didan dardara ere atsegin dut: gorputza elurtzan erortzen uztea, plausta!, elur-bolaka jolastea. Udaberria ere ikaragarria iruditzen zait, landareen usaina, margaritak lurra alaitzen, nonahi. Gorantz begiratu eta hostoek eguzkiari egiten dioten itzala maite dut. Bueltan datozen txoriak, bertokoen mugimenduak haiei tokia egiteko orduan. Izozkien opor-gustua. Gauza horien batura da nire lekua.

Basoa. Txoriak, errekako ura, hostoak, piztien hotsak, belarrak egiten duen zarata, oinez noanean. Basoaren berdetasuna atsegin dut, animaliak hara eta hona, errekako ura jaisten ikustea. Usain gardena, izpilikuarena, abereen gorotza, oxigenoaren aroma sendoa. Gorantz begiratu eta euria edatea mihia kanpora aterata. Lasaitasuna barruan sartzea. Hori guztia.

Nire logelan aurkitzen naiz ondoen. Bertan egiten dut negar edo barre. Kolonia-usaina duela esango nuke baina batzuetan izerdi-usaina eta amorru-usaina ere atzematen ditut; batez ere, gurasoen arteko liskarrak daudenean. Isilik nagoenean nire pentsamenduak hasten dira oihuka eta garrasika. Burkoa malkoz blaitzen dut halakoetan.

Etxea dut atsegin-leku; arrebaren ahotsa, gurasoak hona eta hara, jana mahaian.

Larre berde-berde eta zabal-zabal bat. Aske sentitzen naiz bertan etzaten naizenean. Inguruetako mendiei begiratzen diet, arazoak ahazten zaizkit. Txoriak aditzen ditut kantuan eta hobeto hartzen dut arnasa. Uste dut garrantzitsua dela nire buruarekin bakarrik egotea, pentsatzeko, barrena husteko. Eta larre horretan lortzen dut.

Nire lekua txikia izan arren oso berezia da niretako. Sartu bertan eta mundua geratzen da. Besteez ahazten naiz, atzean uzten ditut arazoak. Aroma berezirik izan ez arren, usain goxoa hartzen dut bertan nagoenean. Begi-bistan oso gune sinplea da eta ukitzean ez du zirrara berezirik eragiten baina oso komodo egoten naiz; isilik eta bakar-bakarrik. Oso leku sinplea da besteendako baina niretako oso-oso berezia: ohea.

Ur gaziaren usaina dauka. Olatuen braustada entzuten dut begiak ixterakoan, hezetasun freskoa masailetan, zeruaren urdintasuna azalean. Gatz-usaina nire arnasaldi bakoitzaz jabetzen dela sumatzen dut eta, jendez inguratuta egon arren, bakean sentitzen naiz. Ondoan imajinatzen dut lagunik onena, behatz artean irristatzen zait harea. Txoko hori erreala izan arren, une honetan nire oroimenean bizi da.

 

        Herriko adaxkek adar handixeago batera naramate: ea zer sustraik eusten duen bere enborra.