Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Esnatzen

 

        Eguzkiak itzuleraren biharamuna ekarri zuen harekin. Ederki lo egin zuela iruditu zitzaion, azken urteetan gurasoek trasteak gordetzeko erabilitako bere betiko logelan. Oraindik ere bazeuden mugitu gabeko kutxa batzuk gelaren bazter batean, desegin gabeko maletaren ondoan. Baina horrek ez zuen bereziki arduratzen.

        Komunetik pasa eta sukalderantz abiatu zen, handik zetozen soinuek gurasoak jada gosaltzear zeudela aditzera ematen baitzuten. Gerturatu ahala kafe usaina nabarmenagoa egin zen, eta leihotik sartzen ziren egunsentiko argi-izpiek irudi bukolikoa eskaini zioten izatez berezia ez zen goizeko errutinari. Egunonak esanda eseri zen sukaldeko aulkietako batean.

        Agur keinu eta bidaiaren inguruko galderak gora behera, apenas hitz eginda joan ziren egunaren lehenbiziko minutuak. Gurasoen jestu eta ohitura txikienaz ere jabetzen ahalegindu zen, makarrak kendu eta gorputza esnatu artean. Amaren eskuko zimurrei erreparatu zien, gerturatzen ari zion katiluari begira zegoelakoan. Aitak kafe hutsa hartu zuen zurrupada laburretan. Ama ogi txigortua gurinaz igurzten hasi zen. Madari gozo eta bigunduez betetako platera zegoen mahai gainean. Bat hartu eta isilunea etetea erabaki zuen:

        —Hauek zeuek bildutakoak al dira? Itxura ederra dute.

        Galderaren zergatia bera ulertuko ez balute bezala begiratu zioten biek, aitak ahoa erdi zabalik eta amak begirik ia kliskatu gabe. Bigarren honek aitortu zuen baietz, bezperan bildu zituztela etxeko lorategian. Aurten uzta ederra jasoko zutela zirudien.

        Uzta aipatu, eta segituan kontatu zioten asteotan lan handia izaten ari zirela bai mendiko kortan, bai etxeko lorategi eta ortuan. Goiza lanean pasako zutela, baina berak lasai deskantsatzeko bitartean, bidaiatzea oso nekagarria dela. Amets ohartzerako, katilu eta mahai-tresnak harraskan utziak zituzten eta sukaldeko atea gurutzatzen ari ziren.

        Zer egin ongi ez zekienez, sukaldeko leihotik begira geratu zen, jada argitua zuen zerurantz. Berriatuan bazen etxe urdin argi bat, mendiaren goiko puntan, zeru oskarbiaren kolore berekoa zena. Haien sukaldetik ederki ikusi zezakeen. Egun hartakoa bezalako eguraldiarekin, airean marraztutako marrak ziruditen etxeko ate, teilatu eta leihoek, norbaitek hari ikusezinez auskalo nondik eskegi balitu bezala, paretak oxigenozko atzealdean urtuta. Gurasoekin egin beharrekoa horren antzeko zer edo zer izango zela pentsatu zuen: zabaltasunean galtzear zegoen memoriari hari ikusezinez eustea, airean oroitzapenak ahal bezala marraztea. Estrategiak eta moduak aukeratu beharko zituen horretarako.

        Egonean igaro zuen goiza, lorategira edo kortara gerturatu gabe. Hiruontzako bazkaria prestatu eta gurasoen zain egon zen tarte batez, baina, etxeratzen ez zirela ikusita, bakarrik bazkaldu behar izan zuen. Bazkalostean izebarekin geratua zegoen Ondarroan, liburu-denda zabaltzeko unea baino pare bat ordu lehenago, elkarrekin kafe bat hartu eta lasai mintzatu ahal izateko. Biharamunean hasiko zen berarekin dendan lanean.

        Etxetik joan aurretik, lorategira irten zen, ama agurtzera. Bertan zuhaitzak, barazki landareak eta lore batzuk zeuden: arrosondoak, laranjondo bat… ama madariondoaren itzaletan eserita topatu zuen, esku lokaztuekin.

