Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Azken kanta

 

        Andoniren taldea azken kanta jotzear zela atera zen lokaletik, lagunei bere ihesaldiaren abisurik eman gabe. Aretotik irten aurretik azken begirada bota zion oholtzari, eta Andoni berari so zegoela ohartu zen. Ahal bezain azkar alde egin zuen.

        Porturainoko eskailerak jaitsi eta pauso arinez ekin zion Antiguako elizarainoko bideari. Jada ez zebilen inor portuan. Gau beltza eta hezea zen, eta zerua itxi-itxia zegoen. Berokiaren kremailera kokotseraino igo zuen.

        Inguruko mendietatik behe-lainoa ur-jauzien antzera jaisten ari zen herrirantz. Lainoz osatutako erreka estuak sortzen ari ziren zuhaitzen artetik, eta mendiaren beste aldean ezkutatutako izaki erraldoiren baten hatz hezurtsuak ziruditen, hain zuten kolore zurixka… Ametsen bila zetozela zirudien; Berriatuko lurretatik bere bila. Herria lainopean geratu baino lehen hilerri ingurutik alde egin izana espero zuen, baina bazekien ez ziola denborarik emango.

        Pauso batzuk entzun zituen bizkarrean. Ez zen gelditu, baina pare bat metro buelta emanda ibili zituen, pausoen hotsa zeinek sortua ote zen ikusteko. Bere atzean ez zegoen inor.

        Ondarroako kale-katuren bati egotzi zizkion soinuok. Ez zuen bestelako hipotesietan pentsatzeko astirik.

        Musika plaza zeharkatu zuen, eskegitako arropaz betetako balkoiei ia erreparatu gabe. Euri zaparrada txikien eta gaueko iluntasunaren ondorioz, herriko etxe askoren fatxadek kartoi bustiaren kolorea hartua zuten. Parte Zaharreko kaleetan gora ari zela, berarengandik metro batzuetara norbaitek irrist egin izanaren soinua entzun zen. Oraingoan bai, gelditu eta buelta erdia eman zuen.

        Itzal bat sumatu zuen soslai, ezkerrerantz zihoan kale batera sartzen, baina gerora ez zen pausoen soinurik berriz aditu. Hara begira geratu zen une batez. Nor ote zen oihukatzea bururatu zitzaion, baina hain berandu ere ez zen, eta herriko edozein lagun egon zitekeen etxerako bidea egiten.

        Aurrera jarraitu zuen. Gutxi falta zitzaion herritik irten eta hilerriraino zeraman bide estuan sartzeko. Asfaltatutako bidexka zen hura, mendian murgildu ahala gorako aldapa ia atzemanezina zuena. Auto bat estu-estu sar zitekeen bertan. Egun argitan, ibaia eta Ondarroako auzo berrienak ongi ikusten ziren handik, baina gau hartan behe-lainoak bista oro eragozten zion, ordurako herria ia osorik hartua baitzuen.

        Hilerriaren atearen paretik igaro zen, Antiguako elizaren eta haren ondoko etxearen artean zabaltzen zen plazatxoraino heltzeko. Urteak ziren bertara igotzen ez zela. Gogoratu bezala zegoen dena. Aldaketa bakarra, plazaren erdiko zuhaitzaren tamaina zen; ederki handitu zen berak kanpoan emandako urteetan.

        Lurra bustirik zegoen. Errazago mugituko zuen hala, baina azkazal eta eskuaren toles guztietan itsatsita geratzen zitzaion ezinbestean. Bulegoko eraztuna jantzita zeraman eta, zikindu ez zedin, kendu eta harri batzuen gainean uztea erabaki zuen.

        Biluzik sentitu zen, Madrilekin lotzen zuen azken haria gupidagabeki moztu balu bezala; ez zegoen hatzok zilarraren arrastorik gabe ikustera ohituta. Orain Lea-Artibain zituen buru eta gorputz, baina gogoan zuen bertako mundua bere begien aurrean desegiten ari zen. Urkila derrigor topatu beharra zuen, biluztasun horretan ziurtasunik aurkitu nahi izatekotan.

        Ez zuen lurperatu zuten toki zehatza gogoratzen ordea. Sustraiak eta enborra hazi egin ziren ordutik, eta loreontzi erraldoiaren barruko lurra haiekin batera mugitu zela zirudien. Lan handia izango zuen urkila aurkitzen, baina, zegoen egoerara iritsita, lana bost axola Ametsi. Zoratuta bezala hasi zen lurra nahasten eta ateratzen.

        Orduan sumatu zuen. Elizaren eta etxearen arteko txoko estuan irudi bat agertu zen. Hasieran, errieta egiteko berresnatutako Bixenta zelakoan, begiak katu izutu baten antzera itxi zituen Ametsek, irudiaren ertzak definitzeko ahaleginean. Baina hura ez zen txikitan sustoa eman zien silueta bera. Ile lisoa dantzan zuen gaueko haize hotzarekin, bi hankak lurrean sendo jarrita. Argiak bizkarretik ematen zion, baina Ametsek bazekien berari begira zegoela. Haren begiak sumatzen zituen beragan iltzatuta, izerdi tanta batek bezain geldoki arakatzen bere azala.

