AMINA ETA DENBORA
Denborarekin bizi da amina, senarra galdu zuenetik.
Denbora oso arina da baina ekipaje astuna darama. Eta aminaren oroimenean jarri da apopilo. Honenbestez, Denborak ez dio gehiegi eskatzen aminari, baina lekua jaten dio; tarteka goxo, tarteka garratz.
Haurtzaro urrunaz mintzatu zaio gaur. Esan dio aitak ezin duela lanik egin eta alabek lagundu beharko diotela amari. Anaia zaharrena gudak eraman du, estarbia ganaduz betea dago: txerriak, untxiak, oiloak, behiak. Txerriek mugitzen dute dirua, urde onak dira, hiru aldiz erditzen dira urtean. Feriak egiten dira, hilero, hilaren 5ean, 15ean eta 25ean. Irurtzunen, asteartero. Tratanteek herrian erosi eta han saltzen dute. Tratanteak oso ondo etortzen dira.
Esnea ere herrian kolokatzen dute. Etxeetara eramaten dute; askotan, gauez. Bost behi dauzkate, lau esnerako eta bestea ernai. Txandatuz joaten dira. Parrokiara eramaten dute sobratzen dena. Eta gazta ere egiten dute. Dena aprobetxatzen da.
Denborak esan dio aminari denak berdin bizi direla garai horretan, ez dutela goserik pasatzen. Aste osoan berdin jaten dutela: alubia gorria eta urdai egosia, esne beroa eta jaiegunetan eltzekoa eta zopa. Ogia etxean egiten dela hiru astetik behin. Dirurik ez dagoela; trukea, bai: “Nik zuri arrautzak eta zuk niri irina, azukrea edo gatza”.
Denborak eskola eman dio txikitako aminari. Sei urtez joan da. Hiru gela daude neskatoendako eta beste hiru, mutikoendako. Hiruna sesio. Anaia nagusiak irakurtzen dio aminari Pensamiento Navarro, igandeetan, belaunen gainean jarrita. Anaiak irakurri eta berak aditu. Aminak azkar ikasten du.
Denborak gogorarazi dio aminari, herrian euskaraz egin arren, eskolan erdaraz egin behar dela. Eskolan eta baita lanean ere. Ahizpa bat Iruņera joan zaio moja eta, hainbeste denbora euskaraz egin gabe, ahaztu egin zaio. Aminak zera zehaztu dio Denborari: “Ez bada obligatzen, ez da egiten”.
Egin, egin, ez daki nork egingo zuen baina etxearen planoa ekarri dio gogora Denborak aminari. Eta aminak argi ikusi du: planta bajan, estarbia, ganadua, sukaldea, ezkaratza —sarrera—, eta sukalde zaharra, beheko suarekin, ogia egiteko labea, gela ogia egiteko, eta gero beste gela bat, komedorea, festetan erabiltzen dutena. Gero, lehenbiziko pisuan, logelak. Bigarrenean, garia, oloa eta arta-porkak zintzilik. Hirugarrenean, ia teilatuaren kontran, baina altuerarekin, belarrak.
Denborak aminari erakutsi dio nola dakarren anaiak belarra etxera. Ganaduarekin dakar baina bizkarrean jasoko du gora, hogei eskailera-maila, gero beste hogei eta beste hogei. Hiru eskailera-aldi goraino, bizkarrean belarra sokekin lotuta. Poleak beranduago etorriko dira, baina haienean ez da polearik erabiliko, bizkarrean belar sikua, eta gora.
Etxeak arkua dauka sarreran, lehengo etxeek zeukatena.
Ogi egin berriaren usain beroa dakarkio etxeak aminari. Anaia zaharraren etorrerarekin lotu du eta azala harrotu zaio: gudak anaiaren odola hoztu du.
Hotza eta beroa nahastu zaizkio aminari eta Denborak lixiba egiten jarri du. Hilean behin egin behar delako. Herrian hiru garbitoki daude eta han beratzen dute arropa. Gero, etxera ekarri, ontzian sartu, ur beroa bota eta sutako hautsa jarri gainean, desinfektatzeko. Harizko telaz eginak daude maindireak. Egun osoa igarotzen dute lixiba jotzen. Eskuak beratuta bukatzen dute; amantala eta abarketak, blai.
Aminak esan dio Denborari herrian ez dagoela lantegirik, bi zerrategi bakarrik. Ahizpek etxetik alde egin beharko dute anaia zaharrarendako baita etxea, lege zaharraren arabera. Bata neskame, bestea moja, hurrena umezain, halakoa zerbitzari. Etxea hustuz doa eta bera gustura amarekin. Adinez ezkontzea egokitzen zaio baina aminak ez du loturarik nahi.