        —Ama! Kontuz hor, e? Burura fruiturik eroriz gero… kar, kar, kar. Hobe zenuke barrura sartu, eguerdiko beroa ez da lanerako eta.

        Ama begira geratu zitzaion urrunetik. Lasai egoteko esan zion.

        —Ondarroara noa izebarengana. Furgoneta hartu dezaket?

        Amaren baiezkoa jaso, gero arte esan, eta Ondarroara abiatu zen furgoneta hartuta. Madrilera joan zenetik gidatzen zuen lehenbiziko aldia zen hura.

        Berriatutik Ondarroara bost minutuko bidea zegoen autoz. Errepide ona zen, bihurgune gutxikoa. Bidegurutze baten ostean agertzen zen Ondarroa parez pare; mendien arteko zulo batean eraikitako herria zirudien, Berriatutik ere igarotzen zen ibaiaren bokalearen ertzetan kokatutako etxe multzo luzexka.

        Herriaren kanpoaldean zegoen ertzaintzaren kuartel ondoko parkinean aparkatu zuen. Kaserna hura eraikin modernoegia iruditu zitzaion, duela gutxi eraikitakoa ziurrenik. Herriaren Parte Zaharrerainoko zubia oinez gurutzatu zuen, segituan Kale Nagusian behera joateko. Pauso lasaian zihoan, lokal huts eta komertzio berriei erreparatzen; haur eskola, zahar-berritutako eraikinak, arrantzale eskola eta herri erdian geratzen zen azken kontserba fabrika ikusi zituen. Izebaren liburu-denda ere kale berean zegoen, oraindik goiz izanagatik pertsiana jaitsita bazuen ere. Hamar bat minutu igaro ziren izebarekin adostutako kafetegira iritsi zenerako.

        Mimoz apaindutako lokala zen, Alamedako plazatik gertu zegoena. Izeba jada barruan zegoen, kamareroarekin hizketan. Ateari bultza egin eta segituan erreparatu zion Kontxiri, ilea motza eta morez tindatua zeramalako, señora moderno eleganteenaren gisan. Atearen hotsa entzun orduko biratu zen beregana.

        —Amets, maitea!

        Zerbitzariari zuzendu zitzaion beste behin ere:

        —Hau Amets iloba da, Berriatuko ahizparena.

        Ametsek irribarre lotsatua eskaini zion barraren beste aldekoari.

        —Ene, Andonik esana zidan aldatua zeundela, baina noiz hazi zara horrenbeste? Eder-ederra zaude, aizu. Eseriko gara? Zer hartuko duzu?

        Kafesne bero banarekin eseri ziren mahai borobil baten ertzean. Izeba indar eta energia handiko emakumea zen, bizitzan ederki sufrituta ere aurrera irteten jakin izan zuena. Horren adierazgarri zen oraindik ere lanean ibiltzea, jubilazio adina pasata ere. Irribarre konstantea eta begiratu gogorra zituen. Hamabost urteak bete aurretik hasi zen herriko kontserba fabrika batean lanean, eta ordutik goizero eguzkiari aurrea hartzeko ohiturari eutsi zion. Urteetara, liburu-denda zabaldu zuen herrian, bere betiko ametsetako bat omen zena betez. Eskerrak eman zizkion bertan lana eskaintzeagatik.

        —Lasai egon, Amets. Badakizu hemen beti gaudela behar duena laguntzeko prest.

        Hizketan hasi eta, kafeak edan zituztenerako, liburu-denda zabaltzeko ordua heldua zen. Elkarrekin abiatu ziren harantz, katiluak barran utzita. Dendaren parera heltzean, izebak besoan laztandu zuen iloba.

        —Bihar erakutsiko dizut dena; gaur aprobetxatu ezazu arratsaldea.

        Ezkerreko begia kliskatu eta denda barrura joan zen. Amets kalean geratu zen, nora joan asmatu ezinda. Eskumuturrean zeraman erlojuari begiratu, Andoni tabernan lanean ariko zela ondorioztatu, eta bisitan joatea erabaki zuen.