        Segundoek minutuen traza hartu zuten. Hotzikara bat sumatu zuen bizkarrezurrean gora, beste behin, eta oilo-ipurdia jarri zitzaion gorputz osoan. Ehizatua izango den animaliaren antza zuen, eskuak lurrean sartuta, makurtuta, bere harrapakariari so. Haizea uluka zebilen hosto eta hilarrien artean. Alde egiteko zioela zirudien.

        Silueta beltzak hanka bat aurreratu zuen Ametsengana. Mugimendua sumatu orduko, bere gorputzak maldan behera abiatzea erabaki zuen. Portuan entzundako pauso hots bera aditu zuen, azkarragoa oraingoan, atzetik segika. Ametsek ziztu bizian jarraitu zuen, pentsatu gabe, oraindik ere buruaren alde banatan zituen kabestruek agindutako norabidean, korrika. Bihotzaren taupadak belarrian suma zitzakeen. Izerdi hotza eta bero itogarria zituen aldi berean.

        Asfaltatutako bidea, musika plaza, kartoi bustiaren koloreko etxeak, Alameda, izebarekin kafea hartu zuen tokia, behin bandera bat zintzilik azaldu zen kableatua, Zubi Zaharra, izebaren liburu-denda eta lokal hutsak atzean utzi zituen, ibaia zeharkatu eta Ertzaintzaren egoitzaren ondoan aparkatutako furgonetara heldu zen arte. Zabaldu eta barruan eseri zen, argirik piztu gabe, ilunetan. Arnasestuka ari zen, inoiz baino zarata eta itolarri handiagoz. Kotxe barruan geldirik geratu zen, zain, silueta oraindik ere atzetik ote zuen ikusteko. Bere arrastorik ez zen inon ageri.

        Mozkorraren eta nekearen arteko zeozer zeukan gorputzean. Bien batura izango zen, agian. Edonola ere, burua arin sumatzen zuen, gidatzeko arinegi. Baina etxera heltzea besterik ez zuen nahi. Furgonetaren giltzari eragin zion. Argiak piztu, eta ahal bezain azkar egin zuen Berriaturako bidea.

        Begiak minduta sartu zen etxera. Eztanda egiteko zorian zegoen. Bere logelarantz abiatu zenean, amarekin topo egin zuen; pijama jantzia zeraman, lo aurpegi galanta zuen eta ohetik komunera joateko altxatua zela zirudien. Bitan pentsatu gabe hasi zen Amets sabeleko korapiloa ahotik askatzen:

        —Ama, izugarria irudituko zaizu, baina, Igone, txikitako Igone, Ondarroakoa, badakizu, ezta? Ile kizkurra, eta, bueno, kontua da egun hauetan berarekin batu naizela, baina ez da bera, benetan, ama, Andoniri esan diot, baina berak ez du ulertzen, eta…

        Negar zotinek esaldiak mozten zizkioten, eta arnasa hartzea ahazten zitzaiola zirudien. Ama harridura aurpegiz zegoen berari so, begiak zabal-zabal eginda, bekainak eroriak eta ahoa erdi irekita. Azkenaldian gehiegitan zuzendu zion aurpegierarekin.

        —Eta, zera, gaur, Andoniren kontzertuan zegoen, eta, ama, zin degizut ez dela bera, ez zen zure urkilaz oroitzen, eta urkila bilatzera joan naiz baina, beldurra sentitu dut, ama…

        Amak besarkatu egin zuen. Amets baino txikiagoa zen altueraz, eta burua negar zotinei eusten zebilen bularraldean hondoratu zuen. Amets mutu geratu zen. Itzuli zenetik besarkatzen zuen lehenengo aldia zen hura.

        —Bihar hitz egingo dugu, ados? Berandu da orain. Nekatuta zaude eta lo egin behar zenuke. Esne beroa hartu eta joan lotara.

        Komunera sartu zen beste ezer gehitu gabe. Ametsek ez zuen esnerik nahi eta logelara joatea beste erremediorik ez zuela pentsatu zuen.

        Logelara sartu orduko, negar isilean lehertu zen. Burua eskuekin heldu zuen, eta postura horri eutsi zion denbora luzez, harik eta nekeak gorputzaren dardara ere eten zuen arte. Hortzak estutzen ari zela ohartu zen orduan. Ohean etzan eta giharrak erlaxatzen ahalegindu zen.

        Ziur zegoen Antiguan azaldutakoa Igone zela. Eta ziur zekien hura ez zela Igone, zalantza izpirik ere ez zuen. Praketan gordetako argazkia atera eta apenas begiratu gabe mesanotxean utzi zuen. Lo seko geratu zen berehala.