Denboran atzera III
Amets gurasoekin haserretuta zegoen, ez ziotelako mendi-taldearen irteera batera joateko baimenik eman. Gaua kanpoan pasa behar zela -eta, oraindik horretarako gazteegia zela erabaki zuten. Igonek aldiz, aisa eskuratu zuen joateko baiezkoa, baita Ametsen beste hainbat ikaskidek ere. Haien gurasoak permisiboagoak ziren. Inbidia zien.
Amets gurasoekin haserretuta zegoenez, goizean ez zien hitzik zuzendu gosaldu bitartean. Eta klaserako busa hartzeko irten aurretik, amak egunero janzten zuen urkila hartzea erabaki zuen. Motxilaren poltsiko batean gorde zuen, mugimendu azkar eta aurpegi errudunez. Etxeko atea zeharkatu eta segituan, ordea, irribarre bihurri batek ihes egin zion. Ama irudikatu zuen gela batetik bestera joaten, etxea goitik behera nahasten urtaro aldaketetan nola, ditxosozko urkilaren bila. Ez zuen aurkituko.
Goiza ikastolaren ohiko errutinan igaro zuen Ametsek, harik eta Andonirekin batera sarrerako atea zeharkatu eta bazkaltzera joan ziren arte. Jangelako mahaia bildu eta, izebari baimena eskatuta, bazkalostean etxetik atera zen Igonerekin elkartzeko. Zubi Zaharrean batuko zirela adostu zuten eguerdian, klaseko azken txirrinak jo zuenean. Eta halaxe egin zuten.
Egun hartako abenturak Ondarroako eskailera eta aldapetan gora eraman zituen. Portalen sarguneetan ezkutatu ziren, pelikula amerikarretan detektibeek egiten zuten moduan. Pixkanaka, istorioaren bukaera hilerrian kokatu zuten. Herriaren goiko aldean zegoen, Antiguako elizaren ondoan, eta inguru osoa ikusi zitekeen handik.
Eliza zaintzen zuen emakumea, Bixenta, ondo-ondoan eraikitako etxe batean bizi zen. Haren etxearen, elizaren eta hilerriko atearen artean plaza txiki bat zabaltzen zen eta erdian, lurretik metro erdira altxatutako harrizko loreontzi batean, zuhaitz handi bat zegoen. Igone eta Amets haren inguruan korrika aritu ziren, neka-neka eginda esertzea erabaki zuten arte.
Ametsek amaren urkila erakutsi zion Igoneri.
—Ez didate mendira joaten utziko.
—Benetan? Ba, zu banintz, mendi irteeraren egunera arte ez nioke urkila itzuliko.
Igone beti izan zen Amets baino ausartagoa.
—Nik daukadala jakingo balu, begia aterako lidake.
—Ezkuta dezagun, beraz!
Eta, etengabe txoko batetik bestera zihoan begiradarekin, urkila ezkutatzeko moduko toki baten bila hasi zen Igone. Azkenean, plazaren erdiko zuhaitza hatzaz seinalatu eta bertan lurperatzea proposatu zion lagunari. Barre algara artean ekin zioten lurretan eskuekin zulotxo bat zabaltzeari. Urkila barruan sartu, eta zuloa estaltzen ari zirela ate baten hotsa aditu zuten.
Elizaren zaintza lanak egiten zituen emakumea bere etxetik irteten ari zen. Zuhaitzaren oinarria nahasten ibiltzeagatik errieta egingo zielakoan, aldapan behera herrirantz korrika hasi ziren Amets eta Igone. Atzera begiratzeko tarterik hartu gabe zihoazen, arnasestuka, adrenalinak eragindako barre txikiak erreprimitu nahian.
Ohartzerako, Amets bakarrik zegoen. Jauzi arinak emanez mantsotu zuen abiada, eta gorputza biratu zuen lagunaren bila. Metro batzuk atzerago zegoen, lurretik altxatu ezinda, eskuekin eskuineko orkatilari eusten ziola. Harengana heldu baino lehen ere, Ametsek bazekien bihurritu egin zuela. Bere bizkarretan hartu zuen Igone, eta hala abiatu ziren herriko kaleetan barrena, galtzada-harriekin estropezu ez egiteko ahaleginean.
—Berriatuan bageunde, Madalenako putzura eramango zintuzket!
Baina Ondarroan zeuden, eta Igoneren etxera joatea erabaki zuten. Behin laguna gurasoekin utzita, Ametsek ere etxeratzea erabaki zuen, Berriaturainoko busa hartuta. Iluntze hartan amak urkila ikusi ote zuenetz galdetu zion. Ametsek ezetz erantzun zuen; urteak pasako ziren egindakoa aitortuko zion arte.
Urkila ez zuten egundo berreskuratu, hasiera batean ahaztu zitzaielako eta, beranduago, alferrik izango zela pentsatu zutelako.
Baina hortxe behar zuen oraindik ere. Herdoildua, zikindua, hautsita akaso, baina hortxe.
Zuk ere ederki zenuen gogoan, ezta?