Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Puf!

 

        Nekatuegi esnatu zinen. Begiak zabaldu besterik ez zenuen egin, eta horrekin indar guztiak ahitu zenituela iruditu zitzaizun. Gorputza koltxoian hondoratua sentitu zenuen. Akituta zeunden.

        Kostata bildu zenituen ohetik altxatzeko kemena eta gogoa. Bezperan gertatutakoa amets baten moduan gogoratzen zenuen, hasi kontzertutik eta amarekin izandako elkarrizketaraino. Ez zenuen ezer ez inor zaintzeko gogorik: ez zenuen kanturik nahi, ez argazkirik bilatu nahi, ez istoriorik entzun nahi. Ezer ez. Zarata handiegia zenuen buruan.

        Komunetik pasa eta sukalderainoko bidea egin zenuen, etxeko giroari erreparatzeko inolako ahaleginik egin gabe. Sukaldeko leihora gerturatu eta bezperako hodeiek bertan segitzen zutela ikusi zenuen. Mendi puntako etxe urdinari begira geratu zinen; egun grisetan, ez zirudien airean eskegitako ate eta leiho multzoa. Eguraldia kaskartzen bazen, tokiz kanpo geratzen zen erabat.

        Kafe eta madari usainik ez zegoela konturatu zinen orduan. Mahai gainean ez zen txigortu gabeko ogi zerrarik ageri. Gurasoen arrastorik ere ez zegoen inon. Sukaldetik irten eta ia bihotzekoak eman zizun, lehen ez baitzinen ohartu ere egin egongelan zure zain zegoen egoeraz: gurasoak sofan eserita aurkitu zenituen, eta, haien ondoan, Andoni; eta, bere ondoan, Igone. Denak isilik, zuri begira.

        —Egun on, Amets, bihotza. Ondo lo egin al duzu? Aizu, zera… zurekin hitz egin behar dugu.

        Gurasoek zuri hainbestetan zuzendutako harridura aurpegi bera eskaini zenien. Ez zenuen guzti hau zertara zetorren ulertzen. Ama mintzatu zen berriz ere:

        —Zaila da hau esatea, baina ulertu behar duzu maite zaitugulako egiten dugula.

        Andonik eta Igonek baiezko keinua egin zuten buruarekin. Andoni ezin serioago zegoen, eta Igonek antzerkilari baten dramatismo bera erakusten zuen aurpegian.

        —Gauza asko ahazten ari zarela iruditu zaigu. Gauza inportanteak. Eta hori, zeure adinean, ez da oso normala.

        Su txiki bat piztu zitzaizun sabelaren goiko aldean. Gauaren erdian esnatu eta ispiluren bat zeharkatu ote zenuen galdetu zenion zeure buruari. Besteen ahotsak urpean baleude bezala aditzen zenituen, distortsionatuta. Gurasoentzat erositako estimulazio kognitiborako koadernotxoak eskutan zituztela ohartu zinen. Ez zenekien noiz hartu ote zituzten zeure logelatik. Igonerena izan zen hurrengo hitza.

        —Zugatik kezkatuta gaude, ez besterik. Ez duzu lehengo Amets bera ematen.

        Eskuaz koadernoetako bat luzatu zizun.

        —Baina ziur gaude noizbait une hau oroitzean barre egingo dugula denok.

        Koadernoa heltzeko modu arraroa zuela ohartu zinen, hatz potoloa azpian eta beste lauak gainean jarri zituen eta. Arraroa egin zitzaizun, ikusi eta ulertu zenuen arte.

        Zure bulegoko eraztuna zeraman jantzita.

        Izoztuta geratu zinen. Begiak eraztunetik altxatu eta beragana itzuli zenituen. Oihu egiteko beharra sentitu zenuen, baina ez zenuen ahorik zabaldu. Igoneren bisigu begiak zugan iltzaturik zeuden eta, eraztuna ikusi zenuenaren ziurtasunarekin, ahoaren ertzak goratu zituen, irribarre zorrotz egiteraino.