MAPA HAUTAZKOA
Adostu dut egonaldiaren data zinegotziekin, irakurle-taldearen saio batean izan naiz eta aditu batek inguruko toponimiaren berri eman dit. Herriari buruzko kaxa bete libururekin nator etxera eta leku-izenen gida pertsonala egitea pentsatu dut, deituren hotsek erakarrita. Esanahia eta fantasia batzeko jokoa izango da.
Alfabetoaren lehen letrak Argarbira narama. Zuhaitzik eta landarerik gabeko tokia; eremu garbia, agidanean. Bertan lur har lezake etorkizuneko bidaiariak.
Segi, ibili, behatu eta arnasa hartu. Adi, baina: gutxien uste duzunean gutxien uste duzunak hitz egingo dizu. Esate baterako: Txortxorgo errekak. Aholkuz beteriko jardunean mintzatu zait niri:
“Jatera emanen dizute”, ez “jaten” esan dit. “Zenbatenez eta gehiago” harrotu, orduan eta okerrago irudituko zaie; beraz, “zenbatenaz eta gutxiago” puztu, eta hobeki.
“Ongi zaude?” galdetzen dizutenean, “kuanto!” erantzun. Baiezkoaren parekoa dela ohartuko zara, baina, erne!, irudipenekin ere zerikusia daukalako: “kuanto negarra egin duela dirudi” esango dizute, esate baterako.
“Egiten ahal duzu!” desafiatzailearekin ere nahiko komeria izan ohi du kanpotik datorrenak. “Pagatzen ahal dituzu zorrak biharko bestela” adieraziko dizu dendari txikiak huskeria ordaintzeko txartela erakusten diozunean. Oraingoz esanahia jakitearekin nahiko, baina hurrengoan eraman diru soltea poltsikoan.
“Hain polita izanagatik, ez da ona” esango dizute, irudipen hutsetik harago joan zaitezen. Denerako balio dizun esana duzu hori, “sobra ere!”.
“Beste gainerakoan ez da inor ere etorri” hitz-kateak ondo baino hobeto adieraziko dizu ez dela beste inor azaldu dena delako lekuan.
“Hori mutikoaren handia! Hau haurraren gaiztoa! Hori etxearen polita!”. Halakoak erabiltzea beti dago ondo. Beraz, kasu! Baina “kasu egin”, baita ere, suari edo haurrari. (Eta baita kutsatuen kopuruari ere: hamar kasu).
“Hots egin jendeari”, deitu beharrean, eta “ametitu” guztien postura; batzuetan zeure burua “barreiatu” samartuta sentitu arren.
Beheko lainoaren lekuan hobe “herri-lainoa”.
Eskua erabiltzean bereiz itzazu “behatz handia, behatz koskorra eta behatz txikerra”, gorputzeko atal bakoitza bera eta bakarra delako, guretariko bakoitza bezala.
Umeekin “apapox!” hobe, akabo baino. Panpinari “popin” eta amonari “amin”. Sehaskari “kube” edo “kua”.
Marasma bat ikustean, “amimoro” bat ikusi duzula esan. Aske ibili nahi baduzu, “laso” ibili.
Errepideari “bideberri” deitu; burniari “burdin”.
“Demontreren jende pila etorri dela ikustean”, poztu, eta hurrengoan ere hala gerta dadin “desiotan zaudela” esan. Orduan ikusiko duzu besteak ere, “agidanez”, halaxe daudela.
Saiatu jendearen “eloa” egiten, hots, jendearen nahia egiten. Bide batez, “enantzu” handiko andrea edo gizona zarela erakutsi.
Piztu beharrean, “ernatu”. “Jarri” beharrean, eseri. “Ezkilak aditu eta festak ospatu”. “Ontziak egin” harrikoa egitera zoazenean (berdin dio mutikoa edo neskatoa izan).
“Hoberenean ere”, beti kalterik gutxien dakarrena hautatu.
“Logale bazara”, itxaron gauari. “Lepotik gora” egon arren, ez erakutsi ondoezik maindirepean sartu arte. “Etxera bitartean” erranen dizute nola joan den eguna eta “ohatzean” amestuko duzu biharamuna.
