Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

ADAR GAZTEAREN AJEAK

 

Kinto izatearekin amets egin du betidanik. Artean “kinto” edo “kinta” hitzen esanahia ezagutzen ez zuenetik, ziurrenik. Inauterietan Tolosara joan, maite dituzunei dantzakia eskaini, debekurik gabe mozkortu, gaztea zarela ospatu, mundurako ateak ireki eta dezakezunaren altxorra estreinatu. Eta guztia, Tradizioaren izenean eta Komunitateren konplizitatearekin.

        Urte barruan hamazortzi urte egiten dituztenen jaia. Kintoen Jaia. Mutiko hutsak izango ziren hasieran, soldaduskara deituak, baina garaietara moldatu dira eta, egun, elkarrekin biltzen dira neskato eta mutikoak, guztiak batera, ospakizun-urteari hasiera emateko. Inauteriak baino hiru aste aurretik aterako dira kalera, zakuz jantzita eta aurpegia estalita, eta umeak astinduko dituzte: “Baietz harrapatu!”. Haurtzaroa agurtzera doazela aldarrikatuko dute, modu sinbolikoan izan arren.

        Hamazortzi urte. Haurtzaroa agurtu eta ongi-etorria eman gaztaroari. Afaria taldean. Eta gero, dantzakiak, hiru pertsona esanguratsuren aurrean. Aukeratu beharrak berak jartzen zaitu hausnarrean: “Nor dira nire etxea?”. Heroien bidaietako gidari-ereduak hautatzea bezala izanen da. Zutabea, babesa, etxea: “Ni”.

        Hamazortzi urte. San Adrian, San Kiriko eta Ama Birjinaren eguna. Hiru une. Lagun aukeratuen aurrean dantzatzeko hiru une eta gune. Dantza berbera beti: herrikoa, txikitatik ikusia eta ikasia. Ekainaren erdian estreinaldia, basoko ermitan: “Haurtzaroa atzean geratu da, udako solstizioa gainean dago, helduen erreinuan sartzean zaudete, ospa dezagun herrian”.

        Adar gaztearen ajea nabari da haren hitzetan: “Ezin kintada gaztea izateko irrika berriro bizi”. Heldutasunaren ordaina, akaso? “Okerragoa izan zitekeen. Iazkoek eta aurtengoek gauza gutxi egin ahal izan dute. Eta haien hamazortziak joan dira…”.

        Goierrira joaten da ikastera. Atsegin du ikasten ari dena, mekanikoa da, eta jarraitu egingo du. Ekinez ikastea erosoa egiten zaio, makinen tripak ezagutzea, nola funtzionatzen duten ulertzea. Gelan bi neska bakarrik daude; beste guztiak, mutilak.

        Batzuetan txiki geratzen zaio herria, tabernak, plaza. Bidaian joateko irrika sortzen zaio baina kanpoan sakabanatzearen beldur da. Ikastera kanpora doazenak kanpoan geratzen dira bizitzen: “Hemen ez dago ikasi dutenaren lanik”. Beraz, kanpora joateri bai, baina, hamar urte barru, Etxarrin ikusten du bere burua, makinak konpontzen eta umez inguratuta.

        Hamazortzi urte… Basoan gogoratzen ditu bereak, duela bi udaberri, flekilloa izerditan, kintoez inguratuta, dantzan, dantzan, dantzan…

        Argi dauka zein den bere etxea.