KIMUAK
Euskararen Mariak ezagutu ondoren, bidezidorretan galdu naiz eta Lurraren banaketaz hausnartu dut. Konturatu orduko, herriko ikastetxeak, hor.
Oroimenaren inguruan solastu naiz seigarren mailakoekin eta gertaera gogoangarri bana eskatu diet, “ahal dela, konklusio txiki batekin”. Begi zabalik erantzun didate esanez “ez gara akordatzen”. Hitzak zirriborratu ahala erne dira gomutak ere. Honatx:
2020ko martxoan eskola itxi zuten, bat-batean, eta etxera joan ginen denak covid-19a heldu zelako. Inork ez daki nola gertatu zen. Orain pozik nago txertoak atera direlako.
Harremanak garrantzitsuak dira niretzat; batak bestearen gauzak erabiltzea, baloi batekin ibiltzea patioa okupatuz, nahi duenak parte hartuz, berdin taldea, berdin maila. Gelan geratu zen nire materiala itxialdia ezarri zutenean eta ez zitzaidan ongi iruditu. Beste gauza batzuetara jolasten ikasi dut. Dena ez da txarra. Katu bat daukat. Katua zaintzen dut etxekoekin, txandaka.
AitUna hil zait. Gertaera horrek zoriontasun pixka bat kendu dit. Baina ikasgaia ere izan da. Maite dudan jendea galdu egiten dela ikasi dut. Beraz, zaindu egin behar dela. Aituna hiltzea oso tristea izan zen baina denbora igaro ahala hobeto sentitzen naiz, berarekin bizitako une politak gogoratzen ditut.
Aminaren ahizpa hil zen. Gogoratzen dut sugusak ematen zizkidala. Orain ez dit inork sugusik ematen.
Duela bi urte, eskolako azken egunean, dantzatu nintzen lagunekin, guztien aurrean, eta asko gustatu zitzaidan. Ea noiz heltzen den berriro gauza bera egiteko eguna.
Hiru urte pasatu dira. Oporretan ezagutu nuen, igerilekuan. Hurrengo urtean elkarrekin bazkaldu genuen. Ez dakit noiz ikusiko dudan berriro. Baina nahi nuke: lagun berri bat egitea beti da ona.
Ebakuntza izan dut. Mina pasa dut. Eta beldurra. Baina lagun berriak egin eta lagun zaharrak hurbil sentitu ditut. Orain handiagoa naiz.
Lehen egiten nituen tontakeriak atzean utzi ditut. Esate baterako, aitun-aminen urteurrena ospatzeko bazkaria atzeratu dugu behin eta berriz, batzuen arduragabekeriengatik. Aminaren samina nabaritu dut haren begietan. Horregatik erabaki dut hemendik aurrera arduratsua izango naizela. Eta uste dut lortzen ari naizela.
Sumatzen dut esperientzia berri bat bizitzen ari garela. Gauza berri bat pasatu da munduan eta Historian agertuko den gertaera baten partaide sentitzen naiz. Baina familia da nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Norbait hiltzean babes handi hori hautsi egin daitekeela sentitu dut azken urtean; ezer ez dela betiko, gauzak aldatu egiten direla.
Lehen aldiz autoan muntatu nindutenekoa. Hiru hilabete izango nituen. Adituek diote ez dela adin horretako ezer gogoratzen baina nik ongi baino hobeto gogoratzen dut zer susto hartu nuen, aitak motorra arrankatzean. Ez nuen negarrik egin, ordea, eta orain ere asko alaitzen naiz autoan sartzen naizenean; batez ere, auto hori aitarena denean.
Hiruzpalau urte izango nituen. Gogoratzen dut zaldian muntatu nindutela eta zaldiak ile marroia zeukala goialdean. Gogoratzen dut zaldiaren gainean nengoela, kakagura etorri zitzaidala eta, eutsi ezin, eutsi ezin, zaldiaren gainean egin nuela. Uste dut ez zela asko nabarituko kolore bera zutelako, bai kakak bai zaldiaren gainak, baina jabeak errieta egin zidala gogoratzen dut. Ez dut gerokorik gogoratzen. Agian ez da nire bizitzako gertaerarik handiena baina bitxiena, bai. Irribarrez gogoratzen dut, orain, orduan sentitu nuen estualdia.
Lehengusua jaio zen itxialdiaren erdi-erdian. Gogoratzen dut ez zidatela utzi ikusten etxera ekarri arte. Orain berarekin egoten naiz askotan. Pertsona berezia dela iruditzen zait, familia poztera etorri dela.
Nahi dutena esango dute baina nire egun mundialena futbol-talde gustukoenak championsa irabazi zuenekoa da. Aitarekin ikusi nuen partida, etxeko sofan, hanburgesak eta patata frijituak jaten. Gelakideak txangoan joanak ziren jolas-parke batera. Txangoa galdu nuen baina partida irabazi. Parra!
Bost katakume jaio dira nire negutegian, apirilaren bitik hirurako gauean. Ilargi deitzen da katu-ama. Etxeko guztiak egon gara katemeari animoak ematen: aita, ama, arreba, anaia eta ni. Oso pozik. Denbora pasa denez, katakumeak asko hazi dira. Ezin denak etxean eduki eta hiru eman ditugu opari. Horregatik nago, orain, pixka bat triste. Baina uste dut Ilargi berriro haurdun dagoela tripa handi-handia daukalako. Eta horrek tristura arintzen dit.
Eskua hautsi dut eskolako patioan, duela zazpi aste. Lagunekin nenbilen eta baloiak alde egin zidan. Baloiaren bila joan nintzen eta, itzultzean, estropezu egin eta erori: eskuko kubitua eta erradioa hautsita. Bi hilabetez erabili dut igeltsua eta ezkerraz moldatu behar izan dut. Igeltsua kendu didatenean ohartu naiz lehen eskuin eskuaz egiten nuena orain ezkerraz ere egiten dudala. Galtzea batzuetan irabaztea ere bada.
Egun batean kontzertu batera joan nintzen gurasoekin eta gizon bat gitarra jotzen ikusi nuen. Asko gustatu zitzaidan eta musika-eskolan eman nuen izena. Hori duela bi urte izan zen eta jarraitzen dut gitarra jotzen. Kanta batzuekin hobeto moldatzen naiz beste batzuekin baino. Ez dakit handitan kontzerturik emango dudan.
Eguerdi aurretxoan atera naiz ikastetxeetatik, poltsiko bete hausnarketarekin. Nerabeengana noa, orain, txoko esanguratsuen bila. Zentzumenak erabiltzeko iradokiko diet…