Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Bigarren susmoa

 

        Bezperako aztoramendua guztiz baretu gabe esnatu zen bere Berriatuko ohean. Azken egunotan pilatutako nekeak ohi baino beranduagora arte loarazi zion.

        Sukaldera abiatu zen, baina gurasoak jada kalera joanak ziren. Leihotik lorategia aztertu eta ez zuen amaren arrastorik topatu. Kortara igoko zen aitarekin.

        Mahai gainean madari gutxi batzuk eta txigortu gabeko ogi-xerrak zeuden. Bakarrik gosalduko zuenez, tarte hori gurasoekin zer egin eta nola jokatu pentsatzeko aprobetxatzea erabaki zuen. Koaderno txiki bat alboan zuela madarietako bat zuritzeari ekin zion, hainbesteko nagiaz ezen labana fruitu bigunean iltzatuta geratzen baitzitzaion. Memoria zaintzekotan, abiapuntu logikoenetako bat argazkiak zirela pentsatu zuen. Etxe hartan bazeuden aspaldiko argazkiz betetako albumak eta kutxak. Goiza horiek bilatzen eta txukuntzen pasa zezakeen, gurasoak etortzean haien inguruko hizketaldia sortu ahal izateko.

        Asmo horrekin igo zen etxeko ganbarara. Bere logelatik ateratako kutxak izkina batean pilatuta zeuden oraindik, altzari zaharrek eta edukiontzi beteegiek libre utzitako tarte batean. Horiek zabaltzen eta kuxkuxeatzen hasi zen lehenbizi, hautsez betetako beste txokoak gerorako utzita.

        Egurrezko kutxa txiki batean, zuri beltzezko zenbait argazki solte topatu zituen. Ama eta bere neba-arrebak agertzen ziren ia denetan. Ondarroako izeba ezagutu zuen berehala, bere irribarre betierekoarekin. Berezienak iruditu zitzaizkion biak kutxatik kanpo utzi zituen: familia osoa agertzen zen batean, eta ama haien aitona-amonekin bestean.

        Kartoizko kutxetan beste ezer topatuko ez zuela iruditu zitzaionean, hautsa pilatutako altzarien kaxoietan bilatzen hasi zen. Bat-batean, plastikozko edukiontzi batek arreta deitu zion, barrualdea adreilu formako koloretako objektuekin beteta zuela igartzen baitzen. Zabaltzean, begiratuki bildutako argazki-album potoloak topatu zituen. Bat ukitu eta, nahi gabe, hatz markak utzi zituen haren azal gaineko hauts geruza finean. Ukigabe zeuden, auskalo noiztik. Denak bere interesekoak izango zirela iritzita, edukiontzia bere horretan logelara jaistea erabaki zuen, bertan erosotasun handiagoz aztertu ahal izateko haietako bakoitza.

        Ohe gainean ortozik eseri zen eta, kutxari begira, zein albumekin hasi pentsatzeari ekin zion. Bat segituan egin zitzaion erakargarri: kanpoko aldea urdin iluna zuen, eta planeten marrazkiak zituen han-hemenka sakabanatuta. Ametsen txikitako argazkien albuma zen, lehen bere logelako apalean egon ohi zena. Hartu, zabaldu, eta orrialdeak banan-banan pasatu zituen, bakoitzean zeuden launa argazkiei tentuz erreparatuz.

        Haietako batean motelago pausatu zuen begirada: Igone eta biak agertzen ziren, ez ustezko Igone, gogoan zuen txikitako laguna baizik. Arraunean nola egiten zen irakatsi nahi izan zion egunean ateratakoa zen. Hamalau edo hamabost urte izango zituzten orduan. Igonek, nola ez, sekulako pasada eman zion.

        Ametsek betetzen zuen lehenengo planoa, eta Igone haren bizkarrera igota zegoen, eskuinaldean eta argazkitik kanpo egongo zen zerbaiti edo norbaiti begira. Kizkur luze bustiak mototsa altu batean bilduak zeramatzan. Arraun elkarteak txalupak errekaratzeko erabiltzen duen aldapan zeuden, eguzkiak bete-betean jo arren begiak irekirik mantentzeko ahaleginean. Ederki pasa zutela gogoan zuen, eta argazkia ederra iruditu zitzaion. Albumaren plastikozko banatzailetik atera eta mesanotxean utzi zuen.

        Atearen danbatekoak aterarazi zuen oroitzapenaren mundutik. Gurasoek oihu batean agurtu zuten. Ordulariari begiratu, eta ohartu gabe bazkalordua heldu zela ikusi zuen. Egurrezko kutxatik ateratako bi argazkiak hartu eta azkar batean joan zen gurasoengana.

        Bi argazkiok sukaldeko mahai gainean utzi zituen, gurasoek ikusi zitzaten berak bazkaria prestatu bitartean. Gelara sartzean hori izan zen komentatu zuten lehenbiziko gauza.

        —Hara. Ganbaran usmeatzen ibili zara?