        Uste bezala, Andoni barraren beste aldean topatu zuen, trapu batekin garagardo arrastoak garbitzen. Paretak eta zorua zuriz margotuak zituen taberna luzexka batean egiten zuen lan. Kanpoko argi iturri nagusia atea zenez, argiak piztuta izaten zituen beti. Gaupasetarako aproposa, baina egun osoa bertan emateko deseroso xamarra iruditu zitzaion Ametsi. Lehengusuaren bizkarrean zeuden apaletan askotariko irudiak eta botilak ikusi zitzakeen. Oraindik goiz izaki, taberna lasai-lasai zegoen.

        —Eiii! Amarekin egon zara, ezta?

        Bere ohiko irribarrearekin ongi etorria eman, eta eskatu gabe ere edalontzi bete garagardo prestatu zion. Beste bat atera zuen berarentzat ere, garbitu berri zituen edalontzietako batean. Barraren alde banatan jarrita, izebaren ile kolore berriaz, lanaz eta jubilazioaz hizketan hasi ziren.

        —Bai, laster jubilatu beharko da. Uste dut lanik gabe aspertuta bizitzeak beldurtzen duela, ez du-eta besterik ezagutu bere bizitza guztian. Edo denda hartzeko inor ez topatzeak, agian… baina, aizu, lan hau aldi baterakoa da zuretzat, e? Zeuretik zer edo zer topatu artean.

        —Edo ez, auskalo!

        Andonik aurpegiera serioa jarri zuen. Brometan ari ote zen ala ez erabakitzen ari zela pentsatu zuen Ametsek.

        —Jendea hizketan hasi da, e? Abokatu lana utzita zergatik hasiko ote zaren liburu-denda batean orain. Egia esan, kanpotik ikusita ez dauka zentzu handirik. Hobe zenuke beste zerbait bilatu, herrikoak denetariko istorioak asmatzen hasi aurretik.

        —Baina zer demontrez ari zara? Herenegun itzuli nintzen eta! Zeinek hitz egingo du nitaz ba, Andoni. Faborez, e…

        —Zeinek? Ondarroa herri txikia da, Amets, eta liburu-denda kale ibilienean dago. Eta jendeaz hizketan ari garela, lagunei hots egin behar zeniekeela uste dut. Badakitelako hemen zaudela. Atzo Endikarekin eta Izarorekin elkartu nintzen eta biek galdetu zidaten zugatik.

        Hasperen luzea egin zuen lehengusuaren hitzok entzutean. Lehen ere bazekien une hau helduko zela, baina hain goiz ez izatearen esperantza zeukan. Urteetako ausentzia erosoa ere bilakatu zitzaion azkenean, eta hura hautsi behar izateak urduritasun handia sortzen zion.

        —Ez dut haien kontakturik. Aspaldi galdu nituen.

        —Nik baditut.

        Andonik Izaroren telefono zenbakia eman eta adi-adi begiratu zion, noiz deituko zain. Ametsek bizkarra eman zion lehengusuari, zenbakia telefonoan markatu bitartean.

        —Bai?

        —Izaro, arratsalde on. Amets naiz. Andonik eman dit zure zenbakia.

        Izaro ai ene badaka hasi zen telefonoaren beste aldean. Biharamunean elkartzea adostu zuten, heldu berriak lanaldia bukatu ostean.

        — Musika Plazako tabernan, ados? Nik abisatuko ditut besteak.

        —Primeran. Eskerrik asko, Izaro.

        Hizketaldia bukatzean barrarantz biratu zen atzera. Andoni irribarrez ari zitzaion, edalontzi garden bat lehortu artean. Berak ere irribarre egin zuen.

        Eguna iluntzen ari zen, eta etxera joateko garaia zuela erabakita, Andoni agurtu eta kalera irten zen. Paseorako giro ederra zegoen ordea, eta, furgonetarainoko bidea pixka bat luzatzeak kalte egingo ez ziolakoan, porturantz abiatu zen, hondartzara zihoan zubia eskuinean utzita. Zeharo harritu zuen portuaren itxura berriak. Kofradia zaharra hondakinez betetako orubea zen, eta haren ondoan eraikitzen ari ziren hormigoizko tramankulu izugarriaren makineria bertan gordeta zegoen. Eraikin hori kofradia berria izango zela suposatu zuen, baina senideren bati galdetu beharko zion ziur egon nahi bazuen. Handik metro batzuetara, ordea, ukigabe eta dekadentzia isilean ziharduen iraganak. Portuko segurtasun langileen kabinak aspaldiko argazkietako check-point kutsua mantentzen zuen, segurtasun barrak eta guzti; haren ondotik igarotzean, langilea ordenagailuko pantailan bakar-jokoan ari zela ohartu zen.