Zerbitzatzera joandako ahizpa berandu ezkondu dela gogorarazi dio Denborak aminari. Gerran ibilitako mutikoa hartu duela eta ume bakarra izan dutela, eta galdu; gaztetan beste bat izan balu bigarrena bizirik aterako zela baina odolak ez daukala indarrik behin berrogei urteak pasata.
Denbora eta amina. Atzean geratuz doa iraganaren mina. Aminak oroitzen du ez zuela loturarik nahi, baina aita hiltzean, anaiak andrea ekartzean, norena da etxea?
Denborak bultza egiten du aminaren oroimenean: hogeita hamar urte bete ditu eta ezkongai dago. Etxe berri bat behar du, baina aminak ez du loturarik nahi. Kanpora doa lanera, bere bizitzan lehen aldiz. Zerbitzatzera. Jatetxe batera. Ugazabandrearekin ondo konpontzen da. Ugazabandrea ezkontzagin bilakatu zaio: mutil-lagunak bilatzen dizkio. Aminak ez du ez baietzik ez ezetzik esaten; imintzioren bat edo beste, atsegin duenari baietz eta betetzen ez duenari kasurik ez.
Loturarik ez. Baina Denborak bultza eta tira berriro. Aminak ez du loturarik nahi, baina, azkenean, bai: senarra hartu du, nekazari etxekoa, umetan ardiak zaintzen zituena eta orain txofer dabilena.
Aminak gogorarazi dio Denborari ez zuela loturarik nahi, baina, bai, hau atsegin du: hamar senide dira eta bat ezkontzen denean hiruzpalau eguneko festa egiten dute haienean. Bai. Hau bai. Gustukoa du mutikoa, barre eragiten dio, festazalea da. Bai. Aminak ez zuen loturarik nahi baina senarra hartu du, harekin ezkondu da.
Eta hala bazen ez bazen, suertea izan dute, gustura bizi dira, lau urtetan lau seme, urte bakoitzean bat, aminarentzat problemarik ez.
Denborak gogorarazi dio aminari ezkondu aurretik amaren ondoan egon zela beti. Eta aminak aitortu dio baietz. Ezkondu aurretik eta baita ondorenean ere. Aita Santuaren esanak ziren inorenak baino gehiago eta hark esaten zuen gerra ondoren umeak ekarri behar zirela eta aminak ere amaren mentalitatea, gerran asko hil zirela-eta, umeak ekarri behar zirela. Aminak baietz, ezkondu zela nahiko edadean sartuta eta esan ziotela herrian: “Eskerrak ezkondu zinen nagusi, bestela plaza mutikoz beteko zenigun”. Ezkondu familia egiteko. Hori zela mentalitatea azaldu dio aminak Denborari. Eta Denborak baieztatu egin dio.
Bizimodua asko aldatu dela jarraitu dio esaten aminak Denborari. Naturalezak ematen zuena, hori zela normaltasuna. Ezkontzeko erabakia izan da Denborak eskatu dion gauzarik inportanteena. “Eta ez naiz damutu” aitortu du ahots goran.
“Ideiak. Ideiak beti hor”, dio aminak, ozen. “Esanak eta ideiak. Baina bakoitzak bereak dauzka, irmo edo ez irmo. Ideiak libre dira eta hor konpon”. Aminak argi utzi nahi izan dio Denborari gazteak bere ideiak hartzen dituela eta gauzak etorri egiten direla, bizitzak ekartzen dituela.
“Senarraren iktusa bezala?” galdetu du Denborak. Burua bi urteko umearena bezala utzi ziola gogoratu du aminak. Baina senarrak beti izan zuela tenple ona. “Hori zioten kasu-egileek ere”. Konformidadea izan du bere senarrak beti.
Elizatik ezkondu zen amina. Denborak gogorarazi dio. Zibilez ezkontzea ez zekiten zer zen. Apaizari esan, bi hilabete aurretik, sakristiara joan testiguekin eta, iasta, ezkonduta. “Eliza zen legea”, esan du aminak.
Inork ez du ezer gehitu.
Etorkizunera begira, aminak musika eskatu dio Denborari, “musika plazan, igande arratsaldero”.
Denborak ez dio ezer erantzun.
Aminak denda itxiei begiratu die, gero; taberna itxiei, ate mutuei. “Lehen denetarik geneukan”.
Denborak ez du imintziorik egin.
Afaltzeko ordua dela iragarri du, orduan, hormako erlojuak, baina aminak ez dauka presarik. Denborak zortzi hamarkada eta erdi oparitu dizkio; eta aminak, trukean, bere oroimenean bizitzen utzi dio.
Erdi okupa, erdi kide.