PLAZA
Basozainarekin topo egin dut herrira bidean eta haren hitzak gogoan ditudala hurbildu naiz plazara: “Basoa denona da eta denona izan beharko luke bera zaintzeko ardura”.
Arimaren erreinuetan igaro dut eguna eta horditurik daukat barrena. Gorputzak esan dit ez duela gutxiago izan nahi. Haragiarenean murgilduko naiz orain, oreka mantentze aldera.
Festa-usaina nabaritzen dut iristeaz bat, eta hori gauza bitxia da bi mila eta hogeita bateko ekainaren hasieran. Hamabost hilabete daramatzat komentuko bizimodua egiten: jaiki, gosaldu, lan egin, ideatu, bazkaldu, lan egin, ideatu, afaldu, lo egin eta aurrera.
Herria ez dago ja gorri, baina gorria da plazako giroa. Umorea eta ardo gorri nafarra barra-barra dabiltza herritarren ahoetan. Musikariak ekarri dituzte gazteek, aspaldiko partez, aulkiak eta mahaiak atera dituzte tabernariek atarietara. Musukoak kokospean ari dira atseden hartzen, mintzo askeen eskaripean.
Herriko sentitzen naiz, une batez, bizidunen plazan. Mokadu goxoa eta ironia franko, inguruetan. Bizitzaz, lanez eta gaurko mugez ari naiz hizketan sasoiko jendearekin. Sortzaile mordo bat omen dago herrian; lurraldeak ez daukana sarean aurkitzen omen du bakanen batek.
Herria kilometroz estekatzen zaio hiriari; ikasketek lana urrutiratzen dute. Burua eta bihotza errepidean dabiltza; hogeita bat garren mendeko habiek gurpil asko dituzte: “Nola izan herritar eta munduarekin ibili?”.
Rantxerak eta euskal kantak aditzen ditut tabernetan. Jazz-doinuak, plazako kioskoan.
Herriaren arkitektura “askeaz” galdetzen diet, umoreari tartea utziz. “Etxe eder asko dago, baina elkarren arteko loturarik ez” diot, irribarrez. Ez dute txartzat hartzen: “Urbanizazioari begiratzeko astirik gabe handitu da herria sobrelamartxa”.
“Ni ez naiz inor zuen herria apaintzeko baina bota amua eta asma dezakegu elkarrekin”, otu zait, bat-batean. Koska egin diot mihiari: “Ixo!”.
Kalera etorri naiz ilunabarrean eta gauerdi aurretxoan noa lotara, plazako galdera buruan dudala: “Nola izan herritar eta munduarekin ibili?”.
Ardo nafarraren biharamunak ekarriko dit erantzuna.