Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

BASOZAINARENA

 

Behean haritza eta goian pagoa. Baina pagoa ari da hartzen haritzaren lekua, espezie inbaditzailea delako. Haritza oso gogorra da, kristoren adarrak dauzka. Buelta handia hartzen dute haritzek; bolumen handia. Arbola handia egiteko behar da argitasuna eta kopa, kopa egitea, arbolak badaude elkarri pegatuta, ez dute lekurik gorantz igotzeko, ez dira egiten, joaten dira lehortzen, eta elkarri kalte egiten. Horregatik egiten dira bakanketak edo entresakak. Baldin badaude bi edo hiru, hartzen dira onenak, markatu eta bota, lekua egiteko. Behetik, zainetatik jaten du arbolak, baina eguzkia behar du bizitzeko. Hemen lur ona dago arbolendako. Ibaiak herriaren atzealdetik zeharkatzen du herria. Hemengo lurra ona da arbolendako.

        Ohiturak aldatu dira. Orain jendea ibiltzera doa. Lehen ez zen pasiorako erabiltzen basoa. Ganaduarekin, ahuntzekin-eta ibiltzen zen lehen. Norbaitekin urtean bi aldiz juntatzen zinen, asko jota. Ehizan ere ia ez ginen inorekin topatzen.

        Piztiak daude basoan, basurdeak, basakatuak, azeriak, orkatzak, lepahoriak. Piztia asko daude. Igelak ere berreskuratu nahi dira, bereziak direlako.

        Basoa herriarena da. Egurra bertatik hartzen da. Ez urtero, baina, ahal dela, urtero markatzen dira etxe-loteak, bost mila kilo-edo, kanon bat ezartzen da, eskaerak egiten dira eta ordaindu egiten du bakoitzak, berrogei edo berrogeita hamar euro, urte guztirako egurra. Horrela izan da beti. Kanona aldatzen da, baina beti da horrela. Etxeko egurretarako, arbola zaharra, haizeak botatakoa; alde batekoak, beste batekoak, jaso eta horretarako erabiltzen dira.

        Basotik ez da besterik kobratzen. Ehiztariei zerbait, kotoagatik, baina ez da gauza handia. Etxarrik baso asko dauka. Gazteek ez dute ulertzen arbolak botatzearena, basoa suntsitzen ari garela pentsatzen dute. Ez dute ulertzen arbolak bota egin behar direla. Pertsonekin bezala dela: betiko geratuz gero gazteendako lekurik ez da.

        Enpresek egiten dute lan hori orain. Eta hasieran ikusten da triskantza handia egiten ari direla, baina bazterrak konpondu eta pistak konpondu eta urtebetera ez da ikusten horrelakorik. Politago ikusten da, argiago; eta arbola gazteak hazten doazela nabaritzen da. Kristoren hobekuntza egiten du bakanketak edo entresakak. Saneatu egiten da basoa. Egin beharra dago.

        Loteak salmentan ateratzen dira, hori ez da nahi bezala egiten, basozainek aukeratzen dute, berek adosten dute, zer bai edo zer ez, leku batean edo bestean, ahal den lekuan… Helburua da zahartzen doana garbitzea eta saneatzen joatea basoa. Basoa botatzen ez baduzu usteldu egiten da. Basoari indarra emateko, zaharra kendu behar duzu; behekoa gora joateko, bestela han gelditzen da.

        Arbolak eguzkia behar du. Hori zaharrengandik ikasi nuen. Gaztetan, herriko guardarekin, basoan, basoko izenak ere ikasi nituen. gpsarekin markatu ditugu orain, koordenatuak jarrita daude. Ondarea da. Bestela hemendik urte batzuetara gazteek ez dute jakingo.

        Jendez bete da basoa, hori ez da ona. Ez da ona piztiendako, txoriendako, jende gehiegi ibiltzea ez da ona.

        Jendea ez da arduratzen. Zerbait topatzen dutenean lurrean, ez dute jasotzen. Lehengo zaharrek zerbait ikusten bazuten erorita, bildu eta denen artean jaso, edota elorriren bat lekuz kanpo bazegoen, moztu eta kendu egiten zuten. Horrela mantentzen ziren bazterrak txukun eta garbi. Baina orain…

        Egitea ez da erraza, baina egiten da; gero mantentzea da zaila.

        Basoa zaintzeko gainean egon behar da.

        Basoa denona da eta denona izan beharko luke bera zaintzeko ardura.