        Baietz erantzun zuen, aspaldiko argazkien bila igoa zela bertara. Bi horiek bereziki politak iruditu zitzaizkiola aitortu zion amari, eta haien inguruan hitz egin ziezaiola eskatu. Hasieran isilik geratu zen, azken egunotan gehiegitan jarria zuen txundidura aurpegiarekin.

        Janaria plateretan zerbitzatu eta mahaiaren bueltan eseri ziren hiruak.

        —Orduan, argazki honetaz hitz egitea nahi duzu? …ados. Gure sendiaren argazkia da, orain dela hirurogei bat urte eginikoa ziurrenik. Hau behintzat ezagutuko zenuen, ala?

        Ondarroako izeba seinalatu zuen hatz erakuslearekin. Ametsek baiezko keinua egin zuen buruarekin. Amari hasperen sakon bat eskapatu zitzaion.

        —Ados. Ba izeba Kontxiren ondokoa, osaba Manolo da. Hau ni naiz, nire ileko urkila gustukoena jantzita. Urte luzez gorde nuen, harik eta…

        —Harik eta Igonek eta biok galdu genizun arte.

        Barre egin zuten biek batera.

        —Hala da, bai. Atzeko bi hauek, zaharrenak, aitona-amonak dira. Gazte-gazte agertzen dira hemen.

        —Zeuen etxea al zen hau?

        —Bai, noski. Hemen egondakoa zara, e? Beroki beltza daramana, badakizu nor den?

        Ezezko keinua egin zuen buruarekin.

        —Ba amonaren ahizpa da, Mercedes. Zeure jaunartzera etorri zen. Izkina honetan eserita dagoena, aldiz…

        Lanera joateko ordua heldu arte aritu ziren hemengoaz eta hangoaz tar-tarrean. Amak oroitzapenei espero baino hobeki heltzen zien oraindik ere, eta horrek pixka bat lasaitu zuen Amets. Gauzak bildu, furgonetako giltzak hartu eta kanpora abiatu zen. Bide onetik ari zenaren sentipenarekin heldu zen Ondarroako Parte Zaharrera.

        Aurreko egunetan baino nabarmen biziago sumatu zuen herria, jende andana baitzebilen batetik bestera, elkar agurtzen eta tragoak eskuetan. Asteburua heltzear zenaren seinaletzat har zitekeen halako giroa. Izebaren dendara sartu eta, berehala, liburuei zegokien giro isilak gain hartu zion kaleko burrunba eztiari.

        Denda sakonkiago aztertzeko aprobetxatu zituen lanaldiko lehenbiziko minutuak. Liburuak gaika sailkatuta zeuden: jada kuxkuxeatu zituen polizia-eleberriak eta genero beltzekoak, nobela erromantiko eta erotikoak, komedia, haurrentzako liburuak… Izkina batean, ordura arte ongi erreparatu gabeko atala zegoen: aldizkariena, hain zuzen ere. Mota guztietakoak zeuden: moda ardatz zutenak, etxe barruko dekorazioari eskainitakoak, kotxe eta motorren ingurukoak, herriko gazte talde batek autoekoiztutakoa… halako batean, bata bestearen gainean pilatuta, “estimulazio kognitiborako ariketak” izenburupeko liburuxka sorta ikusi zuen. Bizpahiru hartu eta mostradorera eraman zituen, patxada handiagoz aztertu ahal izateko. Minutu gutxi batzuen buruan aspertu, probatzearren ezer galduko ez zuela erabaki eta gurasoentzat hartu zituen.

        Ordularien orratzek azkar samar ibili zuten zortziak arteko tartea. Behin denda itxi eta Andonirengana joaten ari zela, era berean ezaguna eta ezezaguna zitzaion ahots batek geldiarazi zuen Amets kalean: Igone zen, bezperan ezagututako Igone.

        —Ei! Ez nauzu ikusi, ala? Nora zoaz hain azkar?

        Harrigarria iruditu zitzaion ordu batzuen buruan berarekiko hain jarrera ezberdina edukitzea. Gehiegi pentsatu gabe, lehengusuarengana trago bat hartzera joatekoa zela esan zion, baina berez libre zegoela eta, nahi izatekotan, paseo bat eman zezaketela herritik. Bere ustekaberako, Igonek baietz erantzun zion.

        Plaiako Zubia gurutzatu eta egun Arraun Elkartea eta Gaztetxea dauden tokirantz abiatu ziren, ibai ertzetik zihoan pasealekuari jarraiki. Izebak lan egindako kontserba fabrika bertan kokatua egon zen aspaldi, beste bi edo hiru fabrikarekin batera. Halako lan eskergaren toki izandakoa pasealeku bihurtu izanak bestelako alaitasuna ematen zion herriaren zati horri. Hala zioen berak, behintzat. Eserlekuz, zuhaixkez eta mural koloretsuz beteta zegoen, eta herrikide ugari zebilen paseo mantsoan, Igone eta Ametsen gisara. Eguzkiaren azken izpiek bete-betean jotzen zuten bertan, ibaiaren beste aldeko etxeei eta mendialdeari silueta lausotuak margotuz. Gaztetxetik gertu samar zeudenean, ukondoak barandan bermatu zituzten. Ibaia, eliza, eta Parte Zaharraren gune nagusia ikusten ziren handik.