        Portuan aurrera egin ahala, eraikin batzuei hutsik egotearen itxura hartu zien. Une hartan itsasontzi gutxi egotearen ondorio izango zela pentsatu zuen, eta ikusi beharko zela zein planta hartzen zuen itsasontziz betetako egunetan. Langile batzuk atzeman zituen arrainez betetako kutxak lokal batera sartzen. Txoko horretan bildua zegoen portuko argitasun ia guztia, ohartzerako gau betea zen eta.

        Portuaren mutur handienaren puntaraino heldu eta bertan eseri zen, haizeak ur tanta gezak zekartzan arren. Auskalo noiztik ez zen itsasoari begira egoten. Faltan ere ez zuen gehiegi bota, egia esan; Ametsek ez zuen inoiz harekiko lotura berezirik sentitu, ez behintzat mendiarekikoa bezain bestekoa. Bazekien baserri auzoz osatutako herri batean hazteagatik zela, eta grazia egiten zion Ondarrutarrak haien kresalez eta bestez hizketan entzuteak. Kilometro gutxitan alda daitekeena!

        Noizbehinka, arrantza-ontzi ez oso handiak irteten edo sartzen ziren portuko ahotik, olatuen gorak eta beherak kulunkatuta. Gustura zegoen haien ibilbideari so, eskuak patriketan gordeta. Itsasora abiatzen ziren ontziak zetozenak baino argitsuagoak zirela ohartu zen. Ondoan Andoni edo Igone baleude, horren zergatia azalduko liokete.

        Baina Amets pozik zegoen pentsatuta ontzien joan-etorriak gureen antzekoak direla. Joandakoan beti izaten ditugula pausoak markatzeko gogo eta ausardia handiagoak, kanpoko munduan proiektatzeko argia agorrezina balitz bezala. Uzten ari garen lurrak gure joanaren berri izateak ez gaituela beldurtzen, edo are, geure ausentzia nabaritu dadin ere nahi genukeela, zeruertzean desagertuko den argi tantaren falta suma dezaten portuko ilunpean.

        Itzulera, ordea, maiz hobe da hanka-puntetan bezala egitea, isil-gordeka, tupust ez egiteko adinako argiarekin, ez besterik. Gehienetan ez dakigulako zer topatuko dugun utzitako tokian, edo inor gure zain egongo den lanerako eskularruak jantzita, maletak kutxen antzera etxera sartzeko prest. Isil-gordeka porturatuko ginateke, turrun hotsak delatatuko ez bagintu. Zein arrain mota da norbera?

        Ibilitako bidea atzera egiten hasi zen eta, martxa automatikoa sartua zuela, portuaren atzeko aldeko behatokiaz eta baranda herdoilduaz oroitu zen. Berehala topatu zuen harako sarbidea, Gurutze Gorriarena behar zuen eraikinaren ondoko aterpetik igarota. Denak bere horretan segitzen zuen: barandak, olatuek… Aldaketa bakarra Arta Puntan zegoen, gurutze erraldoia lurrera bota baitzuten urte batzuk lehenago. Igonek ederki ospatuko zuen, ziur.

        Lagunak kontatutako istorioaz oroitu zen. Azkenean, Igoneren aitaren ordez, Amets izan zen alde egin zuena. Hara bizitzaren gorabeherak zer diren.

        Furgonetaraino heldu zenerako aski hoztuta zegoen. Gainera zetorkionari begiratuta, pozik egoteko modukoa zela erabaki zuen. Goizak gurasoekin igaroko zituen, eta arratsaldeak lanean. Lanaldia bukatzean Andonirengana joango zen tragoa hartzera, eta hori ia eguneroko ohitura bihurtuko zuen. Ez zen plan txarra.