BESTE PLAZA
Lehen bisitan adostu nuen zinegotziekin. Ez zela berezko zereginetan sartzen baina, baietz, egingo nuela. Idazketa tailerra egingo nuela herriko sortzaileekin.
Kartelak ikusi nituen hormetan, basotik bueltatu nintzenean. Dozena bat lagunek eman zutela izena aipatu zidaten plazan nengoenean.
“Dozena bat heldu, idatziz sortzeko prest, larunbat goizez” pentsatu nuen, neure artean, kopa ardoari tragoa eginez. “Lortu dute”.
Esan eta egin. Halaxe dira gauzak hemen. Bezpera iluntzea biharamun goiz bilakatu da, eta ordua baino hogei minutu aurretik bilduta gaude, terrazan, mahai bitan, aforoa gordez, kafea hartzen. Maindireen markak aurpegietan eta dutxa azkarren aztarnak ile bustietan. Kafea hartu eta eguzki epeletan goaz kultur etxerantz.
Sartzeaz bat aurreneko gauza, Antzerki garaiko lema: “Etxea egin”. Gelako mahaiak elkartu ditugu borobil forman.
(Laukiek ezin esferarik sortu baina elkarren begiei so eginen diegu*, behintzat).
Zirkulu karratuaren ingurura hurbiltzen ari dira partaideak. Emeak eta arrak. Gazte koskortuak eta adin ertainekoak. Letrak eta Zientziak. Natura eta Kultura. Rocka eta jazza.
Koaderno handiak eta boligrafo urdinak udalaren kontura dira. Irakurle-taldekoak dira aurrenak estreinatzen, diodan guztia jasotzen dute. “Ai, ama!”.
Arbela daukat atzean. “Hemen klariona”, esan didate. “Erabili egin beharko da”, ondorioztatu dut.
Baina aurrena estekak sortu nahi ditut. Ahalik eta esteka afektiboenak izan daitezela, habien forman, nitik gurako eraztunean. Idazketak sua behar du; sua eta egurra; sua, egurra eta zaintza, txondor biziek bezala: “Kideek babes nazatela, neure mamuekin mintzo naizen bitartean”. Sormenaren larrea arrotza izan ohi da eta gozo-mikatza, bertako bazka. Konbentzionaltasunak tinta hutsalez idazten du beti, beraz, musikari deituko diogu, barruak berotze aldera.
Gezi afektiboak saretzen hasi gara lehen ariketarekin eta begi gosetiak arrimatu dira maskaren goialdeetara, ahotsak idatziari plaza ematerakoan.
Bigarren ariketak txondorra astindu du, elkarren idatziak bilakatu dira hiruhortz eta akuilu: “Mikroipuin bat da hori… Aforismoa atera zaizu zuri… Olerki itxura dauka horrek… Oinarri erreala dauka honek… Kanta bat dirudi… Nik ez dut inoiz poemarik idatzi… Lehen pertsonan jarriko dut… Bukaera honekin hobe…?”.
Basoko jeinuak eta arimako mairuak etorri zaizkigu bisitan, hiru orduz. Eguerdiko ordu bata heltzear, paperak jaso, boligrafoak gorde, musika itzali eta maskarak estutu ditugu sudur gainetara. Begiradez besarkatu dugu elkar, eguzkitara atera garenean.
Herriko plazan, jendea.
Sormenaren plazan, haziak, kimuak eta estekak.
Asko dago idazteko…