Ostilara eta ostirala ez dira gauza bera baina badute elkarren antza: ortzadarrak itxaropena dakarkigu, asteko bosgarren egunak bezala.
“Gaurko egunean” bizitza “aztapatzen” dizutela-eta, ez etsi: oztopoei aurre egiteak sendotu egingo zaitu-eta.
Zotinari deitu “kika”, eta haurren kikei, deitu hortz edo hagin. Ez “txarki” portatu; sobra ere, denean delako nork “txutxukatu”.
Panpinei “popin” eta amonari, “amin”. Hauek esanda daude, ezta?
Ezer ez daukazunean, “deus” erabili; eta “esan” ordez, esan “erran”.
“Herriko etxean” aurkituko duzu alkatesa, “fan” bertara eta bihurtu bere fan-a.
“Larreak” berde daude, “eultzi-giroa” dagoelako, hots, eguzki-giroa.
Hobe duzu “hobeki” esan eta “hoberenean” erabili, azken hori akaso eta apikaren lagun min. Arretaz “haztatu”.
Telefonoz hots egiten badizute, ez alde “auzomotojorik”: agurtu parekoa.
“Noketan” egiten dizunari, aditu ondo eta ikasi.
“Kamiona”, “melona” eta “bagona”.
“Beietz!” beti baietzari.
Euskalkiaren uretan freskatu ondoren, Bonboneko leizera joan zaitezke pasieran. Harri bat jaurti bertara eta bon-bon hotsa adituko omen duzu denboraren leinuan. Fantasia-giroan barneratzen ari garenez proposamen bat eginen dizut: harriaren lekuan jaurti bertara izua eta ezina, sormenaren etsairik gorrotagarrienak baitira. Eta itxaron erantzuna. Agian bon-bon jasoko duzu; agian, segi aurrera!
Hara! Zigi-zaga dabilen sugea dirudi Ikurka-makurkako xendak! Zigi-zaga edo zig-zag eginez zeharka dezakezu delako bidezidorra, suge edo herensuge handi bat zarela imajinatuz, munduaren hasieran bezala.
Zigi-zaga, zig-zag eta ikurka-makurka ibiltzeaz nekatzen bazara, gorantz jo dezakezu; esate baterako, Otadiko muinora. Ote ugari dago bertan, gainean etzan zaitezke eta gorantz begiratu: argia eta itzala erdibana sortu zirela jabetuko zara, alegia, bata dagoenean bestea ere han dela.
Muinoz muino zoazela, ertzak ezagutu nahi badituzu, zoaz Zelatako muinora. Goierrira atzera eta aurrera zebiltzanen lorratzak suma ditzakezu bertan. Estraperloa eta hartu-emana, erdibana; liskarra eta auzolana, erdibana. Topagunea eta ezkutalekua, erdibana. Beti bezala, biziraupenaren legepean.
Muinoak eta ertzak ezagutu ondoren, kolore berri bila bazabiltza, Aitzurdinpera joan zaitezke. Haitz urdinaren azpian jarri eta galdetu zeure buruari: “Nortzuk egon ote dira leku honetan bertan, behatzen ari naizen hau behatzen? Non daude orain?”.
Erantzunek beste galdera batera zaramatzatela ohartzen bazara, zoaz Urrespetako errekara. Oinetakoak erantzi eta sartu oin biluziak uretan. Eta adi uraren mezuari: “Inoiz agortzen ez den errekan zaude”. Baliteke zure alde hilezkorra bertan aurkitzea.
Mugagabetasuneranzko bilaketarekin jarraitu nahi baduzu, ezin urari iskin egin. Joan Ubondoko errekara. Ur ondoko erreka duzu, hots, iturburua ondoan daukana.
Uraren isuriari kantu bat egin nahiez gero, jarraitu Hamarriturritekorantz. Goiko iturri-amak beheko iturri-amari kontatu ohi dion sekretua adituko duzu han: “Ama Lurrak kume guztiendako ura oparitzen du hemen”.
Ur hori bezala sentituko zara: beti gazte.