Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

LURRA ULERTZEKO MODU BAT

 

Herriak izena hartu aurretik izango zen.

        Lurra bazegoen. Basoa ere bazen. Piztiak ere baziren. Pertsonak ere bazeuden.

        Hasieran ez zen familiarik izango, arrak eta emeak baizik. Beharrizanei erantzutea izango zen bizitzea: gosea ase, ura edan, txortan egin, izuari erantzun. Baina banaka batzuk ohartuko ziren gosea behin eta berriz itzultzen zela. Berdin egarria. Berdin larrua jotzeko harra. Eta berdin mamuak suntsitzeko beharra.

        Pertsonek piztiak behatuko zituzten, haien jokabidea imitatzeko. Baina ez zen nahikoa izango. Eguzkiari eta ilargiari kasu egiten hasiko ziren. Jabetuko ziren izaki aldakor haiek eragiten zutela bai argia bai iluna. Eta Amandre deituko zieten: “Eguzki-Ilargi amandrea, zeruan zer berri? Zeruan berri onak, orain eta beti”. Behin asmatzen hasita, ilunari Gau deituko zioten eta argiari Egun. Eta begiak itxita ikusteari, Amets egitea.

        Batzuek irrikaz jarraituko zituzten Eguzki eta Ilargi-amandreen aldaerak landareetan, itsasoan eta gorputzean. Eta gauza atxikiezin hari Denbora deituko zioten. Eta ohartuko ziren umeak zetozen bezala, hazi, zahartu eta itzaltzen zirela. Eta orduan adostuko zuten ikusten zen aldiari Bizitza deitzea; eta ezkutuari, Heriotza. Eta gurtzen hasiko ziren, bai bata, bai bestea. Eta ospakizuna etorriko zen. Eta ohiturak ekarriko zituen. Errituak. Jaiotzak, ezkontzak, hiletak.

        Zikloak.

        Orduan, guztia lotuta zegoela atzemango zuten. Zilbor-hari ikusezinez estekaturik zegoela dena. Zikloak, Denbora, Bizitza eta Heriotza.

        Dena.

        Laguntasuna deskubrituko zuten. Eta Kidetasuna. Batzuetan nahastu egingo zituzten: Kidetasunari Laguntasun deituko zioten eta Laguntasunari Kidetasun, baina berdin izango zitzaien, oso harreman xaloa ikusiko zutelako haien artean; apala eta distirarik gabea, baina eraginkorra oso, harik eta hirugarren bat agertuko zen arte. Erremina zela esango zien eta erreta jaio zela.

        Laguntasunak eta Kidetasunak ura emango zioten edateko, baina hirugarren laguna inoiz ez konforme: “Gozakaitza” zela iritziko zioten Laguntasunak eta Kidetasunak eta baita haien lagunek ere.

        Indarrak biltzen hasiko ziren halabeharrari erantzuteko. Familiaka bilduko ziren: “Ni bezalakoak”. Formula ona zela iritzita, etxeak eraikiko zituzten: “Gu bezalakoak”. Eta, gero, Basotik bereiziko ziren, baina esteka mantenduz: “Eusten gaituen Lurra denona beti”.

        Horrela sortuko zen Auzoa: denendako lurra, denendako egurra, denendako bazka.

        Gauzak bide onetik zihoazela-eta, Lurra erabiltzeko bide egoki hura gogoan hartzea erabakiko zuten. Ongi, guztiak konforme, Erremina izan ezik: “Eta egokitzen zaidana ez bada nire gustukoa?”.

        Ordurako Laguntasuna eta Kidetasuna ohartuko ziren Erreminak beti izango zuela nahiago eztena esteka baino eta, horregatik, erabakiko zuten hobe izango zela hura ere jokoan sartzea: “Zein da zure proposamena?” galdetuko zioten beti, beste inori baino lehen. Erreminak kokotsa jasoko zuen, kideak baino garaiago zela erakutsiz, baina ez zuen ekarpenik egingo. Ez orduan, ez gero.

        Hala bada, egun batean, Laguntasunak eta Kidetasunak honako hau botako zuten lagun, senide eta kide guztien aurrean: “Gehiengoarendako ona dena izan dadila onen, txandak aldatuz. Konforme?”. Guztiek jasoko zuten eskua beren adostasuna adierazteko. Batek izan ezik. Hitza emango zioten, baina ez zuen ezer esango, ohikoa zen legez.

        Lurra partituko zuten adostutako lemaren arabera: “Denen artean, denendako eta gehiengoarendako onen”.

        Eta denendako izan behar zuen lurra gehiengoarendako onen izateko moduan erabiltzen hasiko ziren, beharren arabera, aldi baterako eta txandak aldatuz: “Orain zuk hau, gero nik hori, ondoren hura hark eta jarraian alderantziz”.

        Eta denendako izan behar zuen lurra denen artean antolatzen hasiko ziren gehiengoarendako onen izateko moduan: “Zati hau laborerako, zati hau larrerako, zati hau baratzerako eta zati hau basorako”.

        Ama Lurra erabiltzeko eta zaintzeko bide egokia zela iritziko zioten.

        Eta Komunala deituko zioten.

        (Erreminak eztena sartzen jarraituko zuen, seguruen…).