        Bost neska gaztek bultzatutako batela pasa zen haien paretik, erritmoari oihu lehorren bidez eusten. Arraun gorrien mugimendu borobilei begira geratu ziren biak.

        —Faltan botatzen duzu?

        —E?

        Zalantza zintzoa sumatu zitekeen Igoneren ahotsean, ondokoa zertaz galdetzen ari zen benetan jakingo ez balu bezala. Eskuaz azkar urruntzen ari zen batela seinalatu zion berak. Igonek egoera ongi ulertu gabe jarraitzen zuen, eta zeharka begiratu zuen Amets bere bisigu begiekin.

        —Ea arrauna faltan botatzen duzun. Jada ez zara aritzen, ala?

        —A… ez, ez. Jada ez naiz aritzen. Buf...! Aspaldi utzi nuen...

        Erantzuteko astirik eman gabe berrekin zion paseoari. Ametsek Musika Plazan sortutako korapiloa gogortzen suma zezakeen sabelean, baina, alde egiteko gogoa izanda ere, jada pixka bat urrundutako neskaren ondora itzultzeko adorea bilatu zuen.

        —Eta Gaztetxean zer giro dago egun? Egona zara?

        —Ez. Etorri nintzenetik ez naiz hemendik askotan pasa. Baina giro ona dutela esango nuke.

        Metro eskas batzuk aguantatu zituen lasaitasun plantak egiten. Berehala, ordulariari begiratzeko keinua egin eta Andonirengana joan beharra zuela esan zion Igoneri, uste baino gehiago luzatu zirela eta.

        —Ados. Bide batez, Amets, Andoniren taldearen asteburuko kontzertura joatea erabaki genuen aurrekoan. Zeu ere etorriko zara, ezta?

        Begitarte serioarekin begiratu zuen. Ametsek baietz oihukatu zion, korrika aldentzen zen bitartean.

        Arnasestuka heldu zen Andoniren tabernaraino. Izaro ere bertan topatu zuen.

        —Zer duzu, korrikalari?

        Dena kontatzea erabaki zuen. Zirt-zart… eta dena bota. Andonik behar adinako konfiantza transmititzen zion, eta Izarok beste inork baino hobeki izango zuen Igone delakoaren nondik norakoen berri. Esan zien itxura fisikoak kezkatu zuela hasieran: ileak, sudurrak, begiek. Baina jarrera, begirada eta ahotsa ere bestelakoak zituela. Hori gutxi balitz bezala, gaur ez zuen arraunarekiko inolako loturarik erakutsi, ez Gaztetxearekin ere. Gaztetxearekin! Igonek! Nola da posible?!

        —Deliratzen ari zara.

        Ezetz berak. Pelikula biografikoetan bezala gertatzen ari zela: antzezleak Igoneren antza izan zezakeen detaileren batean, baina ez zen inondik inora benetako Igone. Inork jakitekotan, berak jakingo zuela hori, nerabezaro osoa elkarrekin pasa zuten eta. Gezur izugarri baten aurrean zeuden. Hura ez zen Igone.

        —Amets, beldurtzen ari nauzu. Ez Igoneren kontuagatik, zugatik baizik. Jota zaude ala?

        —Izaro, zuk jakingo duzu. Igoneren gurasoak herrian daude?

        Isilune txiki baten ostean erantzun zuen:

        —Ez. Ama Frantzian geratu zen, eta aitak, antza, biek alde egin zutela jakitean, bizitza beste nonbaiten berregitea erabaki zuen. Hori da herrian zabaldu zena, baina Igoneri ez diot inoiz zuzenean galdetu.

        —Ja. Gezurraz jabetuko ziren bi pertsona garrantzitsuenak, beraz, ez daude hemen. Bera bai, ordea. Ez nazazue sinistu nahi ez baduzue, baina hemen zerbaitek ez du koadratzen.

        —Amets, zer espero zenuen, hogeita hiru urte genitueneko pertsona berak topatzea? Ohartzen zara esaten ari zarenaz? Igone aldatu egin da, nola ez zen aldatuko ba! Urteak daramatzazu ihesean, eta besteoi ez diguzu alde egiten utzi nahi.

        Amets zeharo aztoratuta irten zen tabernatik, laguna eta lehengusua agurtu ere egin gabe. Musika Plazaren ondotik igaro zen, eta denari estudio baten dekoratuaren antza hartu zion. Plazaren parean, beti arropa eskegita zeukan eraikinaren fatxada kartoizkoa izan zitekeela bururatu zitzaion, eta hurrengo enbatarekin eroriko zela, etxearen barruko aldea agerian utzita. Auskalo zein sekretu aireztatuko ziren orduan.