Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

SARRERA

 

—Herria gorri dago! —oihukatu dit herritarrak, oinez, besoak gora jasota.

        —Baimena daukat… —erantzun diot, zalantzati, langa ireki eta autora itzultzear.

        Herritarraren figura handitzen doakit. Iragan aspaldiko zelataria ikusten dut haren jitean. Mugez inguraturiko parajea da hau. Kanpoko erasoaren mamua atzematen da zenbait leku-izenetan: Zelatako muino, Zelatako entrada…

        —Herria gorri dago! —errepikatzen dit zelatariak, urrats sendoz, autorantz.

        Ulertzen dut bere jarrera baina ni ez naiz erasotzailea.

        —Lanera nator —erantzuten diot, igarobaimena eskuan.

        Zaindari-rola irmo betetzeko asmoa agertzen dit herritarrak.

        —Herria gorri dago —diost, berriro, ozen, legezko distantziari ozta-ozta eusten—. Gorri!

        Lehenengoan entzun dut baina ez diot ezer esango. Nik ez dut ezer txarrik egin: hitzordua lotuta daukat eta baimenarekin nator.

        —Txertatuta nago —otu zait esatea. Normalean ez dut gezurrik esaten baina egia hutsa urri samarra izaten da askotan. Une honetan bezala.

        Zelatako gizona isilik geratzen zait begira-begira. Nire mugimendu guztiak jarraitzen ditu, erdi mugazain erdi detektibe.

        Ez ikusiarena egiten diot. Hesiaren albotik sartzen dut autoa, hamarreko abiaduran, leihatilak zabalik, konfiantzari sarbidea emanez.

        —Isunak jartzen ari dira… —gehitzen dit, hiruzpalau segundora, nire argudioei azken hitza erantsi guran.

        Ez diot berehala erantzuten. Ez nator ezer ebastera, baina, bai, egia da: kanpotik nator, neu ere, aspaldiko bidelapur eta betiko inbaditzaileak bezala. Adeitsua izan beharra daukat. Adeitsua eta ulerbera.

        —Lanera nator —zehazten diot, ahalik eta apalen, autotik atera eta hesia lehen bezala ixten eta uzten dudalarik.

        Isilunea.

        Perspektibak trukatzen dira: orain herritarra da kanpotik barrurantz begiratzen duena.

        —Hurrengora arte! —oihukatzen diot, autoan sartu eta gerrikoa lotuz.

        Ispilu txikitik ikusten dut bere jitea txikitzen, herrigunerantz barneratzen noan heinean.

        Bi mila eta hogeita bateko maiatzaren laua. Asteartea. Arratsaldeko bostak.

        Bi milatik gora kasu ehun mila biztanleko.

        Zelatariak arrazoia zeukan: Etxarri-Aranatz oso gorri dago.